Bainan hondartz, harkaitz eta elurretan zehar luzaz ibili ondoren azkenean errepide bat aurkitu zuela gertatu zen. Eta errepide guziak gizonengana doaz...
- Egun on, esan zuen.
Arrosa lorategi loratsu bat zen.
- Egun on, esan zuten larrosek.
Printze txikiak begiratu zien. Denek bere lorearen antza ba zuten.
- Nor zarete zuek? galdetu zien
arras larriturik.
- Gu larrosak gara, larrosek
esan zuten.
- Ah! esan zuen printze txikiak.
Oso triste sentitu zen. Bere loreak, unibertsoan bere motako bakarra zela kondatu zion. Eta hona hemen lorategi bakar batetan bost mila ba direla denak elkarren irudi!
"Zeharo gaitzituko litzateke, hau ikusiko balu, esan zuen bere baitan. Estula gogorki eta hil zorian dagoelakoa egingo luke, irrigarriegi ez izatearren. Eta hura zaintzen dudan alegia egin beharko nuke, bestenaz ni ere umiltzeko, bere bizia joaten egiazki utziko bait luke..."
Gero esan zuen baita ere: "Lore
bakar bat nuela aberatsa nintzela uste nuen, eta arrosa arrunt bat besterik
ez daukat. Hori eta belauneraino iristen zaizkidan sumendiak eta gainera
haietariko bat beharbada itzalia betiko. Horrek ez du oso printze handia
egiten..." Eta belarrean etzanik negar egin zuen.
