Printze txikiak mendi handi baten
igoera egin zuen. Belauneraino iristen zitzaizkion hiru sumendiak ziren,
ordu arte ezagutu izan zituen mendi bakarrak. Eta sumendi itzalia, alki
bezala erabiltzen zuen.
"Honen bezalako mendi handi batetik, bat batean planeta guzia eta gizon guztiak batera ikusiko ditut..." Bainan haitz orratzak ongi zorrozturik baino ez zuen ezer ikusi.
- Egun on! esan zuen, bada ezpaba
- Egun on ! egun on! egun on!
erantzun zuen oihartzunak.
- Nor zara zu? Printze txikiak
esan zuen.
- Nor zara zu? nor zara zu? nor
zara zu? erantzun zuen oihartzunak.
- Izan zaitezte nere lagun, bakarrik
nago, esan zuen.
- Bakarrik nago! bakarrik nago!
bakarrik nago! erantzun zuen oihartzunak.
"Hau planeta bitxia! pentsatu
zuen orduan. Guztiz idor, guztiz zorrotz eta zeharo gazi gazia da. Eta
gizonek ez daukate irudimenik. Esaten zaiena berresaten dute... Ba nuen
lore bat ene etxean: beti lehena mintzatzen zen..."