XVII
 

Norbaitekin ongi geratu nahi delarik, batzutan gezurttoaren bat esaten dugu. Argiontzi piztaileetaz zuei hitzegiterakoan ez naiz oso zintzo izan. Gure planeta ezagutzen ez dutenei ideia oker edo irudi faltsu bat ematen arriskatzen naiz. Munduan oso leku guti betetzen dute gizonek. Munduan bizi diren bi bilioi biztanleak hertsi hertsirik zutik geratuko balira, mitin batetan bezala, hogoi milatako luzera eta hogoi milatako zabalerako plaza publiko batetan errezki sartuko lirateke. Pazifiko itsasoko irlatxo txikienean ere gizateria osoa sartu ahalko litzateke.

Jakina, pertsona nagusiek ez dizuete sinistuko. Haiek toki anitz daukatela uste dute. Baobak bezain garrantzitsu ikusten dute beren burua. Beraz kalkulua egin dezaten aholkua emango diezue zuek. Beren numeroak maite dituzte biziki: hori gustatuko zaie bai. Bainan zuek ez duzue hortan denborarik galdu behar. Hori alferrikakoa da. Niri egingo didazue konfiatza zuek.

Guziz harritua izan zen printze txikia behin lurraren gainean zegoela, inor ez ikusteaz. Planetaz tronpatu zela beldur zen iadanik, ondarrean ilargi kolorezko erastun bat mugitu zenean.
Printze txikia eta sugea

- Gau on, esan zuen printze txikiak badaezpadan.

- Gau on, esan zuen sugeak.

- Zein planetan eroria naiz ni? galdetu egin zuen printze txikiak.

- Munduan... Afrikan, erantzun zuen sugeak.

- Ah, Munduan ez dago inor beraz?

- Hemen basamortua da. Basamortuetan ez dago inor. Mundua handia da, esan zuen sugeak.

Harri baten gainean eseri zen eta begiak zerurantz altxatu zituen printze txikiak:

- Nik jakin nahi nuke izarrak argituak diren ala ez bakotxak egun batez berea berriz aurkitu ahal izateko. Begira nere planeta; geure gainean bertan dago... Baina ze urrun den!

- Ederra da, esan zuen sugeak, zu zertara zatoz hona?

- Lore batekin problemak ba ditut, printze txikiak esan zuen.

- Ah! egin zuen sugeak.

Eta biak ixildu egin ziren.

- Eta gizonak non dira? Esan zuen azkenean printze txikiak. Bakarrik samar gaude basamortu honetan...

- Pertsonen etxeetan ere bakardadean gaude, esan zuen sugeak.

Luzaz begiratu zion printze txikiak sugeari:

- Zu abere bitxia zara, hatzamar bat bezain argala... Esan zuen azkenean printze txikiak.

- Bainan ni erregeren hatzamarra baino ahaltsuago naiz, sugeak esan zuen. Printze txikiak irri egin zuen.

- Zu ez zara oso ahaltsu... ankarik ere ez duzu, bidaiarik ere ezin egin dezakezu.

- Itsasontzi batek baino urrunago eraman zaitzaket nik, sugeak esan zuen.

Urrezko eskuturreko bat bezala printze txikiaren orkatilan biribilkatu zen. Sugeak esan zuen ere:

- Sortu den lurrera itzularazten dut, neuk hunkitzen dudana. Bainan zu zintzo, garbia zara eta izar batetik zatoz.

Ez zuen deus erantzun printze txikiak.

- Granitozko lur honetan, hain ahul zaren hori, urrikaltzen zaitut. Zure planetako minak baldin bazaude nik egun batez lagun zaitzaket, nik...

- Bai! Oso ondo ulertzen dut, bainan zergatik hitz egiten duzu beti misterioz, igarkizunka.

- Nik denak argitzen ditut, esan zuen sugeak.

Eta biak ixildu ziren.
 
 

XVI - SARRERA - XVIII