Txit apartekoa zen bostgarren planeta. Denetarik tikiena zen. Gau argi edo farola bat eta gau-argi piztaile batentzako doi doia zegoen lekurik. Hor nonbait zeruan, etxerik gabeko, jenderik gabeko planeta batean, gau-argi piztaile batek zertarako balio lezakeen ez zekien oso ondo explikatzen printze txikiak. Hala ere esan zuen bere baitan:
"Gizon hau burugabekoa izatea ba daiteke; hala ere, bai errege, haundiustea, tratalaria eta edalea, hau baino burugabegoak dira. Bere lanak ba du zentzua behintzat. Bere farola pizten duenean, izar bat gehiago edo lore bat sortaraziko balitu bezala da. Aldiz, bere gau argia itzaltzen duenean lorea edo izarra loarazten ditu. Oso lan polita da hori. Polita delako egiazki baliagarri da".

Planetara iritsi zenean errespetu handiz agurtu zuen piztalea:
- Egun on, zergatik itzali duzu
zure gau argia?
- Horixe da agindua, erantzun
zuen piztaileak. Egun on.
- Eta zein da agindua?
- Nere gau argiaren itzaltzea
da. Gau on.
Eta berpiztu zuen.
- Bainan zergatik piztu berri
duzu orain?
- Agindua horixe da, piztaileak
erantzun zion.
- Nik ez dut piperrik ulertzen,
esan zuen printze txikiak.
- Ez dago ezer ulertzerik, piztaileak
esan zuen. Agindua, agindua da. Egun on!
Eta farola itzali zuen.
Ondoren sudurzapi karratu gorridun batez bekokia lehortu zuen.
- Lanbide izugarria egiten dut
nik hemen. Lehen zentzuduna zen lana. Goizean itzaltzen eta gauean pizten
nuen. Egunaren beste, lo egiteko...
- Eta harrez gero agindua aldatu
al da?
- Ez, agindua ez da aldatu, hortan
datza arazo larria! Urtetik urtera planeta gero eta arinago hasi da itzulikatzen
eta ez da aldatu agindua!
- Eta orduan zer? Printze txikiak
esan zion.
- Orduan minutoko itzuli bat
egiten du planetak orain eta ez dut atseden une gehiagorik, ez eta segundu
bat ere. Minutuko behin pizten eta itzaltzen dut nik!
- Hori barregarri gero! Zure
planetan egunak minutu bat irauten du!
- Ez, ez da batere irringarri,
esan zuen piztaileak. Dela iadanik hilabete bat elkarrekin hitz egiten
dugula.
- Hilabete bat?
- Bai, hogoita hamar minutu,
hogoita hamar egun! Gau on.
Eta bere gau argia berpiztu zuen.
Aginduekin hain zuzen eta zintzoa zen piztaile honi begiratu zion printze txikiak gogo onez. Bere aulkia mugituz, hainbeste aldiz ikusi zuen eguzkiaren sartzeaz oroitu zen. Bere adixkidea lagundu nahiz, esan zuen:
- Ba dakizu, nik ezagutzen dut
era bat, nahi duzunean deskantsua har dezazun.
- Jakin nahi nuke, esan zuen
piztaileak.
Zeren eta zintzo eta alfer batera izan bait daiteke. Printze txikiak segitu zuen.
- Hain txikia da zure planeta
itzulia hiru urratsez egiten duzula. Orduan beti eguzkitan gelditzeko
nahiko astiro ibili besterik ez duzu behar. Eta atseden egitea nahiko duzunean,
ibiliko zara... eta horrela egunak zuk nahi adina iraunduko du.
- Horrek ez dit gauza handirik
ekarriko, esan zuen piztaileak. Bizi honetan niri gustatzen zaidana lo
egitea da.
- Ez duzu zoririk, esan zuen
printze txikiak.
- Ez, ez dut zoririk, esan zuen
piztaileak. Egun on.
Eta bere gau argia itzali zuen.
Urrunago, bere bidaia segitzen zuen bitartean esan zuen printze txikiak berekiko: "hau berau, beste guziek gutietsiko lukete; erregek, handiusteak, edaleak, tratalariak... denek. Hala ere, irringarri ez den bakarra dela iruditzen zait. Agian, bere buruaz besterik ez baita okupatzen izango da".
Urriki hasperen bat izan zuen eta esan zuen ere:
"Ene adixkide izan zitekeen bakarra zen hau berau. Bainan bere planeta benetan tikiegi da. Ez dago tokirik birentzat..."
Ba zen gauza bat printze txikia aitortzera ausartzen zena. Planeta bedeinkatu honen uztea benetan sentitzen zuela, zeragatik...: batez ere hogoita lau ordutan ikus zitezkeen, mila eta lauehun eta berrogoi eguzki sartzeengatik!