Laugarren planetan negozio-gizon bat bizi zen. Hain lanpetua zen gizon hura, ez zuela burua altxatu ere printze txikia etorri zenean.

- Egun on, esan zion printze txikiak. Zure zigarroa itzalita dago.
- Hiru gehi bi berdin bost. Bost gehi zazpi hamabi. Hamabi gehi hiru berdin hamabost. Egun on. Hamabost gehi zazpi hogoita bi. Hogoita bi. Hogoita bi gehi sei berdin hogoita zortzi. Ez dut zigarroa berpizteko denborarik. Hogoita sei gehi bost berdin hogoita hamaika. Huf! Bostehun ta bat milioi seiehun hogoita bi mila zazpiehun eta hogoita hamaika egiten du horrek orduan.
- Bostehun milioi zer?
-He! Oraindik al zaude hemen? Bostehun milioi zerak... ez dakit, ahaztu zait, hainbeste lan ba dudan! Ni ez naiz gero zozokerietan ari, ni seriosa naiz. Bi gehi bost, zazpi...
- Bainan bostehun miloi zer? Printze txikiak galdera bat egiten zuenean ez zuen sekulan amore ematen erantzuna izan arte.
Dirudunak burua altxatu zuen.
- Dela berrogoita lau urte planeta honetantxe nagoela eta hiru aldiz bakarrik molestatu naute. Lehendabiziko aldia dela hogoita bi urte jaungoikoak daki nondik erori zen erletzar bat izan zen. Zarata izugarria egiten zuen, eta lau huts egin nuen gehiketa batetan. Bigarren aldia dela hamaika urte, katarro latz bat izan zen. Kirola falta dut. Nik ez dut astirik alferretan ibiltzeko. Ni neu seriosa naiz. Eta hona hemen hirugarren aldia! Zera nioen nik orduan: bostehun milioi eta...
- Milioi zer?
Bake esperantzarik guti zegoela ulertu zuen tratalariak:
- Zeruan batzutan ikusten diren
gauza tiki horietako milioiak.
- Euliak?
- Ezetz ba, distiratzen diren
gauza tikiak.
- Erleak ote?
- Ezetz! Alferrei ametsak egin
arazten dizkieten urrezko gauza tikiak. Ni neu seriosa naiz! Ez dut astirik
ametsetan egoteko.
- Ah! Izarrak!
- Horixe da bai, izarrak.
- Eta bostehun milioi izarretaz
zer egiten duzu zuk?
- Bostehun milioi, seiehun hogoita
bi mila zazpiehun hogoita hamaika. Ni seriosa naiz, zehatza.
- Eta izar horietaz zer egiten
duzu?
- Zer egiten dudan?
- Bai.
- Ezer ez. Neuk edukitzen ditut.
- Izarrak edukitzen al dituzu?
- Bai.
- Bainan jadanik ikusi dut errege
bat...
- Erregeek ez dute edukitzen.
Haiek "erreinatzen dute" norbaitetaz. Oso diferente da.
- Eta izarren edukitzeak zertarako
balio dizu?
- Aberatsa izateko balio dit.
- Eta aberatsa izateak zertarako
balio dizu?
- Beste izar batzu erosteko,
norbaitek aurkitzen baldin baditu.
"Honek pixkat mozkortiak bezala
arrazoinatzen du", dio printze txikiak berekiko.
Hala ere oraindik galderak egin
zituen:
- Izarrak nola arraio eduki daitezke?
- Norenak dira ba? Tratalariak
haserre erantzun zuen.
- Ez dakit ba. Inorenak ere ez.
- Orduan nereak dira. Ni izan
bait naiz hortaz pentsatu duen lehena.
- Nahikoa al da?
- Jakina. Inorena ez den diamante
bat aurkitzen duzularik zeurea da. Inorena ez den ugarte bat aurkitzen
duzunean hura zurea da. Ideia bat zurea denean, patente egiten duzu: hura
zurea da. Eta ez bait du inork nik baino lehen hortaz pentsatu, neuk dauzkat
izarrak.
- Egia da, esan zuen printze
txikiak, eta haiekin zer egiten duzu?
- Administratzen ditut. Nik kontatzen
eta berkontatzen ditut behin eta berriz, esan zuen tratalariak. Zaila da
bainan ni gizon seriosa naiz!
Ez zen ase betea oraindik printze
txikia.
- Nik baldin badaukat bufanda bat, ene lepoaren inguruan ipin eta eraman dezaket. Lore bat baldin badaukat neuk har eta eraman dezaket, baina zuk ezin ditzakezu izarrak har!
- Ez, bainan bankoan ezar ditzaket.
- Zer esan nahi du horrek?
- Nere izarren kopurua paper txiki batetan idazten dudala esan nahi du horrek. Eta gero paper hori kaxoi batetan giltzaz hesten dut.
- Eta hori dena al da?
- Nahikoa da!
"Irringarria da", pentsatu zuen printze txikiak. "Barregarria eta poetiko samarra da. Bainan ez da oso seriosa".
Oso diferenteak, gauza seriosetaz printze txikiak eta pertsona nagusiek zituzten ideak.
Printze txikiak esan zuen:
- Egunero urestatzen dudan lore bat ba daukat nik. Astero garbitzen ditudan hiru sumendi ba dauzkat ere. Zeren itzalia den sumendia nik garbitzen bait dut ere, zer gerta ere. Ene sumendientzat eta nere lorearentzat oso baliagarri da nik beraiek eduki ditzadan. Bainan zu zeure izarrentzat ez zara baliagarri!
Tratalariak, ahoa zabalik, ez zuen ezer aurkitu erantzuteko eta printze txikia joan egin zen.
"Guztiz harrigarriak dira benetan
pertsona nagusiak" esan zion sinpleki bere buruari bidaiak irauten zuen
artean.