X
 

325, 326, 327, 328, 329 eta 330 asteroideen eskualdean aurkitzen zen. Guzi hauek bisitatzen hasi zen, zeregin bat bilatzeko eta zerbait ikasteko.

Lehenean errege bat bizi zen. Oso trono sinple baina handios batetan purpuraz eta katazuriz jantzirik eserita zegoen.
Erregea
 
- "Horra hor menpeko bat", aldarrikatu zuen erregek printze txikia nabaritu zuenean.

Bere buruari galdetu zion printze txikiak:

- "Nola arraio ezagut nazake ez banau sekulan ikusi?

Printze txikiak ez zekien, erregeentzat mundua oso sinplifikatua zenik. Gizon guziak menpeko dira haientzat.

- Hurbil hadi hobeto ikus haitzadan, esan zion erregek azkenik, norbaitentzat errege izateaz guziz harro zegoela.

Printze txikia non eseri behar zuen bilatzen hasi zen bere begiez. Bainan planeta osoa erregeren katazuri kapa bikainaz hartua zegoen. Beraz zutik gelditu zen eta nekatuta zegoenez aharrausika hasi zen.

Erregek esan zion:

- Erregeren aurrean aharrausi egitea protokolo kontrakoa duk. Hori egitea debekatzen diat.

- Bainan ezin naiteke kontrola, erantzun zion printze txikiak guziz nahasirik. Oso bidaia luzea egin dut eta ez dut lorik egin...

-Orduan aharrausi egitea agintzen diat, esan zion erregek. Urte asko dela, ez dudala inor aharrausika ikusi. Aharrausiak bitxikeriak dituk neretzat. Ea bada aharrausi egin ezak. Nik agindua.

- Horren egiteak lotsatzen nau, ezin dut gehiagorik egin... esan zuen printze txikiak gorri gorri eginda.

- Hum! Hum! -erantzun zuen erregek. - Orduan zera agintzen diat... tarteka aharrausika eta tarteka...

Ahoa apur bat murruzkatu zuen erregek. Ba zirudien iraindua zegoela.

Bere aginpide osoa betea edo errespetatuta izan zedin nahi zuen erregek. Ez zuen desobedientziarik onartzen. Errege bakar eta osoa zen. Bainan bihotz onekoa zenez agindu zuhurrak ematen zituen.

Eskuarki zioen honoko hau: "General bati itsas txoria bilaka dadin aginduko banio eta harek obedituko ez balu, ez litzateke generalaren hobena, nerea baizik".

- Eseri al naiteke? Herabez galdetu zion printze txikiak.

- Eseri hadin agintzen diat, erantzun zion erregek bere katazuri kaparen alde luzea handikiro erakartzen zuela..

Harriturik zegoen printze txikia. Guziz xume eta nimiñoa zen planeta. Noren edo zeren errege izan zitekeen?

- Majestate... parka iezadazu nik galdetzen badizut...

- Hik niri galde diezadaan agintzen diat! -esan zuen erregek berehala.

- Maiestate... Noren edo zeren errege zara?

- Denen errege, guzien errege, erantzun zion sinplezia handiz.

- Denen errege?

Bere planeta, beste planetak eta izarrak erakutsi zizkion, keinu apal batez.

- Guzi honena?.

- Bai guzi honena...

Ez bait zen soilki errege bakar eta osoa, errege unibertsala baizik.

- Eta izarrek, betetzen ahal dituzte zure aginduak?

- Beharko! Berehala gainera. Nik ez diat desobedientziarik onartzen.

Hainbesteko botereak liluratu zuen printze txikia. Beste horrenbeste berak izan balu, ez berrogoi-ta lau aldiz, hirurogoi-ta hamabi baizik, edo baita ere ehun aldiz, edo berrehun eguzkisartze ikusi zukeen egun berean, alkia sekulan mugitu gabe! Bere planeta txiki eta utziaz oroitzean pixkat goibel zegoenez, erregeri grazia bat eskatzera ausartu zen.

- Eguzki sartze bat ikusi nahi nuke... Mesedez... Egin iezadazu mesede hori... Agindu ezazu eguzkia sar dadin...

- General bati aginduko banio, lore batetik beste lore batera tximeleta bezala hegan egin dezan... edo tragedia bat idatz dezan... edo itsas txoria bilaka dadin... eta generalak ez balu ene agindua beteko beteko, norena litzatekek errua, harena ala nerea?

- Zurea, esan zion printze txikiak zalantzarik gabe.

- Horixe duk, norberak egin dezakena exijitu behar duk norberarengandik, esan zuen erregek. Autoritatea, nagusigoa, arrazoinean datza jakina. Hik heure herriari bere burua itsasora bota dezan agintzen baldin badiok, iraultza eginen dik. Ene aginduak zentzudun direlako, niri obedientzia eskatzeko eskubidea zeukat.

- Eta ene eguzkiaren sartze hori...? Oroitarazi zuen printze txikiak, ez bait zuen sekulan iadanik egindako galderarik ahazten.

- Eukiko duk, bai, hire eguzki sartzea. Nik exijituko diat. Bainan, ene gobernamenduren jakituriaz, baldintzak aldekoak izan arte itxarongo diat.

- Eta hori noiz izango da? Printze txikiak jakin nahirik.
Egutegi lodi bat ikertzen zegoela, erantzun zion erregek:

- Ejem, ejem, gutxi gora behera izanen da... iluntze hau zazpiak eta berrogoi minututan inguru izanen duk! Eta zer ongi obeditua naizen ikusiko duk!

Aharrausika egin zuen printze txikiak, eta huts egindako eguzki sartzeagatik urriki zen. Eta gainera, zegoeneko, aspertzen hasia zen pixkat.

Esan zion erregeri:

- Nik ez daukat zer eginik hemen; ni ba noa.

- Ez! Geldi hadi hor! Gera hadi! Ministro egingo haut. Errege oso harro zegoen, menpeko bat ba zuen eta.

- Zeren ministroa?

- Zerarena... Justizia ministroa!

- Bainan hemen ez da inor epaiteko!

- Hori ezin jakin daitekek, esan zion erregek. Ene erresumaren itzulia ez diat oraindik egin. Ni oso zaharra nauk, karroza edukitzeko ere ez zeukat lekurik, eta ibiliz nekatzen nauk oso.

- Bainan, iadanik begiratua dut, berriro bera zegoen lekutik begirada bat eman zion planetaren beste aldeari. Han ere ez dago inor...

- Hik epaituko diok heure buruari orduan, erregek erantzun zion. Hori gauzarik zailena duk. Bestea epaitzea baino askozaz zailago duk norberak bere burua epaitzea. Heure burua ongi epaitzen baldin baduk jakintsu eta zuhur haizen seinale duk.

- Nik, printze txikiak esan zuen, neure burua nonnahi epai dezaket. Hemen bizi beharrik ez daukat horren egiteko.

- Hem! hem! egin zuen erregek, nik uste diat ene planetan arratoi zahar bat ba dagoela nonbait. Gauez entzuten diat. Arratoi zahar hori epaitu ahalko duk hik. Eta noizean behin, tarteka, hiltzera zigortuko duk. Horrela bere bizia hire justiziaren menpean izanen duk. Baina ekonomia egiteko, hik barkatuko duk aldi oro. Bat besterik ez zegok eta!

- Niri, erantzun zuen printze txikiak, ez zait hiltzera zigortzea batere gustatzen, eta ba noala uste dut.

- Ez, esan zuen erregek.

Halaere bere prestaketak bukaturik Printze txikiak ez zuen errege zaharra gehiago tristetu nahi:

- Zure Maiestate hori zintzoki obeditua izan dadin nahi baleza, agindu arrazoingarri bat eman liezadake. Esate baterako, agindu liezadake minutu bat baino lehen joateko; eta baldintzak ene aldeko direla iruditzen zait...

Erregek ez bait zuen deus erantzun, lehenik zalantzan egon bazen ere, hasperen bat eginez joaten hasi zen.

- Ene anbasadorea egiten haut! Aldarrikatu zuen erregek presaka.

Nagusitasun handiko iduria zeukan erregek.

"Guztiz arraro dira pertsona nagusiak", zioen bere baitan printze txikiak bere bidaian.

 

IX  - SARRERA - XI