Printze txikiaren sekretua, arkumeari esker beti bezala, bostgarren egunean ikasi nuen. Ixiltasunean luzaz pentsatutako problema baten fruitua bezala, ezer esan gabe galdetu zidan bat batean:
- Arkumeak zuhaixkak jaten baldin
baditu loreak ere bai, ez da?
- Aurkitzen duen guzia jaten
du arkumeak.
- Arantzadun loreak baita ere?
- Bai, baita horietxek ere.
- Zertarako balio dute arantzeek
orduan?
Nik ez nekien hori. Ene motorreko gogorregi sartuta zegoen dranbala bat destorloiatzen oso arduratua nengoen orduan. Oso kezkati nengoen nere motorreko aberiak aski grabe zirudielako. Txarrenean hasi nintzen pentsatzen, edateko ura amaitzen ari zen eta.
- Zertarako balio dute arantzeek?
Printze txikiak galdera bat eginez gero huraxe erantzun arte ez zuen amore emaiten. Ni nahiko haserre nengoen neure dranbalarekin eta edozer erantzun nion:
- Arantzeek ez dute ezertarako
balio! Loreen gaiztakeria besterik ez dira horiek!
- Oh!
Bainan ixilgune bat egin ondoren gorrotoz esan bezala zidan:
- Ez dizut sinesten, loreak ahul eta gizarajoak dira. Ahal duten bezala euren burua defenditzen dute. Eta arantzeak dituztelako beldurgarriak direla uste dute...
Nik ez nuen ezer erantzun. Une hartantxe neure buruari esan nion: "Dranbala honek onez ez badu atera nahi, mailu golpe batez aterako dut gero!" Berriz neure pentsamenduak trabatu zizkidan printze txikiak:
- Eta zuk... uste al duzu loreak...?
- Ezetz! nik ez dut ezer uste.
Zernahi esan dizut! Guziz lanpetua nago, gauza seriosetan ari naiz!
Harriturik begiratu ninduen.
- Bai zera! Gauza seriosetan!
Mailu eskuan nuela eta atzak koipez beterik eta bere ustez tresna itsusi bati begira makurturik nengoela, neri so zegoen printze txikia.
- Pertsona nagusiek bezala hitz egiten duzu!
Haren esanak lotsatu ninduen pixka bat. Eta urrikirik gabe esan zuen:
- Dena okertzen duzu! Dena nahasten duzu!
Egiazki biziki haserre zegoen. Bere urrezko ileak haizean mugitzen zituen:
- Nik ezagutzen dudan planeta batetan jaun gorri-gorri bat bizi da. Ez du egundaino lorerik usaindu. Ez du inoiz izarrik begiratu. Ez du sekulan inor maitatu. Ez du inoiz batuketak besterik egin. Eta zuk diozun bezala beti esaten du egun guzian: "Ni gizon seriosa naiz! Gizon seriosa naiz!". Eta horrexek harrokeriaz betetzen du. Bainan hori ez da gizona Ziza da hori!
- Zer den?
- Ziza!
Haserrez zurbil zegoen printze
txikia oraingoan.
- Dela milioika urte loreek arrantzeak sortzen dituztela. Milioika urte ere arkumeek loreak jaten dituztela. Eta ezertarako balio ez duten arantzeak zergatik hainbeste saiatzen diren sortzen jakin nahi izaitea, ez al da gauza seriosa? Arkumeen eta loreen arteko borrokak ez ote du garrantzirik? Jaun lodi eta gorri-gorri baten batuketak baino seriosago eta garantzitsuago ez al da hori? Eta horrela, goiz batez ohartu gabe, arkume txiki batek kolpe bakar batez apur dezakeen lore bat, ene planetan beste inon ez dagoen lore bakar bat nik ezagutzen baldin badut, zer? Horrek ere ez ote du garrantzirik?
Sutan zegoela, esan zuen:
-Milioi eta milioi izarren artean beste inon ere ez dagoen lore ale bakarra norbaitek maite baldin badu, izarrei begira egotea nahikoa zaio zoriontsu izateko. Honela dio bere baitan: "Ene lorea hor dago nonbait..." Bainan arkumeak lorea jaten baldin badu, izar guziak bat batean itzaliko balira bezala litzateke harentzat. Eta hori ez ote da garrantzitsua!
Ezin izan zuen gehiagorik esan. Negar zotinka hasi zen. Ilundu zen. Gau zen. Alde batera utzi nituen nere tresnak. Dena berdin zitzaidan niri momentu hartan, mailua, dranbala, egarria eta heriotza bera ere. Izar batean, planeta batean, nerean, neure munduan ba zegoen kontsolatzeko printze txiki bat! Ene besoetan hartu eta hura seaskatuz esan nion: "Maite duzun lorea ez dago arriskuan... Zure arkumearentzat muturreko bat marraztuko dut...Zure lorearentzat estalki bat marraztuko dut... Zera egingo dut..." Nik ez nekien zer esan. Ez nintzen nirekiko gustora sentitzen. Ez bait nintzen haren sentimentuen muinaz jabetu... Hain misteriozko den malkoen mundua!