VI
 
Eguzkiaren sartzea
Ai printze txikia! Horrela zure bizitza tristea poliki poliki ulertu nuen.

Ez zenuen beste gozabiderik eguzkiaren sartzeen goxotasuna besterik. Gauza berri hau laugarren eguneko goizean jakin nuen zuk zera esan zenidanean:

- Eguzkiaren sartzeak gustatzen zaizkit... goazen batto ikustera...

- Bainan itxaron behar dugu...

- Itxaron zer...?

- Eguzkia sartzeko ordua itxaron behar dugu.

Lehenik harriturik gelditu zinen, geroxeago zeure buruaz irri egiteko. Eta zera esan zenidan:

- Uste nuen neure etxean nengoela!

Hain zuzen, Estatu Batuetan eguerdi denean, eguzkia, denek dakitenez, izkutatzen da Franzian. Minutu batetan Franziara joan ahal izatea nahi genuke, eguzkiaren sartzea ikusteko. Zoritxarrez Franzia urrutiegi dago. Bainan zeure planeta txikian aski zenuke zure alkia urrats batzuz mugiaraztea, ilunabarra nahi hainbat aldiz ikusteko.

- Egun batez berrogoi-ta hiru aldiz ikusi nuen eguzkia sartzen.

Geroxeago zera eransten zenuen.

- Ba al dakizu...? oso tristerik eta goibel gaudenean eguzkiaren oheratzeak maitatzen ditugu...

- Berrogoi-ta hiru aldiz eguzkiaren sartzea ikusi zenuenean hain triste al zeunden zu?

Bainan printze txikiak ez zidan erantzun.

V - SARRERA - VII