Haren planetaz, bai haren bidaiaz zerbait ikasten nuen egunero-egunero. Gogoetak nola ziren, halaxe zetorkidan dena emeki-emeki. Hirugarren egunean baoben zorigaitza ezagutu nuen.
Oraingoan ere arkumeari esker izan zen, printze txikiak zalantzak jota bezala galde egin bait zidan bat batean:
- Egia al da, arkumeek zuhaixkak
jaten dituztela?
- Bai, egia da.
- Ah! pozik nago.
Arkumeek zuhaixkak jatea ala ez jatea zergatik hain garrantzitsu zen ez nuen ulertu. Printze txikiak esan zuen:
- Orduan... baobak ere jaten al
dituzte?.
Baobak ez zirela zuhaixkak, elizak
bezain zuhaitz haundiak baizik explikatu nion printzettoari eta elefante
talde batek ere, ezin lezakeela baoba oso bat jan egin...
Elefante taldearen ideiaz irri egin zuen printze txikiak:
- Baobak ere txikiak dira hazi baino lehen...
- Horixe bai! Bainan zure arkumeek baoba txikiak jan ditzaten zergatik nahi duzu?
Dena nabari balitz bezala erantzun zidan: "Bistan da!" Kemen haundi bat egin behar izan nuen neronek arazoa ulertzeko.
Normala denez, planeta guzietan bezala, belar onik eta belar txarrik ba zegoen printze txikiaren planetan. Beraz bada, ba zeuden belar onen hazi onak eta belar txarren hazi txarrak. Bainan ikustezinak dira haziak. Lurraren barnean lo egiten dute, haietariko bati erne egin behar duela bururatu arte... Lehenik emeki luzatzen da, eguzkiaren bila joanez ardaxka zoragarri txiki bat ateratzeko. Harbi kimu edo arrosa kimu baldin bada, berak nahi bezala hazten utz daiteke, baina landare txarrik baldin bada, erne bezain laster erauzi behar da. Bainan printze txikiaren planetan ba zen hazi izugarririk.-
... Baoba haziak hain zuzen ere. Planetaren zolua baoba haziz bete beterik zegoen. Baoba, hasieratik erauzi behar da, bestela beranduegi izan daiteke. Planeta guzia trabatzen du. Bere erroek dena induskatzen dute. Eta planeta tikiegi baldin bada edo ta baobak gehiegi baldin badira, planeta leherrerazten dute beraiek.
"Disziplina pixkat behar zela -esan zidan printze txikiak: goizean norberaren garbiketa bukatu ondoren planetarena egin behar da arreta haundiz. Baoba eta arrosa landareak elkarren antzekoak dira gazte direlarik. Horregatik biak ongi bereizten ahalegindu behar da baobak erauzterakoan. Oso lan aspergarria baina oso erreza".
Behin, ene eskualdeko haurren buruetan hori ongi sarrarazteko, marrazki eder bat egiten saiatu behar nintzela aholku eman zidan: "Baliagarri izango zaie egun batez bidaia bat egiten baldin badute. Batzutan ez da problema bat lana beranduagorako uztea baina baobak baldin badira, zorigaitz handia da beti. Nik ezagutu dudan planeta batean bizi zen alfer batek hiru zuhaixka ahantzi zituen eta..."
Printze txikiak esan bezala planeta hau marraztu nuen. Ez zait niri moralista izaitea gehiegi gustatzen. Bainan baoben arriskuak hain ezezagun direnez eta asteroide batetan galduko litzatekeen norbaitentzat galbide posibleak hain handi direnez, behingoz salbuespen bat egitea erabaki nuen. Nik esan nuen: "Haurrak! Kontuz baobekin gero!" Asko eta luzaz landu dut marrazki hau. Batez ere aspaldidanik ene lagunek eta neronek ere hain ezezagun genuen baoben arriskuaz ohartarazteko. Ikasgaia baliagarri gertatu zen. Behar bada, zera galdegingo zeniokete zeuen buruari: zergatik ez dago liburu honetan baoben marrazkia bezain marrazki politarik, handiosorik? Erantzuna oso erraza da: ni saiatu, saiatu naiz bainan alferrik, ez zait posible izan.
Baobena beharrezkoa zela pentsatuz, marraztu nuen.
