Nik jakin, ba nekien, Lurra, Jupiter,
Marte, Artizar eta horrelako planeta izenadun ezezik teleskopioz ere nekez
ikus zitekeen beste ehundaka planeta txiki ba zela.
Astronomoaren batek haietako
bat aurkitzen duelarik, "izen" gisa numero bat ematen dio. "3251 asteroidea"
deitzen dio adibidez.
Printze tipiaren planeta 612 B asteroidea zela esateko arrazoinak ba ditut nik. Astronomo turko batek 1909garren urtean teleskopioz ikusi zuen behin bakarrik asteroide hau.
Nazioarteko Astronomia biltzar batetan astronomo turkoak bere aurkikundearen berri eman zuen ezagutzera. Bainan nehork ez zion sinistu, bere jantziak bitxi bitxiak zirelako. Nolakoak dira, pertsona nagusiak!
Eskerrak, 612 B asteroidearen
onerako. Turkiako diktadore batek hil zigorpean behartu zituela turkiarrak
Europako erara jantzi zitezen. 1920 garren urtean gure astronomoak Europan
bezala jantzirik berraurkeztu zuen bere teoria. Denek sinistu zioten orduan.
B 612 asteroidearen zehaztasun guzi hauek, eta haren numeroa ere eman badizkizuet, pertsona nagusiengatik da. Pertsona nagusiek numeroak maite dituzte biziki. Lagun berri batez hitz egiten badiezue, ez dizuete beharrezko diren kalitatez galderarik egingo. Ez dizuete inoiz honelako galderarik egingo: nolakoa da bere abotsaren soinua? Zer joko mota maite du? Ximeleta bildumarik egiten al du? Bai zera! hauxe galdegingo dizuete: "Zer adin du? Zenbat anai-arreba du? Zer pisu du? Haren aitak zenbat irabazten du?" Orduan bakarrik uste dute ezagutzen dutela zure adixkidea... Are eta gehiago, baldin eta nagusiei esaten badiezue: "Biziki etxe ederra ikusi dut, dena ladrilu gorriz, lehiotan lore politekin, eta teilatuan uso ugari..." etxe hau ezin dezakete asma nolakoa den nagusiek; zera esan behar zaie uler dezaten: "Ehun mila liberako etxea ikusi dut". "Hori bai etxe ederra!", esango dizuete pertsona nagusiek orduan.
Hildo beretik, zera esaten badiezue: "Printze tipia bizi izan zenaren froga haundia hauxe duzue: lilluragarri zela, irri egiten zuela, eta arkume bat nahi zuela; zeren arkume bat izan nahi delarik horixe da bizitzen denaren frogarik haundiena". Bainan, haurtzat hartuko zaituzte, sorbaldak jasotzen dituztela. Bainan 612 B asteroide deritzan planetatik zetorrela esaten badiezue, orduan bai sinetsiko dute eta baketan utziko zaituzte, gehiago galdegin gabe.
Guk ez ditugu pertsona nagusiak begi gaiztoz ikusi behar, horrela dira eta... pertsona nagusiekin oso barkaerrezak izan behar dugu haurrok.
Guk, bizia zer den dakigunok, ez diegu garrantzi haundirik emaiten numeroei noski!
Ipuin fabulak hasten diren gisan hasi nahi nukeen nik historia hau; zera esan nahi nukeen:
"Behin batean... bera baino doi doia haundiago zen planeta batetan bizi zen printze batek adixkide baten beharra zuen".
Historia horrela hasi izan balitz, askoz egia handiagotzat hartu zutekeen, bizia zer den ulertzen dutenek.
Nik ez dut ene liburu hau azaletik irakurria izan dadin nahi. Hain da haundia ene atsekabea oroitzapen hauek kondatzearren.
Dela iadanik sei urte nere adixkidea joan zela bere arkumearekin. Ene adixkidea ez ahazteko bere deskribapena egiten saiatzen ari naiz. Adixkide bat ahaztea oso gauza triste da eta. Denek ez dute lagunik izan. Gainera pertsona nagusien antzekoa bilaka naiteke ni (numero besterik ez zaie interesatzen). Horrexegatik kolorezko kutxa bat eta lapitzak erosi ditut. Nere adineko batentzat oso gogorra da marrazten berriz hastea. Batez ere boa itxia eta boa irekiaren egin ahalez besterik sekulan egin ez dudanean... Ahalik eta erretraturik zuzenenak egiten saiatuko naiz noski. Bainan ez naiz batere segur lortuko dudan. Nik egindako marrazki batek ez dauka aurrekoarekin antzik. Printzearen tankeraz ere huts egiten dut batzutan. Hemen printze tipia haundiegi ba da, non hor tipiegi den! Bere jantziaren koloreaz zalantzatan nago ere. Ahal eta hobekien egiten saiatzen naiz hala ere.
Azkenik, zehaztasun garrantzitsuago batzuez oker ibiliko naiz. Baina hori parkatu beharko didazue. Nere adixkideak ez zuen inoiz explikaziorik ematen. Bere irudiko nintzela uste zuen harek. Bainan nik zoritxarrez ez dakit kutxaren zeharretara arkumerik ikusten. Pertsona nagusien antzeko naiz beharbada. Zahartu naizela uste dut.