III
 
 

Printze txikiaDenbora luzea behar izan nuen, nondik zetorren ulertzeko. Galdera anitz egin ohi zidan Printze tipiak baina ez zirudien nireak aditzen zituenik. Kasualitatez esandako hitz bakar batzuk dira, bai, pixkanaka pixkanaka den-dena ezagutarazi zidatenak. Nire abioia lehendabiziko aldiz somatu zuenean (ez dut nere abioiaren marrazkia egingo, nere ustez zailegia da eta) galdegin zidan:

- Zer arraio da gauza hori?

- Ez da gauza bat. Hegaz egiten du; abioi bat da. Nere abioia.

Harro harro nintzen ni, hegaz egiten nuela esan nionean.

Harek ohiukatu zuen orduan:

- Nola? Zeru gainetik erori zara ala?

- Bai, esan nion humilki

- Ah! Bitxi da hori...

Eta printze tipiak egin zuen parrak ez ninduen batere poztu. Nere zorigaitzak serioski hartuak izan daitezen nahi  nuke nik.

- Beraz, zu ere zerutik zatoz! Zein planetatakoa zara zu?

Bere izatearen misterio beltzean berehala distira bat somatu nuen, eta bat-batean galde egin nion:

- Beste planetaren batetik zatoz zu beraz?

Ez zidan erantzun. Nere abioiari ongi begiratuz, burua mugitzen zuen eztiki:

- Egia da, horren gainean ez zaitezkela biziki urrutitik etor.

Eta denbora luzez iraun zuten ametsetan murgildu zen.

Gero, nere arkumea sakelatik atera zuen eta bere altxorrari begira gelditu zen.

Errexki pentsa dezakezue "beste planetataz" esan erdi horrek zenbat kezkatzen ninduen. Ahaleginak egiten nituen gehiago jakiteko:

- Nondik zatoz zu gizontto hori? Non duzu etxea? Nora nahi duzu eraman nere arkumea? Gogoeta itxila egin eta, erantzun zidan:

- Zuk eman didazun kutxaren onena zera da: gauez etxe gisa baliatuko duela.

- Jakina, eta gisakoa baldin bazara, egunez lot dezazun lokarri bat ere emango dizut. Eta tantoi bat.

Ene proposamena ez zitzaion oso ondo iruditu printze tipiari:

- Hura lotzea, ez da pentsatu ere!

- Bainan lotzen ez baduzu noranahi joango da eta bertan galdu egingo da...

Eta nere lagunak berriz parre egin zuen:

- Bainan nora nahi duzu joan dadin?

- Edonora, zuzen eta artez, beti aurrera.

Printze tipiak orduan serioski esan zuen:

- Ez hortaz axolarik, hain da txikia neure etxea!

Eta tristuraz edo, gaineratu zuen:

-Aurrera zuzen eta artez ezin daiteke oso urruti joan...

II - SARRERA - IV