II
 

Horrela, bakar bakarrik bizi nintzen, inorekin ere benetako harremanik eduki gabe, orain dela sei urte Saharako basamortuan aberia bat izan arte. Zerbait hautsia zen ene motorrean. Nik ez bait nuen ez mekanikorik, ez pasajerorik, ni neu bakar bakarrik erreparazio zail bat konpontzen saiatu nintzen. Hil ala biziko arazoa zen neretzat. Ba nuen edateko urik zortzi egunetarako, ez besterik.

Lehendabiziko gauean, ondarraren gainean lokartu nintzen mundu ezagunetik mila kilometrotara. Itsasoaren erdian naufrago bat baino bakartiago nintzen ni! Pentsa ezazue orduan zer nolako ustekabea egunsentian abots arraro eta txiki batek iratzarri ninduenean! Zera ziostan:

- Marraz iezadazu arkume bat mesedez!

- Zer!

- Marraz iezadazu arkume bat...
Printze txikia

Bat batean tximistak joa bezala zutitu nintzen. Nere begiak igurtzi eta ongi begiratu nuen. Eta arreta haundiz neri begira zegoen gizontto aparteko bat ikusi nuen. Horra hor geroxeago lortu nuen bere erretraturik onena. Hala ere, esan beharrik ez, ene marrazkia modeloa baino itsusiago zen noski.

Ez da nere errua ez. Ene marrazkilari karrera, pertsona nagusien kulpaz utzi nuen sei urte nuelarik eta boa irekiak eta boa itxiak izan ezik ez nuen besterik marrazten ikasi. Harriduraz begiak borobil nituela begiratu nintzaion. Ez ahantz, edozein bizitokitatik mila milatara aurkitzen nintzela! Hala ere, ene gizonttoak ez zirudien biziki galdurik zegoenik, ez eta nekaduraz, gozez, egarriz, ez eta beldurrez hilik ere. Harek ez zeukan ezertan ere, edozein bizitokitatik mila milatara basamortuaren erdian haur galdu baten itxurarik.

Azkenean galdetu nion:

- Bainan zer habil hemen?

Orduan emeki oso gauza seriosa bailitzan berresan zidan:

- Marraz iezadazu arkume bat... arren!...

Misterioa harrigarriegi denean ez gara ezetz esatera ausartzen. Nahiz eta burugabekeria galanta iruditu, edonongo bizilekutatik mila milatara hiltzeko arriskutan egonik, hala ere, nere poltsikotik paper orri bat eta arkatza atera nituen. Orduan, geografia, historia, kalkuloa eta gramatika ikasi nituela batez ere gogoratu nintzen eta (umore txar apur batez) esan nion gizonttoari marrazten ez nekiela nik.

Zera erantzun zidan:

- Berdin zait, marraz iezadazu arkume bat.

Arkumerik sekulan marraztu ez nuenez, nik ezagutzen nituen bi marrazkietarik bat berregin nuen harentzat, boa itxiarena hain xuxen.

Harriturik geratu nintzen gizonttoak esan zidana entzutean:

- Ez! Ez! Nik ez dut boaren barnean elefanterik nahi. Boa sugea guziz arriskutsua da eta elefantea aldiz handiegi da. Nire etxean dena zeharo ttikia da. Arkume bat behar dut nik. Marraz iezadazu arkume bat.

Arkume 1
Egin, egin nuen orduan.
 
Arreta haundiz begiratu zuen gizonttoak. Eta gero:

- Ez. Arkume hori gaixorik dago iadanik. Egin ezazu beste bat.

Arkume 2

Halaxe egin nuen. Ene lagunak irrifarrez baina borondate onez zera esan zidan:

- Hori ez da arkumea hori aharia da...Adarrak ba ditu. Ikusten duzu ez?...

Orduan berregin nuen neure marrazkia.

Bainan aurrekoa bezala, ez zen onartua izan:

Arkume 3

- Zaharregi da hori, luzaz biziko den arkumea nahi dut nik.
 

Nere motorra desmontatzeko presaka nengoenez, pazientzia ia galdurik, honoko hau zirrimarratu nion:

Arkume 4

-Hor duzu kutxa. Zuk nahi duzun arkumea barnean dago.

Erabat harriturik geratu nintzen nere epaile gaztearen aurpegia argitu egin zelarik:

- Hauxe da nik nahi nuena hauxe! Arkume honek belar asko beharko duela uste al duzu?

- Zergatik bada?

- Ze... nere etxea guziz ttikia da eta...

- Nahikoa izango da seguraski. Arkume guziz txiki bat egin dizut.

Burua marrazkira makurtu zuen:

- Ez da hain txikia ere... Horra! Loak hartu du.

Eta horrelaxe Printze Tipia ezagutu egin nuen.

I - SARRERA - III