
1. JARDUERA: Fibonacciren segida
Europara zenbaki hamartarrak ekarri arren, Fibonacci ezaguna da bere zenbaki-segidagatik.
a) Zein da Fibonacciren segida? Idatzi segida horren lehenengo hamar gaiak.
b) Zein proportziotan daude Fibonacciren segidaren gai kontsekutibo bi? Esaterako, seigarrena eta zazpigarrena (zatitu handia txikienarekin).
Eta bederatzi eta hamargarrena?
Eta hamabi eta hamaikagarrena?
Fibonacciren zenbaki-segidarekin nola lortu ahal duzu urrezko zenbakia?
c) Lehenengo lau gaiak batuta, eta "1" gehituta, 8 ematen du:
1 + 1 + 2 + 3 = 7 ---- "1" gehituta ----> 8 (segida beraren seigarrena)
Batu lehenengo bost gaiak eta "1" gehitu. Zer ematen du? Zenbatgarrena da?
Bide beretik, zein lortuko zenuke lehenengo sei gaiak batuta eta "1" gehituta?
Beti funtzionatzen al du?
d) Alde batetik, batu Fibonacciren lehenengo hamar gaiak. Bestetik, biderkatu zazpigarrena hamaikarekin. Zer gertatzen da?
Asmatu Fibonacciren moduko zenbaki-segida bat. Horretarako:
1) Hasi bi zenbaki berdin idazten (ez daitezela izan bateko bi).
2) Batu azken biak hurrengoa ateratzeko.
Egiazta ezazu, hemen ere, lehenengo hamar gaien batura, eta zazpigarrena bider hamaika, bat datozela.