Espainiako Konstituzioa
JUAN CARLOS
I.a ESPAINIAKO ERREGEK, AURREKO HAU IKUSTEN ETA ENTZUTEN DUTEN GUZTIEI
JAKIN
EZAZUE: GORTEEK ONETSI DUTELA ETA HERRIAK BERRETSI DUELA KONSTITUZIO HAU
Nazio
espainiarrak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri nahian eta bera
osatzen dutenen onura sustatu nahian, bere subiranotasuna erabiliz, jakinarazten
du bere borondatea:
Bizikidetasun demokratikoa
bermatzeko, Konstituzio eta legeen barruan, ekonomia eta gizarte ordenaren
arabera.
Zuzenbide
Estatua finkatzeko, legearen nagusitasuna segurtatzen duena, herriaren
borondatearen adierazgarritzat harturik.
Espainiar
eta Espainiako herri guztiak babesteko, giza eskubideak, bakoitzaren kultura
eta usadioak, hizkuntzak eta erakundeak gauzatzerakoan.
Kultura eta
ekonomiaren aurrerapena sustatzeko, guztiei bizitzaren kalitate duina
segurtatzeko.
Gizarte
demokratiko aurreratua ezartzeko; eta
Lurreko
herri guztien arteko harreman baketsuak eta lankidetza eraginkorrak sendotzen
laguntzeko.
Ondorioz,
Gorteek onartzen dute eta herri espainiarrak berresten du hurrengo
KONSTITUZIOA
1.
artikulua
1.- Espainia
Zuzenbide Estatu sozial eta demokratiko moduan eratzen da eta askatasuna,
justizia, berdintasuna eta politika aniztasuna defendatzen ditu, bere
zuzenbide-antolamenduaren balio nagusitzat harturik.
2.- Nazio
subiranotasuna herri espainiarrak du, eta berarengandik datoz Estatuaren
aginteak.
3.- Estatu
espainiarraren politika era parlamentu monarkia da.
2.
artikulua
Konstituzioa
Nazio espainiarraren banaezineko batasunean oinarritzen da, espainiar guztien
aberri erkide eta zatiezina eta Espainia osatzen duten nazionalitate eta
eskualdeen autonomiarako eskubidea eta euren guztien arteko elkartasuna onartu
eta bermatzen ditu.
3.
artikulua
1.-
Gaztelania da Estatuko hizkuntza ofizial espainiarra. Espainiarrek oro bera
ezagutzeko betebeharra eta bera erabiltzeko eskubidea dute.
2.-
Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango dira dagozkien autonomia
erkidegoetan, horien estatutuen arabera.
3.-
Espainiako hizkuntza ezberdinen aberastasuna kultura ondarea da eta horrek
begirune eta babes bereziak izango ditu.
4.
artikulua
1.-
Espainiako bandera hiru lerro horizontalez, gorri, hori eta gorriz, osatzen da,
horiak gorri bakoitzaren zabalera bikuna izango du.
2.-
Estatutuek autonomia erkidegoenak beraienak diren banderak eta entseinak onar
litzakete. Horiek, Espainiako banderarekin batera, horien herri eraikinetan eta
horien egintza ofizialetan erabiliko dira.
5.
artikulua
Estatuko
hiriburua Madril hiria da.
6.
artikulua
Alderdi politikoek
politika aniztasuna adierazten dute, herri borondatea osatzen eta gauzatzen
laguntzen dute eta politikan parte hartzeko oinarrizko bitartekoak dira. Horien
sorrera eta jarduera libre dira, Konstituzioaren eta Legearen errespetupean.
Horien barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute.
7.
artikulua
Langileen
sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek euren interes ekonomiko eta sozialen
babes eta sustapenean lagunduko dute. Horien sorrera eta jarduera libre dira
Konstituzioaren eta Legearen errespetupean. Horien barne-egiturak eta
jardunbideak demokratikoak izan beharko dute.
8.
artikulua
1.- Lurreko,
itsasoko eta aireko armadez osaturiko Indar Armatuen zereginak Espainiako
subiranotasuna eta independentzia bermatzea eta horren lurralde osotasuna zein
konstituzio-antolamendua defendatzea dira.
2.- Lege
organiko batek arautuko ditu armadaren egituraketaren oinarriak, Konstituzio
honen printzipioen arabera.
9.
artikulua
1.-
Konstituzioak eta gainerako zuzenbide-antolamenduak hiritarrak eta
herri-aginteak lotzen dituzte.
2.-
Herri-aginteei dagozkie gizabanakoaren eta horrek osatzen dituen taldeen
berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen bideak sustatzea;
berdintasun osoa eragozten edo zailtzen duten oztopoak baztertzea; eta hiritar
guztien parte-hartzea politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan
erraztea.
3.-
Konstituzioak bermatzen ditu legezkotasun printzipioa, arau-hierarkia, arauen
publikotasuna, gizabanakoen eskubideen aldeko ez diren edo murriztaileak diren xedapen
zehatzaileen atzeraeraginezintasuna,
zuzenbide-segurtasuna, herri aginteen erantzukizuna eta bidegabekeriaren
debekua.
Oinarrizko eskubide eta betebeharrez
10.
artikulua
1.-
Gizakiaren duintasuna, berari datxezkion eskubide zapalezinak,
nortasunaren garapen askea, legearekiko eta gainerakoen eskubideekiko
begirunea, politika ordenaren eta gizarte bakearen oinarri dira.
2.- Konstituzioak onartzen dituen
oinarrizko eskubide eta askatasunei buruzko arauak Giza Eskubideen Adierazpen
Unibertsalaren eta Espainiak berretsi dituen nazioarteko itun eta hitzarmenen
arabera interpretatuko dira.
LEHENENGO KAPITULUA Aurkibidea
Espainiar eta atzerritarrez
11.
artikulua
1.- Nazionalitate
espainiarra legean xedatzen den eran lortu, gorde eta galtzen da.
2.- Jatorriz
espainiar denari ezin ken dakioke bere nazionalitatea.
3.- Estatuak
nazionalitate bikoitzari buruzko itunak hitzar ditzake Iberoameriketako
herrialdeekin edo Espainiarekin lotura berezia duten edo izan duten
herrialdeekin. Herrialde horietan espainiarrak bertakotu daitezke sorterriko
nazionalitatea galdu gabe, nahiz eta hango hiritarrentzat eskubide hori ez egon
onartuta.
12.
artikulua
Espainiarrak
18 urterekin adindunak dira.
13.
artikulua
1.-
Atzerritarrek Espainian Titulu honetan bermatzen diren herri-askatasunak izango
dituzte, itunetan eta legean ezartzen diren moduetan.
2.-
Espainiarrak baino ez dira 23 artikuluan onarturiko eskubideen titularrak, elkarrekikotasun-irizpidepean,
udal-hauteskundeetan bozkatzeko eta bozkatua izateko eskubideari buruz itun edo
legean kontrakoa adierazten denean izan ezik.
3.-
Estradizioa itun edo lege bat betetzeko baino ez da emango,
elkarrekikotasun-printzipioari jarraituz. Delitu politikoak estradiziotik kanpo
geratzen dira, terrorismo-ekintzak aintzat hartu gabe.
4.- Legeak ezarriko ditu bideak gainerako
herrialdeetako hiritarrek eta aberrigabeek Espainian asilo eskubidea izan
dezaten.
Eskubideak eta askatasunak
14.
artikulua
Espainiarrak
legearen aurrean berdinak dira eta ezin du iraun jaiotza, arraza, sexu,
erlijio, adierazpen edo gainerako edozein baldintza edo inguruabar pertsonal
edo sozialgatik dagoen bereizkeriarik.
LEHENENGO SAILA.-
Oinarrizko eskubide eta herri-askatasunez Aurkibidea
15.
artikulua
Guztiek dute
bizitzarako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, eta inor ezin da
inoiz tortura eta zigor edo tratu ez gizatiar edo apalesgarrien azpian jarri.
Gerra garaietarako zigor lege militarretan xeda daitekeenetik kanpo,
heriotza-zigorra indargabeturik geratzen da.
16.
artikulua
1.-
Gizabanakoen eta erkidegoen ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasunak bermatzen
dira, muga bakarra izanik adierazteko orduan, legean babesten den herri-ordena
mantentzeko behar dena.
2.- Inor
ezin da bere ideologia, erlijio edo sinesmena adierazten behartua izan.
3.-
Sinesbide bat ere ez da Estatuarena izango. Herri-aginteek Espainiako
gizartearen erlijio-sinesmenak kontuan hartuko dituzte eta Eliza katoliko eta
gainerako sinesbideekin dagozkien lankidetza-harremanak izango dituzte.
17.
artikulua
1.-
Pertsonak oro askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea du. Inor ezin gera
daiteke askatasunik gabe, artikulu honetan ezarritakoaren arabera ez bada, eta
legean aurreikusitako kasu eta moduetan.
2.-
Aurreneurrizko atxiloketa ezin izango da egintzak argitzeko egin behar den
ikerketetarako ezinbestekoa den denbora baino gehiago luzatu eta, edonola ere,
gehienez hirurogei eta hamabi ordutan, atxilotua aske edo epaileren esku utzi
behar da.
3.-
Atxilotua izan den pertsona orok berehala eta berak ulertzeko moduan, bere
eskubideak eta bere atxiloketaren arrazoiak jakin behar ditu, eta ezin da inor
deklaratzen behartu. Atxilotuari, poliziaren eta epaileren aurreko eginbidetan,
abokatuaren laguntza bermatzen zaio, legean xedatutakoaren arabera.
4.- Habeas corpus prozedura legeak arautuko du,
berehala epaileren esku jartzeko legez kanpo atxilotua izan den edonor. Era
berean, legean behin-behineko espetxealdiaren gehienezko epea finkatuko da.
18.
artikulua
1.-
Ohorerako eskubidea, bakoitzaren eta familiaren barrukotasunerakoa eta
norberaren irudirakoa bermatzen dira.
2.-
Bizilekua bortxaezina da. Bere titularraren baimenik
gabe edo epaileren ebazpenik gabe ezin da bertan sartu edo bera arakatu, delitu
nabariren kasuan izan ezik.
3.-
Komunikazioen sekretua bermatzen da eta bereziki, posta, telegrafo eta
telefonozkoa, epaileren ebazpena dagoenean izan ezik.
4.- Legeak
informatikaren erabilera mugatuko du, hiritarren ohorea eta bakoitzaren eta
senitartekoen barrukotasuna eta horienak diren eskubideen erabilera osoa
bermatzeko.
19.
artikulua
Espainiarrek
euren bizilekua nahierara aukeratzeko eskubidea dute eta lurralde nazionaletik
ibiltzekoa ere.
Era berean,
legean ezartzen diren moduetan, Espainian sartzeko eta Espainiatik irteteko
eskubidea dute. Eskubide hori ezin muga daiteke arrazoi politiko edo
ideologikoengatik.
20.
artikulua
1.- Honako eskubide
hauek onartu eta babesten dira:
a)
Pentsamendu, ideia eta iritziak, ahoz, idatziz edo beste era batera askatasunez
adierazteko eta hedatzeko eskubidea.
b) Emaitza
eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako eskubidea.
c)
Katedra-askatasuna.
d) Egiazko
informazioa edozein hedabidetatik emateko edo jasotzeko eskubidea. Legeak
arautuko ditu kontzientzia-klausula eta lanbide-sekreturako eskubideak,
askatasun horien erabileran.
2.- Eskubide
horien gauzatzea ezin murritz lezake edozein eratako aldez aurreko zentsurak.
3.- Legeak
arautuko ditu Estatuaren edo gainerako edozein herri-erakunderen menpean dauden
gizarte-komunikabideen antolaketa eta parlamentuaren kontrola eta bermatuko du
gizarte- eta politika-talde garrantzitsuen sarbidea komunikabide horietan,
gizartearen aniztasunari eta Espainiako hizkuntza ezberdinei begirunea gordeta.
4.-
Askatasun horien muga dira Titulu honetan onarturiko eskubideak, horiek
garatzen dituzten legeen aginduak eta, bereziki, ohorerako, barrukotasunerako
eta norberaren irudirako eskubideak eta gazteen eta haurren babesa.
5.-
Argitalpen, grabazio eta informaziorako gainerako baliabideen bahiketa ezin
erabaki daiteke epaileren ebazpenaren bitartez baino.
21.
artikulua
1.- Era
baketsuan eta armarik gabe biltzeko eskubidea onartzen da. Eskubide horren
erabilerak ez du aurreko baimenik behar.
2.-
Ibiltokietako bilera eta manifestazio kasuetan agintariri aurretik kontua eman
behar zaio, eta horrek ezin debeka litzake, pertsonak edo ondasunak arriskuan
jarrita, herri-ordenaren nahasmendua sortzeko pisuzko arrazoiak daudenean
baino.
22.
artikulua
1.-
Elkartzeko eskubidea onartzen da.
2.-
Delitutzat harturiko helburuak bilatzen dituzten elkarteak edo delitutzat
harturiko baliabideak erabiltzen dituztenak legez kanpokoak dira.
3.- Artikulu
honen babesean eraturiko elkarteak, publikotasun ondoriorako, euren izena
erregistro batean jarri behar dute.
4.-
Elkarteak ezin desegin daitezke edota ezin eten daiteke bere jarduera
arrazoituriko epaileren ebazpenaren bitartez ez bada.
5.- Isileko
eta paramilitar izaerako elkarteak debekatzen dira.
23.
artikulua
1.-
Hiritarrek herri-gaietan parte hartzeko eskubidea dute, zuzenean edo boto
orokorraren bidez, aldizkako hauteskundetan askatasunez aukeratutako
ordezkarien bitartez.
2.- Era
berean, baldintza berdinetan herri-funtzio eta -karguetara heltzeko eskubidea
dute, baldin eta legeek
adierazten dituzten eskakizunak betetzen badituzte.
24.
artikulua
1.- Pertsona
guztiek, beraien bidezko eskubide eta interesen jardueran, epaile eta auzitegietatik
babes eraginkorra lortzeko eskubidea dute eta ezinezkoa da noizbait defentsagabeziarik egotea.
2.- Era
berean, guztiek dute legean aurrezarritako ohiko epailea izateko eskubidea,
letraturen defentsa eta laguntza izatekoa, euren aurka egindako salaketaren
berri jakitekoa, behar ez den luzapenik gabe eta berme guztiekin jendaurreko
prozesua izatekoa, euren defentsarako froga-tresna egokiak erabiltzekoa,
norberaren buruaren aurka ezer ez esatekoa, errudun direnik ez aitortzekoa, eta
errugabetasun-ustea izatekoa.
Legeak
arautuko ditu, senidetasun- edo lanbide-sekretuagatik, ustezko delituak diren
egintzei buruz aitortzen beharturik ez egoteko kasuak.
25.
artikulua
1.- Inor
ezin da egite edo ez-egiteengatik kondenatua edo zigortua izan, egin ziren unean,
une hartako legeriaren arabera, ez baziren delitu, hutsegite edo urrapen
administratibotzat hartzen.
2.-
Askatasunaren galerarako zigorrek eta segurtasun-neurriek berreziketara eta
birgizarteratzera jo behar dute eta ezinezkoa da lan bortxaturik egotea.
Espetxeratuak, espetxean dagoen bitartean, Kapitulu honetako oinarrizko
eskubideak izan behar ditu; zigor ebazpenaren edukian, zigorraren zentzuan eta
espetxeetako legean espresuki mugatzen direnak izan ezik. Edonola, ordainpeko
lana izateko, Gizarte Segurantzatik dagozkion etekinak izateko, kultura eskura
izateko eta bere nortasunaren garapen osoa izateko eskubideak izango ditu.
3.-
Administrazio zibilak ezin du zuzeneko edo ordezko askatasunaren galera ekar
lezakeen zehapenik ezarri.
26.
artikulua
Administrazio
zibil eta lanbide-elkarteen esparruan ohore-auzitegiak debekatzen dira.
27.
artikulua
1.- Guztiek
dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntza-askatasuna onartzen da.
2.-
Hezkuntzak gisa nortasunaren erabateko garapena izango du helburu, bizikidetzarako
printzipio demokratikoen eta oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetu
barruan.
3.-
Herri-aginteek bermatzen dute gurasoen eskubidea euren seme-alabak eurek duten
uste sendoekin bat datorren erlijio- eta moral-heziketa izateko.
4.-
Oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta dohainikakoa da.
5.-
Herri-aginteek, hezkuntzaren egitarau orokor baten bitartez, dagokien alde
guztien parte-hartze eraginkorraz eta ikastetxeen sorreraz, guztiek duten
hezkuntzarako eskubidea bermatzen dute.
6.- Izatezko
eta zuzenbidezko pertsonei, konstituzio-printzipioen begirunearen barruan,
ikastetxeak sortzeko askatasuna onartzen zaie.
7.-
Irakasleek, gurasoek eta, dagokienean, ikasleek, administrazioak
herri-ondasunen bidez sostengatutako zentroen kontrol eta kudeaketan, parte
hartuko dute.
8.-
Herri-aginteek, legeak betetzen direla bermatzeko, hezkuntza-sistema ikuskatu
eta homologatuko dute.
9.-
Herri-aginteek legean ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten ikastetxeak
lagunduko dituzte.
10.-
Unibertsitateren autonomia onartzen da, legeak xedatzen duenaren arabera.
28.
artikulua
1.- Guztiek
dute eskubidea askatasunez sindikatuen kide izateko. Legeak indar edo institutu
armatuentzat edota diziplina militarpean dauden gainerako erakundeentzat
eskubide horren erabilera muga edo salbuets lezake eta baita ere legeak
herri-funtzionarioek eskubide horren erabileran dituzten berezitasunak arautuko
ditu. Sindikatu-askatasunak sindikatuak sortzeko eta aukeratutakoan kidetzeko
eskubideak barneratzen ditu, baita ere sindikatuen eskubidea konfederazioak
osatzeko eta nazioarteko erakunde sindikalak sortzeko edo daudenetan kidetzeko.
Inor ezin da sindikatu batean kidetzen behartu.
2.-
Langileen grebarako eskubidea onartzen da euren interesak defendatzeko.
Eskubide horren erabilera arautzen duen legeak erkidegoaren funtsezko
zerbitzuen mantentzea segurtatzeko behar diren bermeak ezarriko ditu.
29 .
artikulua
1.-
Espainiarrek oro bakarkako eta taldekako eskaera eskubidea izango dute,
idatziz, eta legean xedatzen den eran eta ondorioekin.
2.- Indar
edo institutu armatuen edota diziplina militarpean dauden taldeen kideek
bakarka eta euren araudi berezian xedatzen den eran baino ezin izango dute
eskubide hori gauzatu.
BIGARREN SAILA.-
Hiritarren eskubide eta betebeharrez Aurkibidea
30.
artikulua
1.-
Espainiarrek Espainia defendatzeko eskubide zein betebeharra dute.
2.- Legeak
finkatuko ditu espainiarren betebehar militarrak eta, behar beste bermeekin,
kontzientzia-eragozpena eta nahitaezko soldadutzatik libre geratzeko gainerako
arrazoiak arautuko ditu eta, hori erabakiz gero, ordezko gizarte zerbitzua ezar
lezake.
3.- Interes
orokorraren helburuak betetzeko zerbitzu zibila ezar daiteke.
4.-
Hiritarrek dituzten betebeharrak, arrisku larri, katastrofe edo herri-zorigaitz
kasuetan, legearen bitartez arau daitezke.
31.
artikulua
1.- Guztiek,
bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren arabera, herri-gastuaren euspenean lagunduko
dute, berdintasun- eta gehikortasun-printzipioetan
oinarrituriko zerga-egituraketa justu baten bitartez, eta horrek, inoiz ere, ez
du konfiskatzeko aukerarik izango.
2.-
Herri-gastuak herri-baliabideen bidezko banaketa egingo du eta horren
programazioak zein betearazteak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideak
jarraituko ditu.
3.- Herri izaerako
gizarte- edo ondasun-prestazioak legearen arabera baino ezin ezar daitezke.
32.
artikulua
1.-
Gizonezkoak eta emakumezkoak, zuzenbide-berdintasun osoaz, ezkontzeko eskubidea
dute.
2.- Legeak
arautuko ditu ezkontza erak, adina eta ezkontzeko gaitasuna, ezkontideen
eskubide eta betebeharrak, banatze eta desegiteko zioak eta horien ondorioak.
33.
artikulua
1.- Jabetza
pribaturako eta oinordetzarako eskubideak onartzen dira.
2.- Eskubide
horien gizarte-funtzioak euren edukia mugatuko du, legeen arabera.
3.- Inor ez
da bere ondasun eta eskubideez gabetua izango herri-onura edo
gizarte-interesean oinarritutako bidezko arrazoirik gabe, dagokion
kalte-ordainaz eta legeek xedatzen dutenarekin bat etorriz.
34.
artikulua
1.-
Fundaziorako eskubidea onartzen da, interes orokorra duten helburuak lortzeko,
legearen arabera.
2.- 22
artikuluko 2 eta 4 ataletan xedaturikoa fundazioei ere badagokie.
35.
artikulua
1.-
Espainiar guztiek lan egiteko betebeharra eta lan egiteko eskubidea dituzte,
baita ere lanbide edo ofizio askatasunez aukeratzeko eskubidea, lanaren
bitartez mailaz igotzekoa, eta norberaren eta norbere familiaren beharrei aurre
egiteko behar beste ordainsaria izatekoa, sexu-arrazoiarengatik bereizkeriarik
inoiz egin gabe.
2.- Legeak
arautuko du langileen estatutua.
36. artikulua
Legeak
arautuko ditu lanbide-kolegio bakoitzaren zuzenbide-erregimenaren berezitasunak
eta lanbide-tituludunen jarduera. Kolegioen barne egiturak eta jardunbideak
demokratikoak izan beharko dute.
37.
artikulua
1.- Legeak
bermatuko du langile eta enpresaburuen ordezkarien arteko lan-negoziazio
kolektiborako eskubidea, baita ere, hitzarmenen indar loteslea.
2.-
Langileek eta enpresaburuek duten eskubidea gatazka kolektiboaren neurriak
hartzeko onartzen da. Eskubide horren gauzatzea arautzen duen legeak, bertan
ezar daitezkeen mugak alde batera utzi gabe, erkidegoaren funtsezko zerbitzuen
jarduera segurtatzeko behar diren bermeak barneratuko ditu.
38.
artikulua
Enpresa-askatasuna
merkatu-ekonomiaren esparruan onartzen da. Herri-aginteek horren gauzatzea eta
ekoizpenaren defentsa bermatu eta babesten dituzte, ekonomia orokorraren
eskaeren arabera eta, hala denean, plangintzaren arabera.
HIRUGARREN KAPITULUA Aurkibidea
Gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio
gidariez
39.
artikulua
1.-
Herri-aginteek familiaren gizarte-, ekonomia- eta zuzenbide-babesa segurtatzen
dute.
2.-
Herri-aginteek, era berean, seme-alaben erabateko babesa segurtatzen dute,
horiek, euron jatorria alde batera utzita, legearen aurrean berdinak dira, eta
beraien amen erabateko babesa ere, egoera zibila edozein izanik. Legeak
aitatasunaren ikerketa bideratuko du.
3.- Gurasoek
ezkontzaren barne ala kanpo izandako seme-alabei era guztietako laguntza
eskaini behar die, adingabeak direnean eta zuzenbidean hori eskatzen den
gainerako kasuetan.
4.- Umeek
euren eskubideen aldeko nazioarteko itunetan aurreikusitako babesa izango dute.
40.
artikulua
1.-
Herri-aginteek aurreramendu sozial eta ekonomikoarentzat egoera faboragarrienak
eta eskualde eta pertsonen errentaren banaketa zuzenagoa sustatuko dituzte,
egonkortasun ekonomikorako politikaren esparruan. Bereziki, guztientzako lana
bilatzen duen politika egingo dute.
2.- Era
berean, herri-aginteek lanbide-heziketa eta -birmoldaketa bermatzen dituen
politika sustatuko dute; lan-higiene eta -segurtasunaz arduratuko dira eta
beharrezko atsedena bermatuko dute, lan-jarduna mugatuz, aldizkako oporrak
ordainduz eta zentro egokiak sustatuz.
41.
artikulua
Herri-aginteek
hiritar guztientzat herri-erregimeneko Gizarte Segurantza mantenduko dute,
behar beste laguntza eta gizarte-prestazio bermatzen duena premiazko egoeretan,
bereziki langabezian. Laguntza eta prestazio-osagarriak askeak izango dira.
42.
artikulua
Estatua bereziki
arduratuko da atzerrian dauden langile espainiarren ekonomia- eta
gizarte-eskubideen babesaz, eta horien itzuleraren alde zuzenduko du bere
politika.
43. artikulua
1.-
Osasunaren babeserako eskubidea onartzen da.
2.-
Herri-aginteei dagokie herri-osasuna antolatu eta babestea, behar diren
aurreneurri eta prestazio eta zerbitzuen bitartez. Horretarako legeak ezarriko
ditu guztion eskubide eta betebeharrak.
3.-
Herri-aginteek osasun-heziketa, heziketa fisikoa eta kirola sustatuko dituzte.
Era berean, aisiaren erabilera aproposa erraztuko dute.
44.
artikulua
1.-
Herri-aginteek guztiok duten eskubidea kultura eskura izateko bultzatu eta
babestuko dute.
2.-
Herri-aginteek guztion interesaren onurarako zientzia eta zientzia- eta
teknika-ikerketa bultzatuko dituzte.
45.
artikulua
1.- Guztiok
dute gizakiaren garapenerako egokia den ingurumena izateko eskubidea, baita ere
bera kontserbatzeko betebeharra.
2.-
Herri-aginteak arduratuko dira baliabide naturalen erabilera arrazionala izan
dadin, bizitzaren kalitatea babestu eta hobetzeko eta ingurumena defendatu eta
lehengoratzeko, horretarako ezinbestekoa den elkartasun kolektiboa euskarri
izanda.
3.- Aurreko
atalean xedaturikoa, legean ezartzen denaren arabera, hausten dutenei zigor
penalak edo, hori dagokienean, administraziozkoak ezarriko zaizkie, baita
eginiko kaltea konpontzeko betebeharra ere.
46.
artikulua
Herri-aginteek
Espainiako herrien historia-, kultura- eta erti-ondarea, eta bera osatzen duten
ondasunak, bere zuzenbide-erregimena zein titularitatea edozein izanik,
kontserbatzea bermatuko dute, eta bere aberastea sustatuko dute. Zigor legeak
zigortuko ditu ondare horren kontrako erasoak.
47.
artikulua
Espainiar
guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Herri-aginteek
beharrezko baldintzak sustatuko dituzte eta eskubide hori gauzatzeko behar
diren arauak xedatuko dituzte, lurraren erabilera interes orokorraren arabera
arautuz espekulazioa galarazteko.
Erkidegoak
herri-erakundeen hirigintzarako egintzak ekartzen dituzten gainbalioetan parte
hartuko du.
48.
artikulua
Herri-aginteek
gazteek politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-garapenean parte-hartze aske
eta eraginkorra izateko bideak bultzatuko dituzte.
49.
artikulua
Herri-aginteek
ezindu fisiko, sentsorial eta psikikoentzat aurreikuspen-, tratamendu-,
errehabilitazio- eta integrazio-politikak egingo dituzte, batez ere, Titulu
honetan hiritar guztientzat onartzen diren eskubideen gozamenean babestuko
dituzte.
50.
artikulua
Herri-aginteek,
dagozkien eta aldizka gaurkotutako pentsioen bidez, zahartzaroan dauden
hiritarrentzat ekonomia-nahikotasuna bermatu bermatuko dute. Era berean, eta
senitartekoen betebeharrak alde batera utzita, horien ongizatea sustatuko dute,
horien berariazko osasun-, etxebizitza-, kultura- eta aisia-arazoetaz arduratzen
diren gizarte-zerbitzuen bidez.
51.
artikulua
1.-
Herri-aginteek kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa bermatuko dute,
horien segurtasuna, osasuna, eta bidezko interes ekonomikoak, prozedura
eraginkorren bitartez babestuz.
2.- Herri-aginteek,
legearen arabera, kontsumitzaile eta erabiltzaileen informazioa zein heziketa
bultzatuko dute, horien taldeak sustatuko dituzte eta talde horiek beraiei
dagozkien gaietan entzungo dituzte.
3.- Aurreko
ataletan xedaturikoaren arabera, legeak arautuko ditu barne-merkataritza eta
merkataritza-produktuentzako baimen-erregimena.
52.
artikulua
Legeak
arautuko ditu euren-eurenak diren interes ekonomikoen defentsan laguntzen duten
lanbide-elkarteak. Horien barne egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan
beharko dute.
LAUGARREN KAPITULUA Aurkibidea
Oinarrizko eskubide eta askatasunen bermeez
53.
artikulua
1.- Titulu
honetako bigarren Kapituluan onarturiko eskubide eta askatasunek herri-aginte
guztiak lotzen dituzte. Legeak baino ezin arau lezake eskubide eta askatasun
horien erabilera, betiere euren funtsezko edukia errespetatu beharko duenak,
eta zainduko dira 161.1.a) artikuluan xedaturiko eran.
2.- Edozein
hiritarrek, ohiko Auzitegien aurrean, lehentasun- eta sumariotasun-printzipioetan
oinarrituriko prozedura baten bitartez, 14 artikuluan eta I. Tituluko 2.
Kapituluko lehenengo Sailean onarturiko eskubideen babesa eska lezake, eta,
behar denean, babes-helegitearen bidez, Konstituzio Auzitegiaren aurrean ere
bai. Azken helegite hori erabilgarri da 30 artikuluan onarturiko
kontzientzia-eragozpenerako ere.
3.-
Hirugarren Kapituluan onarturik dauden printzipioak onartu, errespetatu eta
babestu egin behar dira, eta legeria positiboak, epaileen jarduerak eta
herri-aginteen jarduerak kontuan hartu behar dituzte. Garatzen dituzten
legeetan xedatzen denaren arabera baino ezin alega daitezke horiek ohiko
epaileen aurrean.
54.
artikulua
Lege
organikoak arautuko du Herriaren Defendatzailearen erakundea, Gorte Nagusietako
goi-mandataria, haiek izendatua Titulu honetan barneratzen diren eskubideak
defendatzeko; horretarako, administrazioaren jarduera gainbegira lezake eta
Gorte Nagusiei berri eman.
BOSGARREN KAPITULUA Aurkibidea
Eskubide eta askatasunen etenaz
55
artikulua
1.- 17 eta
18 artikuluetako 2 eta 3 ataletan, 19 eta 20 artikuluetako
2.- Lege
organiko batek zehatz ditzake era eta kasuak, banaka eta beharrezkoa den epaileren
esku-sartzeaz eta legebiltzarraren kontrol egokiaz, 17 artikuluko 2 atalean eta
18 artikuluko 2 eta 3 ataletan onarturik dauden eskubideak eten daitezen
pertsona jakinentzat, elementu terrorista eta talde armatuen egintzei dagozkien
ikerketetan.
Aipaturiko
lege organikoan onarturiko ahalmenen justifikaziorik gabeko edo neurriz kanpoko
erabilerak zigor-erantzukizuna sortuko du, legeetan onartzen diren eskubide eta
askatasunen urratzetzat hartuta.
II. TITULUA Aurkibidea
Koroaz
56.
artikulua
1.- Errege
da Estatuburu, haren batasun eta iraupenaren erakusgarri, erakundeen ohiko
jardunbidea arbitratu eta neurriratzen du, nazioarteko harremanetan Estatu
espainiarraren ordezkaritza gorena hartzen du, batez ere, Espainiako erkidego
historikoaren nazioekin, eta Konstituzio eta legeetan zehazki ematen zaizkion
eginkizunak betetzen ditu.
2.- Bere
titulua Espainiako Errege da eta Koroari dagozkion gainerakoak erabil litzake.
3.-
Erregearen pertsona bortxaezina da eta ez du inolako
erantzukizunik. Bere egintzak betiere 64 artikuluan ezarritako eran berretsiko
dira, aipaturiko berretsipenik gabe ez dute baliorik izango, 65.2 artikuluan
esaten denean izan ezik.
57.
artikulua
1.-
Espainiako Koroa jaraunsgarri da Borbonen Juan Carlos I.a Berorren Maiestatearen oinordekoengan, bera
dinastia historikoaren bidezko oinordekoa izanik. Tronuaren ondorengoak ohiko
oinordetza eta ordezkaritzaren ordena izango du, aurreko linea atzekoetatik
hobetsiz; linea berean hurbileko maila urrunekotik; maila berean gizonezkoa
emakumezkorengandik eta sexu berean zaharrena gazterengandik.
2.- Printze
jaraunsleak, bere jaiotzatik edota deialdia sortarazteko gertaera gertatzen
denetik, Asturiaseko Printzearen duintasuna izango du eta Espainiako Koroaren ondorengoari
usadioz loturik dauden gainerako tituluak.
3.-
Zuzenbidean deituriko linea guztiak amaitzen badira, Koroaren ondorengoa,
Espainiako interesei gehien komeni zaien eran, Gorte Nagusiek beteko dute.
4.-
Tronuaren ondorengorako eskubidea duten pertsonak, Errege eta Gorte Nagusien
debeku jakinaren kontra ezkontzen badira, eurek eta euren oinordekoak Koroaren
ondorengotik at geratuko dira.
5.-
Koroa-uzteak, Koroari uko egiteak, edota Koroaren ondorengoaren ordenan
egitezko zein zuzenbidezko zalantzak gertatuz gero, lege organikoaren bidez
ebatziko dira.
58.
artikulua
Erregina-ezkontideak
edota Erreginaren ezkontideak ezin har lezakete konstituzio-eginkizunik,
Erregeordetzarako xedatutakoan izan ezik.
59.
artikulua
1.- Errege
adingabea denean, berehala Erregearen aitak edo amak eta horien ezean, Koroaren
ondorengoa izateko hurbilen dagoen adineko ahaideak, Konstituzioan ezartzen den
ordenaren arabera, Erregeordetza bere gain hartuko du eta Erregea adingabea den
bitartean jardungo du.
2.- Errege
bere agintean jarduteko gaitasunik gabe utziko balitz eta Gorte Nagusiek
ezintasuna onartuko balute, berehala Printze jaraunsleak Erregeordetza hartuko
luke, adinekoa baldin bada. Ez baldin bada, aurreko atalean aurreikusten den
eran jokatuko da, Printze jaraunslea adinekoa izan arte.
3.-
Erregeordetza betetzeko dagokion pertsonarik ez balego, hura Gorte Nagusiek
izendatuko dute eta bat, hiru edo bost pertsonak osatuko dute.
4.-
Erregeordetza izateko espainiarra eta adinekoa izan behar da.
5.-
Erregeordetza Konstituzioaren agindua dela eta, eta betiere, Erregearen izenean
beteko da.
60.
artikulua
1.-
Adingabeko Erregeren tutorea, Errege zenduak bere testamentuan izendaturiko
pertsona izango da; betiere adinekoa eta jaiotzez espainiarra izanik; hark
izendatu ez baldin bazuen, aita edo ama izango dira tutore, alargun diren
bitartean. Horien ezean, Gorte Nagusiek izendatuko dute, baina Erregeorde eta
tutore karguak ezin batera daitezke aita edo ama edota Erregearen arbaso
zuzenengan baino.
2.-
Tutoretzaren jarduketa ere bateraezinekoa da edozein kargu edo
politika-ordezkaritzarekin.
61.
artikulua
1.- Erregek,
Gorte Nagusien aurrean izendatua denean, zin egingo du bere eginkizunak
zintzoki beteko dituela, baita ere Konstituzio eta legeak gorde eta
gordearaziko dituela eta hiritarren eta autonomia erkidegoen eskubideak
errespetatuko dituela.
2.- Printze
jaraunsleak, adina lortzean, eta Erregeorde edo Erregeordeek beraien
eginkizunak hartzerakoan, zin berbera egin behar dute eta baita Erregeri
leialtasuna izango diotela ere.
62.
artikulua
Erregeri
dagokio:
a) Legeak
berretsi eta aldarrikatzea.
b) Gorte
Nagusiak deitzea eta desegitea eta hauteskundetarako deialdia egitea,
Konstituzioan aurreikusitakoaren arabera.
c)
Konstituzioan aurreikusitako kasuetan, referendumaren deialdia egitea.
d) Gobernuko
presidentziarako hautagaia proposatzea eta, dagokionean, izendatzea eta, baita
ere haren zereginei amaiera ematea, Konstituzioan aurreikusitakoaren arabera.
e) Gobernuko
kideak izendatzea eta banatzea, Gobernuko presidentearen proposamenpean.
f)
Ministroen kontseiluetan erabakitako dekretuak ateratzea, enplegu zibil eta
militarrak ematea eta ohore eta aipamenak ematea, legearen arabera.
g) Estatuko
gaien berri izatea eta, horretarako, egoki iruditzen zaionean, ministroen
kontseiluko bileretako buru izatea, Gobernuko presidenteak eskatuta.
h) Indar
armatuen aginte gorena.
i)
Grazia-eskubidea erabiltzea legearen arabera, legeak ezin baimen lezake indultu
orokorrik.
j)
Errege-Akademien Goi-Patronatua.
63.
artikulua
1.- Erregek enbaxadore
eta gainerako ordezkari diplomatikoak akreditatzen
ditu. Espainian atzerriko ordezkariak haren aurrean akreditatuak
daude.
2.- Erregeri
dagokio, Konstituzio eta legeen barnean, Estatuaren baimena adieraztea Estatua
itunen bidez nazioartean behartzeko.
3.- Erregeri
dagokio gerra deklaratzea eta bakea egitea, Gorte Nagusien aurreko baimenaz.
64.
artikulua
1.-
Erregeren egintzak Gobernuko presidenteak berretsiko ditu eta, hori
dagokionean, ministro eskumendunak. Gobernuko presidentearen proposamena eta
izendatzea eta 99 artikuluan aurreikusiriko desegitea, Kongresuko presidenteak
berretsiko ditu.
2.-
Erregeren egintzen erantzule egintzak berresten dituztenak izango dira.
65.
artikulua
1.- Erregek
Estatuko aurrekontuetatik bere familia eta etxea sostengatzeko diru-kopuru
orokor bat jasotzen du eta hura askatasunez antolatzen du.
2.- Erregek
bere etxeko kide zibil eta militarrak askatasunez izendatu eta aldatzen ditu.
III. TITULUA Aurkibidea
Gorte Nagusiez
Ganberez
66.
artikulua
1.- Gorte
Nagusiak herri espainiarraren ordezkari dira eta diputatuen Kongresuak eta
Senatuak osatzen dituzte.
2.- Gorte
Nagusiek Estatuaren aginte legegilea dute, Estatuaren aurrekontuak onesten
dituzte, Gobernuaren jarduera kontrolatzen dute eta Konstituzioak ematen
dizkien gainerako ahalmenak dituzte.
3.- Gorte
Nagusiak bortxaezinak dira.
67.
artikulua
1.- Ezin
izan daiteke bi Ganberetako kide aldi berean, ezta ere, autonomia erkidego
baten biltzarraren akta diputatuen Kongresukoarekin bateratu.
2.- Gorte
Nagusietako kideak ez ditu betebeharrezko aginduk uztartuko.
3.- Arauzko
deialdirik gabeko parlamentarien bilerek ez dituzte Ganberak lotzen, eta ezingo
dute euren eginkizunik gauzatu ezta euren pribilejiorik izan.
68. artikulua
1.-
Kongresua gutxienez 300 eta gehienez 400 diputatuk osatzen dute, boto orokor,
libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bitartez hautatuak, legeak ezartzen
duenaren arabera.
2.-
Hauteskunde-barrutia probintzia da. Ceuta eta Melillako biztanleek diputatu
bana izango dute ordezkari. Legeak banatuko du diputatuen kopuru osoa, barruti
bakoitzari gutxieneko ordezkaritza emanez eta gainerakoak biztanleen kopuruari
dagokionez banatuz.
3.-
Hautaketa barruti bakoitzean egingo da proportziozko ordezkaritzaren
irizpidepean.
4.-
Kongresua lau urterako hautatzen da. Diputatu bakoitzaren agintea bere
hautapenetik lau urtera edo Ganbera desegiten den egunean amaitzen da.
5.- Hautesle
eta hautagai, euren eskubide politikoen erabateko erabilera duten espainiar guztiak
dira.
Espainiako
lurraldetik kanpo dauden espainiarren boto-eskubidearen erabilpena legeak
onartuko du eta Estatuak erraztu.
6.-
Agintaldia amaitu orduko hogei eta hamargarren egunetik hirurogeigarrenera
hauteskundeak egingo dira. Hautaturiko Kongresua hauteskundeak egin direnetik
hogei eta bost egunera deitu beharko da.
69.
artikulua
1.- Senatua
lurralde-ordezkarien Ganbera da.
2.-
Probintzia bakoitzean lau senatari hautatuko dira hautesleen boto orokor,
libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez, lege organiko batek adieraziko
duen moduan.
3.-
Uharte-probintzietan, senatariak hautatzeko, kabildodun
edo uharte-kontseiludun uharte edo uharte-talde bakoitzak barruti bat osatuko
dute, uharte nagusiei -Kanaria Handia, Mallorca eta Teneriferi- hiru dagokie-
eta hurrengo uharte edo uharte-taldeei Eivissa - Formentera, Menorca,
Fuerteventura, Gomera, Hierro, Lanzarote eta
4.- Ceuta
eta Melillako biztanleek bina senatari hautatuko dute.
5.- Horrez
gain, autonomia erkidegoek senatari bat eta bakoitzaren lurraldeko milioi bat
biztanleko beste bat izendatuko dute. Izendapena biltzar legegileari edo,
horren ezean, autonomia erkidegoko erakunde kolegiatu nagusiari egokituko zaio,
estatutuetan ezartzen denaren arabera, horiek, edonola ere, proportziozko
ordezkaritza egokia segurtatuko dute.
6.- Senatua
lau urterako hautatzen da. Senatarien agintea euren hautapenetik lau urtera edo
Ganbera desegiten den egunean amaitzen da.
70.
artikulua
1.-
Hauteskunde-legeak ezarriko ditu diputatu eta senatari hautaezina
izateko egoerak eta diputatu eta senatari izatearekin bateraezinekoak, edonola
ere, hauek barneratuta:
a)
Konstituzio Auzitegiko kideak.
b) Legeak
ezartzen dituen Estatuko administrazioaren goi-karguak, Gobernuko kideak izan
ezik.
c) Herriaren
Defendatzailea.
d) Jardunean
dauden magistratu, epaile eta fiskalak.
e) Lanbidez
militarrak direnak eta jardunean dauden segurtasun-indar eta -taldeetako eta
poliziako kideak.
f)
Hauteskunde-batzordeetako kideak.
2.- Ganbera
bietako kideen akten eta sinestamenduen balioa epaileren kontrolpean egongo da,
hauteskunde-legeak ezartzen duenaren arabera.
71.
artikulua
1.- Diputatu
eta senatariak euren zereginetan adierazitako iritziengatik bortxaezinak
izango dira.
2.- Era
berean diputatu eta senatariak euren agintaldian inmunitatea izango dute eta
ezingo dira atxilotu delitu nabariaren kasuan izan ezik. Ezin erruzta ezta
auzipera daitezke dagokien ganberaren aurreko baimenik gabe.
3.- Diputatu
eta senatarien aurkako auzietan auzitegi goreneko zigor-gelak izango du eskumena.
4.- Diputatu
eta senatariek dagokien ganberak finkaturiko diru-kopurua jasoko dute.
72.
artikulua
1.- Ganberek
euren araudiak ezartzen dituzte, euren aurrekontuak autonomiaz onesten dituzte
eta, guztien erabakiaren bitartez, Gorte Nagusietako langileen estatutua
arautzen dute. Araudiek eta euren eraldatzeek erabateko gehiengoa behar duen
testu osoari buruzko azken bozketa bat izango dute.
2.- Ganberek
dagozkien presidenteak eta gainerako mahaikideak hautatzen dituzte. Ganbera
biek elkarrekin egindako bilkuretan Kongresuko presidentea izango da buru eta
Gorte Nagusien araudiaren arabera, Ganbera bakoitzeko gehiengo osoak onetsikoa,
jardungo dute.
3.-
Ganberetako presidenteek haien izenean aginte administratibo eta
polizia-ahalmenak erabiltzen dituzte, beraiei dagozkien egoitzetan.
73.
artikulua
1.- Ganberek
urtean ohiko bi bilkura garai izango dute: lehenengoa irailetik abendura eta
bigarrena otsailetik ekainera.
2.- Ganberek
ezohiko bilkurak egin litzakete, Gobernuak, Diputazio Iraunkorrak edota Ganbera
bakoitzeko kideen erabateko gehiengoak eskatuta. Ez ohiko bilkurak gai-zerrenda
zehatz bat dela-eta izan behar dira deituak eta hori agortuz gero amaituko
dira.
74.
artikulua
1.- Ganberak
bilkura bateratua egingo dute II. Tituluak Gorte Nagusiei espresuki ematen
dizkien legegile ez diren eskumenak gauzatzeko.
2.- 94.1,
145.2 eta 158.2 artikuluetan aurreikusitako Gorte Nagusien erabakiak, Ganbera
bakoitzeko erabateko gehiengoak hartuko ditu. Jardunbidea lehenengo kasuan
Kongresuan eta beste bietan Senatuan hasiko da. Kasu bietan, Kongresu eta
Senatuaren artean ez balego adostasunik, senatari eta diputatu kopuru berarekin
osaturiko bitariko batzordean lortzen saiatuko dira. Batzordeak, Ganbera biek
bozkatuko duten testu bat aurkeztuko du. Ez bada esandako eran onesten,
Kongresuak erabateko gehiengoaren bitartez erabakiko du.
75.
artikulua
1.- Ganberek
osoko bilkuran eta batzordeka jardungo dute.
2.- Ganberek
lege-proiektu edo lege-proposamenen onestea batzorde legegile iraunkorren esku
utz lezakete. Baina osoko bilkurak, edozein unetan, eskuordetze horren gai izan
den edozein lege-proiektu edo lege-proposamenen eztabaida eta bozketa eska
litzake.
3.- Aurreko
atalean xedaturikotik kanpo geratzen dira Konstituzioaren eraldatzea,
nazioarteko gaiak, lege organikoak, oinarrien legeak eta Estatuko aurrekontu
orokorrak.
76.
artikulua
1.- Kongresu
eta Senatuak, eta kasua denean biak batera, herri-interesa duen edozein gairi
buruzko ikerketa-batzordeak izenda litzakete. Horien emaitzek ez dituzte
auzitegiak lotuko eta ez dute eraginik izango epaileen ebazpenetan, nolanahi
ere, baliteke ikerketaren emaitza ministerio fiskalari aditzera ematea, hori
dagokionean, dagozkion egintzak bidera ditzan.
2.- Ganberek
hori eskatuz gero nahitaezkoa da euren aurrean azaltzea. Legeak arautuko ditu
ezar daitezkeen zigorrak betebehar hori ez betetzeagatik.
77.
artikulua
1.- Ganberek
banakako zein taldekako eskaerak jaso ditzakete, beti ere idatziz, zuzeneko aurkezpena,
hiritarren manifestazioen bidez, debekaturik geratzen da.
2.- Ganberek
jasotako eskaerak Gobernuari bidal liezazkiokete. Gobernua, Ganberek hori
eskatzen dioten bakoitzean, bere jarduera azaltzera behartuta dago.
78.
artikulua
1.- Ganbera
bakoitzean gutxienez hogei eta bat kidek osatzen duten diputazio iraunkor bat
egongo da, legebiltzar-taldeen ordezkari izango dira, horien kopuruaren
proportzioan.
2.-
Diputazio iraunkorrak Ganbera bakoitzeko presidentearen presidentziapean egongo
dira eta euren eginbeharrak hauek izango dira: 73 artikuluan aurreikusitakoa;
Ganberei dagozkien ahalmenak bereganatzea, 86 eta 116 artikuluen arabera,
horiek deseginda baleude edo euren agintaldia amaituta balego; eta Ganberen
ahalmenak zaintzea, horiek bilduta ez daudenean.
3.-
Agintaldia amaituz gero edo desegite-kasuan diputazio iraunkorrek euren
eginbeharrak betetzen jarraituko dute Gorte Nagusi berriak osatu arte.
4.- Dagokion
Ganbera bilduz gero, Diputazio Iraunkorrak ukituriko gaiez eta bere erabakiez
kontu emango du.
79.
artikulua
1.-
Akordioak hartzeko, Ganberak araupean bildurik eta euren kideen gehiengoa
bertan izanik egon behar dira.
2.-
Aipaturiko akordioak balioa izateko bertan dauden kideen gehiengoak onetsi
behar ditu, alde batera utzi gabe Konstituzioak edo lege organikoek edota
Ganberen araudiek ezartzen dituzten gehiengo bereziak pertsonak hautatzeko.
3.- Senatari
eta diputatuen botoa pertsonala eta ordezkaezina da.
80.
artikulua
Ganberen
osoko bilkurak jendaurrekoak izango dira, Ganbera bakoitzean, erabateko
gehiengoaren bitartez edo araudiaren arabera, horren aurka hartutako akordiorik
egon ezean.
BIGARREN KAPITULUA Aurkibidea
Legegintzaz
81.
artikulua
1.- Lege organikoak
oinarrizko eskubide eta herri-askatasunak garatzen dituztenak, autonomia
estatutuak eta hauteskunde-erregimen orokorra onesten dituztenak eta
Konstituzioan aurreikusita dauden gainerakoak dira.
2.- Lege
organikoen onespenak, aldatzeak eta indargabetzeak, Kongresuaren erabateko
gehiengoa beharko du, proiektu osoari buruzko azken bozketan.
82.
artikulua
1.- Gorte
Nagusiek Gobernuaren esku utz lezakete lege mailako arauak egiteko ahalmena
aurreko artikuluan aipatu ez diren gai zehatzei buruz.
2.- Eskuordetze
legegilea oinarrien legearen bitartez eman beharko da bere helburua
artikulu-testuak eratzea denean, edota lege arruntaren bitartez lege testu
batzuk bakar batean bateratzekoa denean.
3.-
Gobernuari eskuordetze legegilea era zehatzean, gai mugatu baterako eta
betetzeko epe bat jarrita, eman beharko zaio. Eskuordetzea agortzen da
Gobernuak erabiltzen duenean dagokion araua argitaratuz. Ezin har daitezke
emantzat adierazi gabeko eskuordetzeak edo epe gabekoak. Ezin baimen daiteke
Gobernua bera ez diren gainerako agintarienganako azpi-eskuordetzerik.
4.-
Oinarrien legeek eskuordetze legegilearen helburua eta helmena zehazki mugatuko
dituzte, baita eskuordetzea betetzeko jarraitu behar diren printzipioak eta
irispideak ere.
5.-
Lege-testuak bateratzeko baimenak eskuordetzearen edukiaren arau-eremua
finkatuko du; testu bakar bat egitera mugatzen den ala bildu behar diren
lege-testuen egokitzea, argitzea eta harmonizatzea barneratzen dituen zehaztuz.
6.- Alde
batera utzi gabe auzitegien ohiko eskumenak, kasu bakoitzean eskuordetzerako
legeetan kontrolerako formula gehigarriak xeda daitezke.
83.
artikulua
Oinarrien
legeetan ezin daiteke inoiz:
a) Oinarrien
lege bera aldatzea baimen.
b) Atzerako
eragina duten arauak egiteko biderik eman
84.
artikulua
Lege-proposamen
bat edo zuzenketa bat, indarrean dagoen lege-eskuordetze baten kontra doanean,
Gobernuak haren izapidearen kontra egiteko bide du. Orduan, eskuordetzerako
legea osorik edo zati batean indargabetzeko lege-proposamena aurkez daiteke.
85.
artikulua
Eskuordeturiko
arauak barneratzen dituzten Gobernuko xedapenek dekretu legegilearen titulua
hartuko dute.
86.
artikulua
1. Berezi
eta premiazko beharrizanetan, Gobernuak behin-behineko lege-xedapenak,
lege-dekretu era hartuko dutenak, dikta litzake eta ezin izango dute eraginik
izan Estatuko oinarrizko erakundeen antolamenduan, I. Tituluan arauturik dauden
hiritarren eskubide, betebehar eta herri-askatasunetan, autonomia erkidegoen
erregimenean, ez eta hauteskunde-zuzenbide orokorrean ere.
2.-
Lege-dekretuak segituan eztabaidatu eta osorik bozkatu beharko dira diputatuen
Kongresuan, Kongresua ez balego bildurik, aldarrikapenetik hogei eta hamar
eguneko epean horretarako deitua izango da. Epe horretan Kongresuak espresuki
adierazi beharko du haren berrespena edo haren indargabetzea, horretarako
araudiak prozedura berezi eta sumarioa xedatuko du.
3.- Aurreko
atalean xedaturiko epean, Gorteek lege-proiektu moduan premiazko prozeduraren
bidez izapide litzakete.
87.
artikulua
1.-
Ekimen-legegilea, Gobernuari, Kongresuari eta Senatuari dagokie, Konstituzio
eta Ganberen araudien arabera.
2.-
Autonomia erkidegoetako biltzarrek Gobernuari lege-proiektu bat egitea eska
liezaiokete edo Kongresuaren mahaiari lege-proposamen bat bidal liezaiokete,
horren defentsa Ganberaren aurrean gehienez hiru biltzarkidek eginda.
3.- Lege
organiko batek arautuko ditu lege proposamenak aurkezteko herri ekimena aurrera
eramateko erak eta baldintzak. Edonola ere, egiaztaturiko 500.000 sinadura
baino gutxiago ez dira eskatuko. Ez da esandako ekimena onartuko lege
organikoren gaietan, zerga-gaietan edo nazioartekoetan, edota
grazia-ahalmenaren inguruan.
88.
artikulua
Lege-proiektuak
ministroen kontseiluan onetsiko dira eta horrek Kongresuaren esku utziko ditu,
zioen adierazpenarekin eta eurei buruz erabakiak hartzeko behar diren
aurrekariekin batera.
89.
artikulua
1.-
Lege-proposamenen izapidea Ganberen araudietan arautuko da, eta lege-proiektuei
dagokien lehentasunak ezin du 87 artikuluak arautzen duen ekimen legegilearen
gauzatzea eragotzi.
2.- Senatuak
aintzakotzat hartzen dituen lege-proposamenak, 87 artikuluaren arabera,
Kongresura bidaliko dira bertan proposamen gisa izapideak egiteko.
90.
artikulua
1.-
Diputatuen Kongresuak lege arrunt edo organikoen proiektu bat onetsiz gero,
bere presidenteak berehala Senatuko presidenteari jakinaraziko dio, eta horrek
Senatuan aurkeztuko du eztabaidatua izateko.
2.-
Senatuak, testua jaso duenetik bi hilera, arrazoituriko mezu baten bitartez,
betoa jarri edo zuzenketak sar ditzake. Betoa erabateko gehiengoak onetsi behar
du. Proiektua ezin dakioke Erregeri bere berrespenerako bidali, betoa baldin
badago, hasierako testua Kongresuak erabateko gehiengoaren bitartez berretsi
gabe edo, gehiengo soilez, betoa jarri zenetik bi hilabete pasa badira, edo zuzenketei
buruz ezer esan gabe, horiek onartuz edo ez gehiengo soilaren erabakiaren
bitartez.
3.- Senatuak
proiektuari betoa edo zuzenketak jartzeko duen bi hilabeteko epea hogei egun
naturalera gutxituko da Gobernuarentzat edo diputatuen Kongresuarentzat presakoak
diren proiektuetan.
91.
artikulua
Erregek,
Gorte Nagusiek onartutako legeak, hamabost eguneko epean berretsiko ditu, eta
aldarrikatuko ditu, eta haien berehalako argitalpena aginduko du.
92.
artikulua
1.-
Garrantzi handiko erabaki politikoak hiritar guztien kontsulta-referendumpean
jar daitezke.
2.-
Referendumaren deialdia Erregek egingo du, Gobernuko presidentearen
proposamenpean, aldez aurretik diputatuen Kongresuak baimendurikoa.
3.- Lege
organiko batean Konstituzio honetan aurreikusitako referendum eren baldintzak
eta prozedura arautuko dira.
HIRUGARREN KAPITULUA Aurkibidea
Nazioarteko Itunez
93.
artikulua
Lege
organiko baten bitartez baimen daiteke itun bat egitea, itun hori nazioarteko
erakunde edo instituzio bati Konstituziotik eratorritako eskumenen burutzea
emateko denean. Gorte Nagusiei edo Gobernuari dagokie, kasuen arabera, itun
horiek betetzeko bermea eta baita ere emandakoaren titular diren nazioarteko
edo nazio gaineko erakundeen ebazpenak betetzekoa.
94.
artikulua
1.- Estatua
itun edo hitzarmenen bidez behartzeko behar den baietzaren aurkezpenak, Gorte
Nagusien aurreko baimena behar du, hurrengo kasuetan:
a) Politika
izaerako itunetan.
b) Militar
izaerako itun edo hitzarmenetan.
c)
Estatuaren lurralde osotasunean edo I. Tituluan xedaturiko oinarrizko eskubide
eta betebeharretan eragina izango duten itun edo hitzarmenetan.
d)
Herri-ogasunarentzat diru betebeharrak barneratzen dituzten itun edo
hitzarmenetan.
e) Lege
baten aldatzea edo indargabetzea edota betetzeko neurri legegileak eskatzen
dituzten itun edo hitzarmenetan.
2.-
Kongresuak eta Senatuak berehala izango dute egin diren gainerako itun edo
hitzarmenen berria.
95.
artikulua
1.-
Konstituzioaren kontrako xedapenak barneratzen dituen nazioarteko itun baten
burutzeak, aurretik, Konstituzioa aldatzen behartuko du.
2.-
Gobernuak edo edozein Ganberak eska liezaioke Konstituzio Auzitegiari
kontraesanik dagoen ala ez adieraz dezan.
96.
artikulua
1.- Eginiko nazioarteko
itun baliodunak, Espainian era ofizialean argitaratu ondoren,
barne-antolamenduaren parte izango dira. Haien xedapenak ezin indargabe, alda
edo eten daitezke itun beraietan aurreikusitako eran baino edo nazioarteko
zuzenbidearen arau orokorren arabera.
2.-
Nazioarteko itun eta hitzarmenak salatzeko 94 artikuluan bere onarpenerako
aurreikusitako jardunbide bera erabiliko da.
IV. TITULUA Aurkibidea
Gobernuaz eta Administrazioaz
97.
artikulua
Gobernuak barne-
eta kanpo-politika, administrazio zibil eta militarra eta Estatuko defentsa
zuzentzen ditu. Funtzio betearazlea eta ahalmen erregelamendugilea ditu,
Konstituzio eta legeen arabera.
98.
artikulua
1.- Gobernua
presidenteak, presidenteordeak, ministroak eta legeak xedatzen dituen gainerako
kideek osatzen dute.
2.-
Presidenteak Gobernuaren jarduera zuzentzen du eta gainerako kideen
eginbeharrak koordinatzen ditu, kontuan harturik bakoitzak bere kudeaketan
dituen zuzeneko eskumen eta erantzukizuna.
3.- Gobernuko
kideek, parlamentu-agintekoetatik aparte, ezin izango dute gainerako ordezkari
funtziorik bete, ezta bere kargutik ez datorren gainerako herri-funtziorik ere,
ezta lanbide- edo merkataritza-egintzarik ere.
4.- Legeak
arautuko ditu Gobernuko kideen estatutua eta bateraezintasunak.
99.
artikulua
1.-
Diputatuen Kongresuaren berriztatze bakoitzaren ostean eta Konstituzioan
aurreikusitako gainerako egoeretan, Erregek, parlamentuan ordezkariak dituzten
talde politikoek izendaturiko ordezkariak aldez aurretik kontsulta ondoren,
Gobernuko presidente izateko hautagai bat proposatuko du, Kongresuko
presidentearen bitartez.
2.- Aurreko
atalean aurreikusitakoaren arabera proposaturiko hautagaiak eratu nahi duen
Gobernuaren egitasmo politikoa Kongresuaren aurrean azalduko du eta Ganberaren
uste ona eskatuko du.
3.-
Diputatuen Kongresuak, bere kideen erabateko gehiengoaren botoa dela medio,
aipaturiko hautagaiari bere uste ona ematen badio, Erregek presidente
izendatuko du. Esandako gehiengoa ez bada lortzen, proposamen berari buruz
bozketa berria egingo da, aurrekotik berrogei eta zortzi ordura, eta gehiengo
soila alde izango balu, uste ona lortutzat hartuko da.
4.-
Aipaturiko bozketak egin ondoren ez bada izendapenerako uste onik lortzen,
aurreko ataletan aurreikusitako eran proposamen gehiago izapide daitezke.
5.- Kargua
emateko lehenengo bozketatik bi hilabetera Kongresuaren uste onik ez badu
hautagai batek ere lortzen, Erregek, Ganbera biak desegin eta, Kongresuko
presidentearen berrespenaz, hauteskunde berrietarako deia egingo du.
100.
artikulua
Gobernuko
gainerako kideak, presidentearen proposamenpean, Erregek izendatuko eta kenduko
ditu.
101.
artikulua
1.-
Gobernuak bere kargua uzten du hauteskunde orokorrak egin ondoren,
parlamentuaren uste ona Konstituzioan aurreikusitako kasuetan galtzen duenean,
edota presidenteak kargua uzten duenean edo hiltzen denean.
2.- Kargua
utzi duen Gobernuak jardunean jarraituko du Gobernu berria karguaz jabetu arte.
102.
artikulua
1.-
Presidentearen eta Gobernuko gainerako kideen erantzukizun kriminala, gertatuz
gero, auzitegi goreneko zigor-gelaren aurrean eska daiteke.
2.-
Salaketa, euren zereginen jardueran traizio edo Estatuko segurtasunaren aurkako
edozein delitu egitea denean, ezin egin daiteke Kongresuko kideen laurenaren
ekimenpean baino, eta Ganbera horren gehiengo osoaren onespenaz.
3.-
Erregeren grazia-ahalmena ezin erabil daiteke artikulu honetako ezein
egoeratan.
103.
artikulua
1.-
Herri-administrazioak interes orokorrak era objektiboan zerbitzatzen ditu, eta eraginkortasun-,
hierarkia-, deserdiratze-, kontzentrazio eza- eta koordinazio-printzipioen
arabera eta lege eta zuzenbideari erabateko men eginez, jarduten du.
2.- Estatuko
administrazioaren erakundeak legearen arabera sortuta, zuzenduta eta
koordinatuta daude.
3.- Legeak
arautuko ditu herri-funtzionarioen estatutua, herri-funtziorako sarbidea
merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera, sindikatuen kide izateko horien
eskubidearen gauzatzearekiko berezitasunak, bateraezintasun-egituraketa, eta
euren zereginak gauzatzerakoan alderdikeriarik ez egoteko bermeak.
104.
artikulua
1.-
Segurtasun-indar eta taldeen zereginak, Gobernuaren menpean, hiritarren
eskubide eta askatasunen erabilera librea babestea eta hiritarren segurtasuna
bermatzea dira.
2.- Lege organiko
batek finkatuko ditu eginkizunak, jarduerazko oinarrizko printzipioak eta
segurtasun-indar eta taldeen estatutuak.
105.
artikulua
Legeak
arautuko ditu:
a)
Hiritarrak entzuteko era, zuzenean edota legeak onarturiko talde edo elkarteen
bitartez, eurengan eragina izango duten xedapen administratiboak egiterakoan.
b)
Hiritarren sarbidea administrazio-agiritegi eta -erregistroetan; Estatuko
segurtasunean eta defentsan, delituen miaketan edota gizakien barrukotasunean
eragina duten kasuetan izan ezik.
c) Administrazioaren
egintzak egiteko prozedura, hori dagokionean, interesdunak entzutea bermatuz.
106.
artikulua
1.-
Auzitegiek kontrolatzen dituzte administrazioaren ahalmen araugilea eta horren
jardueraren legezkotasuna, baita ere horren mendetasuna bera justifikatzen
duten helburuetara.
2.-
Partikularrak, legean finkatu denaren arabera, euren ondasun eta eskubideetan
jasotako edozein kalte dela eta, kaltea herri-zerbitzuen jardunbidearen
ondorioa den bakoitzean, kalte-ordainerako eskubidea dute, ezinbesteko kasuetan
izan ezik.
107.
artikulua
Estatuko
Kontseilua Gobernuak duen kontsulta-organo gorena da. Lege organiko batek
arautuko ditu bere osaera eta eskumena.
V. TITULUA Aurkibidea
Gobernu eta Gorte Nagusien arteko harremanez
108.
artikulua
Gobernuak,
bere politika-kudeaketan, diputatuen Kongresuaren aurrean elkartasunez
erantzuten du.
109.
artikulua
Ganberek eta
horien batzordeek, Ganberen presidenteen bitartez, Gobernuari eta horren
sailei, eta Estatuko edota autonomia erkidegoetako edozein agintariri,
informazioa eta behar besteko laguntza eska liezazkiokete.
110.
artikulua
1.- Ganberek
eta horien batzordeek Gobernuko kideen presentzia eska lezakete.
2.-
Gobernuko kideak Ganberen eta horien batzordeen bilkuretara sar daitezke, eta
horietan euren ahotsa entzunaraz lezakete eta euren sailetako funtzionarioak
horien aurrean informa dezaten eska lezakete.
111.
artikulua
1.- Ganberen
interpelazioek eta galderek Gobernua zein horren kide bakoitza behartzen dute.
Araudiek eztabaida horietarako asteroko gutxieneko tartea ezarriko dute.
2.- Edozein
interpelaziok mozio bat ekar lezake, Ganberak bere jarrera azal dezan.
112.
artikulua
Gobernuko
presidenteak, aldez aurretik ministroen kontseiluan eztabaidatu ondoren, diputatuen
Kongresuari bere egitasmoari buruzko edo politika orokorraren adierazpen bati
buruzko uste ona eska liezaioke. Uste ona emantzat hartuko da bere alde
diputatuen gehiengo soilak bozkatzen duenean.
113.
artikulua
1.-
Diputatuen Kongresuak Gobernuaren erantzukizun politikoa eska lezake, erabateko
gehiengoak onarturiko gaitzespen-mozioaren bidez.
2.-
Gaitzespen-mozioa diputatuen hamarrenak, gutxienez, aurkeztu behar du eta
Gobernuko presidente izateko hautagai bat barneratu behar du.
3.-
Gaitzespen-mozioa ezin da bozkatu bere aurkezpenetik bost egun pasa arte. Epe
horretako lehenengo bi egunetan ordezko mozioak aurkez daitezke.
4.-
Kongresuak ez badu gaitzespen-mozioa onesten, haren sinatzaileek, bilkura garai
beran, ezin izango dute beste bat aurkeztu.
114.
artikulua
1.-
Kongresuak Gobernuari ez badio bere uste ona ematen, horrek Erregeri bere
kargu-uztea aurkeztuko dio, jarraian Gobernuko presidentearen izendapena, 99
artikuluan xedatzen denez, egingo da.
2.-
Kongresuak gaitzespen-mozio bat onesten badu, Gobernuak Erregeri bere
kargu-uztea aurkeztuko dio eta mozioan barneratutako hautagaiarentzat, 99
artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Ganberaren uste ona emantzat hartuko
da.
115.
artikulua
1.-
Gobernuko presidenteak, aldez aurretik ministroen kontseiluan eztabaidatu
ondoren, eta bere erabateko erantzukizunpean, Kongresu, Senatu edo Gorte
Nagusien desegitea, Erregek dekretatuko duena, proposa lezake.
Desegite-dekretuak hauteskundeen data finkatuko du.
2.-.
Desegite-proposamena ezin aurkez daiteke gaitzespen-mozioa izapidetzen den
bitartean.
3.- Ezin da
desegite berri bat bideratu azkenekotik urte bat pasa arte, 99 artikuluko 5
atalean xedatzen denean izan ezik.
116.
artikulua
1.- Lege
organiko batek alarma, salbuespen eta setio egoerak eta horiei dagozkien
eskumenak eta mugak arautuko ditu.
2.-
Alarma-egoera Gobernuak adieraziko du, Ministroen Kontseiluan onarturiko
dekretuaren bitartez; gehienez hamabost egunerako izango da eta, horretarako
berehala bildutako Diputatuen Kongresuari, berri emango dio eta Kongresuaren
baimenik gabe ezin luza daiteke epea. Dekretuan, adierazpenaren ondorioetarako,
lurralde-eremua zehaztuko da.
3.-
Salbuespen-egoera Gobernuak adieraziko du Ministroen Kontseiluan onarturiko
dekretuaren bitartez, Diputatuen Kongresuaren aurreko baimenarekin.
Salbuespen-egoeraren baimenak eta jakinarazteak zehazki adierazi beharko ditu
haren ondorioak, lurralde-eremua, eta iraupena; iraupena ezin da hogei eta
hamar egun baino luzeago izan, baina, baldintza berdinetan, beste hainbeste luza
daiteke.
4.-
Setio-egoera diputatuen Kongresuaren erabateko gehiengoak adieraziko du,
Gobernuari baino ez dagokion proposamena dela eta. Kongresuak lurralde-eremua,
iraupena eta baldintzak zehaztuko ditu.
5.- Artikulu honetan barne dauden
egoerek dirauten bitartean ezin desegin daiteke Kongresua; Ganberak,
bilkura-garaian ez badaude, automatikoki deituta geratzen dira. Horien
jardunbidea, Estatuko gainerako konstituzio-aginteena bezala, ezin eten daiteke
egoera horiek dirauten bitartean.
Kongresua
deseginda edo haren agintaldia amaituta dagoenean horrelako edozein egoera
adierazteko bide ematen duen gertakaririk suertatzen bada, Kongresuaren
ahalmenak Diputazio Iraunkorrak bereganatuko ditu.
6.- Alarma-, salbuespen- eta setio-egoeren
adierazpenak ez du aldatuko Konstituzioan eta legeetan onarturiko Gobernuaren
eta haren agenteen erantzukizun-printzipioa.
VI. TITULUA Aurkibidea
Epaitzeko Aginteaz
117.
artikulua
1.- Herria
da justiziaren jatorria eta Erregeren izenean epaitzeko agintea eratzen duten
epaile eta magistratuek administratzen dute; horiek independenteak, mugiezinak,
erantzuleak eta legearen nagusitasunaren pean baino ez daudenak dira.
2.- Epaile
eta magistratuak ezin bana, zigor, tokiz alda ez eta erretira daitezke legean
aurreikusitako arrazoiren batengatik eta bermeekin ez baldin bada.
3.-
Epaitzeko ahalmenaren jarduera era guztietako auzietan, epaitzen eta
epaitutakoa betearazten, legeetan finkatutako epaile eta auzitegiei baino ez
dagokie, lege horietan ezartzen diren eskumen- eta prozedura-arauen arabera.
4.- Epaileek
eta auzitegiek ez dituzte aurreko atalean esandako eginkizunak baino beteko eta
legean zehazki emandakoak edozein eskubide bermatzeko.
5.- Epaitzeko
ahalmenaren batasun-printzipioa auzitegien antolamenduaren eta jardunbidearen
oinarri da. Legeak arautuko du auzitegi militarren jarduera hertsiki militarra
den esparruan eta setio-egoeretan, Konstituzioaren printzipioen arabera.
6.- Ezohiko
auzitegiak debekatzen dira.
118.
artikulua
Beharrezkoa
da epaile eta auzitegien epai eta gainerako ebazpen irmoak betetzea, eta baita
ere horiek eskaturiko laguntza eskaintzea auzibidean
edota ebatzirikoa betetzerakoan.
119.
artikulua
Justizia
doan izango da legeak hori xedatzen duenean eta, betiere, auzitan aritzeko
eskuarte-falta frogatzen dutenentzat.
120.
artikulua
1.-
Epaileren jarduerak jendaurrekoak izango dira, prozedura-legeek aurreikusten
duten salbuespenetan izan ezik.
2.-
Prozedura ahozko izango da gehienetan, batez ere gai kriminaletan.
3.- Epaiak
beti arrazoituak izango dira eta jendaurreko entzunaldian emango dira.
121.
artikulua
Epaileren
akatsagatik sorturiko kalteek, edota justizia-administrazioaren ezohiko
jardunbidearen ondorio direnek, Estatuaren kontura den kalte-ordainerako
eskubidea emango dute, legearen arabera.
122.
artikulua
1.-
Epaitzeko agintearen lege organikoak finkatuko ditu epaitegi eta auzitegien
osaera, jardunbidea eta gobernua, eta baita ere talde bakarra osatuko duten
epaile eta magistratu karreradunen zuzenbide-estatutua, eta
justizia-administrazioaren zerbitzuan dauden langileena.
2.-
Epaitzeko Agintearen Kontseilu Nagusia aginte horren gobernu-erakundea da. Lege
organikoak ezarriko ditu bere estatutua eta bere kideen bateraezintasun-erregimena
eta horien eginkizunak, batez ere izendapen-, maila-igoera-, ikuskatze- eta
diziplina-erregimenaren alorretan.
3.-
Epaitzeko Agintearen Kontseilu Nagusia Auzitegi Goreneko presidenteak, horrek
presidituko du, eta Erregek bost urterako izendatutako hogei kidek osatuko
dute. Horiengandik hamabi maila guztietako epaile eta magistratuen artetik,
lege organikoak ezartzen duen eran; lau diputatuen Kongresuak proposaturikoak
eta lau Senatuak proposaturikoak, kasu bietan Ganbera bakoitzeko kideen
bostetik hiruko gehiengoaz hautatuak, abokatu eta gainerako juristen artean,
horiek guztiak gaitasun nabarikoak eta euren lanbidean hamabost urte baino
gehiago aritu izanak.
123.
artikulua
1.- Auzitegi
Gorena, epaitzeko ahalmena Espainia osoan duena, epaitzeko erakunde gorena da
alor guztietan, konstituzio-bermeentzako ezarritakoan izan ezik.
2.- Auzitegi
Gorenaren presidentea Erregek izendatuko du, Epaitzeko Agintearen Kontseilu
Nagusiaren proposamenpean, legeak finkatzen duen eran.
124.
artikulua
1.-Alde
batera utzita gainerako erakundeen ardurapean dauden eginkizunak, Ministerio
fiskalak zeregin hauek ditu: justiziaren egintza sutatzea, legezkotasunaren,
hiritarren eskubideen eta legeak babesten duen herri-interesaren defentsan,
lanbidez edota interesatuen eskaerapean; baita ere auzitegien independentzia
zaintzea eta horien aurrean gizarte-interesa betetzen ahalegintzea.
2.-
Ministerio fiskalak bere eginkizunak dagozkion erakundeen bitartez,
jarduera-batasun eta hierarkia-dependentzia printzipioen arabera eta, betiere,
legezkotasun eta alderdikeriarik ezaren arabera, gauzatzen ditu.
3.- Legeak
arautuko du Ministerio Fiskalaren erakunde-estatutua.
4.- Estatuko
fiskal nagusia Erregek izendatuko du, Gobernuaren proposamenpean, Epaitzeko
Agintearen Kontseilu Nagusia entzun ondoren.
125.
artikulua
Hiritarrek
herri-egintza gauza lezakete eta justizia-administrazioan parte har lezakete
zinpekoen erakundearen bitartez, legeak finkaturiko zigor-prozesuetan eta eran,
eta baita ohiturazko eta usadiozko auzitegietan ere.
126.
artikulua
Delituaren
ikertze eta delitugilearen aurkitze eta zaintze zereginetan Epai-polizia
epaile, auzitegi eta ministerio fiskalaren menpe dago, legeak ezartzen duenaren
arabera.
127.
artikulua
1.- Epaileak
eta magistratuak, edota fiskalak jardunean ari diren bitartean, ezin dira
bestelako herri-karguetan ari, ezta ere alderdi politiko edota sindikatuetako
kide izan. Legeak ezarriko ditu epaile, magistratu eta fiskalen
lanbide-elkarteen sistema eta moduak.
2.- Legeak
ezarriko du epaitzeko aginteko kideen bateraezintasun-erregimena eta horrek
euren erabateko independentzia segurtatu beharko du.
VII. TITULUA Aurkibidea
Ekonomia eta Ogasuna
128.
artikulua
1.- Estatuko
aberastasun osoa bere era guztietan eta bere titularitatea edonorena izanik
interes orokorraren menpean dago.
2.-
Ekonomia-jardueran herri-ekimena onartzen da. Lege bitartez herri-alorrari
funtsezko baliabide edota zerbitzuak erreserba dakizkioke, batez ere monopolio
kasuan eta, era berean, interes orokorrak hori eskatzen duenean enpresetan
esku-sartzea erabaki daiteke.
129.
artikulua
1.- Legeak
ezarriko ditu interesdunen parte-hartze erak, bai Gizarte Segurantzan eta baita
ere herri-erakundeen jardueran, horien zereginak bizitza kalitatean edota
guztion ongi-izatean eragin zuzena duenean.
2.-
Herri-aginteek era eraginkorrean enpresan parte hartzeko moduak bultzatuko
dituzte eta, lege egokien bitartez, kooperatiba-elkarteak sustatuko dituzte.
Baita ere, ekoizpen-baliabideen jabetza langileek errazago eskuratu ahal
izateko bideak jarriko dituzte.
130.
artikulua
1.-
Herri-aginteek ekonomia-alor guztien aurrerapenaz eta garapenaz arduratuko dira
eta, batez ere, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta eskulangintzaz,
espainiar guztien bizitza-maila pareka dadin.
2.- Helburu
bera lortzeko, mendi-aldeei tratu berezia emango zaie.
131.
artikulua
1.-
Estatuak, legearen bidez, ekonomia-jarduera orokorra planifika lezake, premia
kolektiboei aurre egiteko, alor- eta lurralde-garapena orekatzeko eta
harmonizatzeko eta errenta eta aberastasunaren hazkundea eta horien banaketa
justuagoa suspertzeko.
2.-
Plangintza-proiektuak Gobernuak egingo ditu, autonomia erkidegoek emandako
aurreikuspenen arabera eta sindikatu eta gainerako lanbide-, enpresa- eta
ekonomia-taldeen aholku eta lankidetzaz. Horretarako kontseilu bat eratuko da
eta horren osaera eta eginkizunak legean garatuko dira.
132.
artikulua
1.- Legeak
arautuko du herri-jabariko eta auzo ondasunen zuzenbide-erregimena, besterenezintasun-, preskribiezintasun-
eta bahiezintasun-printzipioetan iradokita eta baita
ere horien xede emate eza.
2.- Estatuko
herri-jabariko ondasunak legeak zehazten dituenak dira eta, edonola ere,
itsasalde-lehor eremua, hondartzak, lurraldeko itsasoa eta ekonomia-eremuko
natura-baliabideak eta kontinenteko zapalda.
3.- Legearen
bidez arautuko dira Estatuko ondarea eta nazio-ondarea, horien administrazioa,
defentsa eta zaintzea.
133.
artikulua
1.- Zergak
jartzeko jatorrizko ahalmen osoa Estatuari baino ez dagokio, legearen bitartez.
2.-
Autonomia erkidegoek eta tokian tokiko erakundeek zergak ezar eta eska
litzakete, Konstituzio eta legeen arabera.
3.- Estatuko
zergetan eragina duen edozein zerga-etekin legearen bitartez ezarri beharko da.
4.- Herri-administrazioek
legeen arabera baino ezin har litzakete diru-betebeharrak eta gastuak egin.
134.
artikulua
1.-
Gobernuari dagokio Estatuko aurrekontu orokorrak egitea eta Gorte Nagusiei
horien azterketa, zuzenketa eta onespena.
2.- Estatuko
aurrekontu orokorrak urtebetekoak izan behar dira, bertan Estatuko
herri-alorreko gastu eta diru-sarrera guztiak barneratuko dira eta euretan
Estatuko zergei dagokien zerga-etekinen balioa jarriko da.
3.-
Gobernuak Estatuko aurrekontu orokorrak diputatuen Kongresuaren aurrean azken
urtekoak amaitu baino gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko ditu.
4.- Dagokion
ekonomia-ekitaldiaren lehenengo eguna baino lehen ez balitz aurrekontu-legea
onetsi, berriak onetsi arte azken jarduerako aurrekontuak automatikoki
luzatutzat emango lirateke.
5.- Estatuko
aurrekontuak onartu eta gero, Gobernuak urteko aurrekontuei dagozkien
herri-gastuaren gehitzea edo diru-sarreren gutxitzea barneratzen dituzten
lege-proiektuak aurkez litzake.
6.-
Aurrekontuetako kredituen gehitzea edo diru-sarreren gutxitzea ekarriko lukeen
proposamen zein zuzenketak, bere izapidea egiteko, Gobernuaren adostasuna
beharko du.
7.-
Aurrekontuen legeak ezin sor lezake zergarik. Alda litzake zergak izatez
zerga-legea den batek hori aurreikusten duenean.
135.
artikulua
1.-
Gobernuak legearen baimena beharko du herri-zorra jaulkitzeko edo kreditua
hartzeko.
2.- Estatuko
herri-zorraren interesak eta kapitala ordaintzeko kredituak beti aurrekontuen
gastuen egoeran barneratutzat hartzen dira eta ezin izango dira zuzenketa edota
aldatze baten gai izan, jaulkipenaren legearen baldintzak betetzen dituzten
bitartean.
136.
artikulua
1.-
Kontu-auzitegia da Estatuaren kontuak eta ekonomia-kudeaketa, eta baita ere
herri-alorra, kontrolatzeko erakunde gorena.
Gorte
Nagusien mendetasun zuzena du eta bere eginkizunak, Estatuko kontu orokorra
aztertzerakoan eta egiaztatzerakoan, haien eskuordetzeaz beteko ditu.
2.- Estatuko
kontuak eta herri-alorrarenak kontu-auzitegiari emango zaizkio eta horrek
aztertuko ditu.
Kontu-auzitegiak,
bereak diren eskumenak alde batera utzi gabe, Gorte Nagusiei urteroko txostena
igorriko die, eta bertan, hori dagokionean, bere iritziz egon diren
arau-hausteak edota erantzukizunak jakinaraziko dizkie.
3.-
Kontu-auzitegiko kideek epaileek duten independentzia eta mugiezintasun bera
eta horiek dituzten bateraezintasun berak izango dituzte.
4.- Lege
organiko batek arautuko ditu kontu-auzitegiaren osaera, antolaera eta
eginkizunak.
VIII. TITULUA Aurkibidea
Estatuko lurralde-antolamenduaz
LEHENENGO KAPITULUA
137.
artikulua
Estatuko
lurraldea udalerrietan, probintzietan eta sortzen diren autonomia erkidegoetan
antolatzen da. Erakunde horiek guztiek dagozkien interesak kudeatzeko autonomia
dute.
138.
artikulua
1.- Estatuak
Konstituzioaren 2 artikuluan finkaturiko elkartasun-printzipioaren gauzatze
eraginkorra bermatzen du, Espainiako lurraldeko zatien artean ekonomia-oreka
egoki eta justua ezartzen arduratuta eta, batez ere, uharte izatearen
inguruabarretan arreta jarrita.
2.-
Autonomia erkidegoetako estatutuen arteko ezberdintasunek ezin ekar lezakete,
inola ere, ekonomia- edota gizarte-pribilejiorik.
139.
artikulua
1.-
Espainiar guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzte Estatuko lurraldeko
edozein tokitan.
2.- Ezein
agintarik ezin har lezake neurririk, Espainiako lurralde osoan oztopatzeko,
zuzenean edo zeharka, gizakien joan-etorri eta bizilekua finkatzeko askatasuna
edota ondasunen joan-etorri askea.
BIGARREN KAPITULUA Aurkibidea
140.
artikulua
Konstituzioan
udalen autonomia bermatzen da. Horiek zuzenbide-nortasun osoa izango dute.
Bakoitzaren gobernu eta administrazioa, alkate eta zinegotziak osaturiko Udaletxeari
dagokio. Zinegotziak udaleko biztanleek hautatuko dituzte, boto orokor, berdin,
libre, zuzen eta isilpekoaren bitartez, legean ezartzen den eran. Alkateak
zinegotziek edo auzokideek hautatzen dituzte. Legeak arautuko ditu udalbatza
irekiaren erregimena egokitzat hartzeko baldintzak.
141.
artikulua
1.-
Probintzia bere zuzenbide-nortasuna duen tokian tokiko erakundea da,
udal-elkarteek eta lurralde-zatiketak finkaturikoa Estatuaren eginkizunak
betetzeko. Probintzien mugen edozein aldaketa Gorte Nagusiek, lege organikoaren
bidez, onetsi behar dute.
2.-
Probintzietako gobernu eta administrazio autonomoa diputazioen edo bestelako
ordezkaritza izaerako erakundeen esku egongo da.
3.-
Probintzia ez diren udal-elkarteak sor daitezke.
4.-
Uhartedietan, uharteek gainera euren administrazioa izango dute, kabildo edo kontseilu era hartuta.
142.
artikulua
Tokian
tokiko ogasunek erakunde bakoitzari legeak ematen dizkion eginkizunak betetzeko
behar beste diru izan behar dute, eta dirua funtsean etorriko da euren zergetatik
eta Estatuaren eta autonomia erkidegoen zergetan parte izatetik.
HIRUGARREN KAPITULUA Aurkibidea
143.
artikulua
1.-
Konstituzioaren 2 artikuluan onarturiko autonomiarako eskubidea gauzatzeko
historia-, kultura- eta ekonomia-ezaugarri berak dituzten probintzia
mugakideek, uharteek eta eskualde-nortasun historikoa duten probintziek euren
autogobernua izan lezakete eta autonomia erkidegoetan osatu titulu honetan eta
bakoitzaren estatutuetan aurreikusten denaren arabera.
2.-
Autonomiarako jardunbidearen ekimena dagokie interesa duten diputazioei edota
uharteen arteko dagokion erakundeari, eta udalen bi herenari, horien biztanleak
probintzia edo uharte bakoitzeko hauteskunde-erroldaren, gutxienez, gehiengoa
direnean. Baldintza horiek, tokian tokiko edozein erakunde interesdunek honetaz
harturiko lehenengo akordiotik sei hilabetera bete behar dira.
3.- Ekimenak
aurrera ez baldin badu egiten, ezin errepika daiteke bost urte pasa arte.
144.
artikulua
1.- Gorte
Nagusiek, lege organikoaren bidez, nazio-interesagatik, ahal izango dute:
a) Autonomia
erkidego baten eratzea baimendu, horren lurraldea probintzia baino handiago ez
denean eta 143 artikuluko 1 ataleko baldintzak ez dituenean betetzen.
b)
Probintzia-antolaketan ez dauden lurraldeetarako autonomia estatutua baimendu
edo, horrela denean, erabaki.
c) 143
artikuluko 2 atalak ezartzen duen tokian tokiko erakundeen ekimena ordeztu.
145.
artikulua
1.- Autonomia
erkidegoen federaziorik ez da inoiz ere ontzat hartuko.
2.-
Estatutuek aurreikus litzakete autonomia erkidegoek euren artean hitzarmenak
egin ahal izateko egoerak, baldintzak eta moduak eurenak diren zerbitzuak
eskaintzeko eta kudeatzeko, baita ere Gorte Nagusiei egindakoaz eman behar
zaien jakinarazpenaren izaera eta ondorioak. Gainerako kasuetan, autonomia
erkidegoen arteko lankidetza-hitzarmenek Gorte Nagusien baimena beharko dute.
146.
artikulua
Estatutu-proiektua
dagokien probintzien diputazioaren kideak edota uharte arteko erakundeen kideak
eta eurek hautaturiko diputatu eta senatariak osaturiko biltzarrak egingo du
eta Gorte Nagusietara igorriko da lege izapideak egiteko.
147.
artikulua
1.-
Konstituzio honen arabera, estatutuak autonomia erkidego bakoitzaren oinarrizko
erakunde-araua izango dira eta Estatuak bere zuzenbide-antolamenduaren zatitzat
onartu eta babestuko ditu.
2.-
Autonomia estatutuetan barneratu behar dira:
a)
Erkidegoaren izena, bere nortasun historikoarekin bat datorrena.
b) Horren
lurraldearen mugak.
c)
Bakoitzaren autonomia-erakundeen izena, antolaera eta egoitza.
d)
Konstituzio-esparruan harturiko eskumenak eta horiei dagozkien zerbitzuak
eskualdatzeko oinarriak.
3.-
Estatutuen eraldatzea euretan ezarritako jardunbideak doituko du eta, edonola
ere, Gorte Nagusien onespena, lege organikoaren bidez, beharko du.
148.
artikulua
1.-
Autonomia erkidegoek eskumenak har litzakete gai hauetan:
1.a Euren
autogobernurako erakundeen antolaeran.
2.a Euren
lurraldean dauden udalerrien aldaketetan eta, oro har, tokian tokiko
erakundeekiko Estatuko administrazioari dagozkion eginkizunetan, tokian tokiko
araubideari buruzko legerian eskualdatze hori baimentzen denean.
3.a
Lurralde-antolaketan, hirigintzan eta eraikuntzan.
4.a
Autonomia erkidegoaren intereseko herri-lanetan, bere lurralde barruan.
5.a
Trenbidetan eta errepidetan autonomia erkidegoaren lurraldean dagoenean horien
ibilbide osoa eta, era berean, horien bitartez edota kablez egiten den
garraioan.
6.a
Babes-portu eta jolas-portu eta aireportuetan eta, oro har,
merkataritza-jarduerarik ez dutenetan.
7.a
Nekazaritza eta abeltzaintzan, ekonomia-antolaera orokorraren arabera.
8.a
Mendietan eta baso-ustiapenetan.
9.a
Ingurumenaren babesaren kudeaketan.
10.a
Autonomia erkidegoaren intereseko ur-ustiapenen, ubideen eta ureztatzeen
egitasmoetan, eraikuntzan eta ustiapenean; metal-ur eta ur beroetan.
11.a
Barne-uretako arrantzan, itsaski-bilketan eta ur-laborantzan, ehizan eta
ibai-arrantzan.
12.a
Barne-azoketan.
13.a
Autonomia erkidegoaren ekonomia-garapenaren sustapenean, ekonomia-politika
nazionalean adierazten diren helburuen barruan.
14.a
Eskulangintzan.
15.a
Autonomia erkidegoaren intereseko museo, liburutegi eta
musika-kontserbatorioetan.
16.a
Autonomia erkidegoaren intereseko monumentu-ondarean.
17.a
Kulturaren, ikerketaren eta, hori dagokionean, autonomia erkidegoaren
hizkuntzaren irakaskuntzaren sustapenean.
18.a
Turismoaren sustapen eta antolaketan, bere lurraldearen barruan.
19.a
Kirolaren eta aisiaren erabilera egokiaren sustapenean.
20.a
Gizarte-Laguntzan.
21.a
Osasunean eta higienean.
22.a Euren
eraikin eta instalazioen zaintzan eta babesean. Udaltzainen koordinazioan eta
tokian tokiko poliziaren gainerako ahalmenetan lege organiko batean ezartzen
denaren arabera.
2.- Bost
urte pasa ondoren, eta euren estatutuen eraldatzearen bitartez, autonomia
erkidegoek hurrenez hurren euren eskumenak zabal litzakete 149 artikuluan
ezartzen den esparruan.
149.
artikulua
1.- Estatuak
erabateko eskumena du hurrengo gaietan:
1.a
Konstituzio-eskubideen gauzatzean eta betebeharren betetzean espainiar guztien
berdintasuna bermatzeko oinarrizko baldintzen araupenean.
2.a
Naziotasunean, inmigrazioan, emigrazioan, atzerritartasunean eta
ihesleku-eskubidean.
3.a
Nazioarteko harremanetan.
4.a
Defentsan eta Indar armatuetan.
5.a Justizia
administrazioan.
6.a
Merkataritza-, zigor- eta espetxe-legerian; prozedura-legerian, kontuan hartuta
autonomia erkidego bakoitzaren zuzenbidearen zehaztasunek lekartzaketen
berezitasunak.
7.a
Lan-legerian; kontuan edukita autonomia erkidegoen erakundeek betearazi
lezaketela.
8.a Legeria
zibilean; kontuan harturik zuzenbide zibilak, foruak eta zuzenbide bereziak
dauden tokietan, horiek kontserbatu, aldatu eta garatzeko autonomia erkidegoek
izan lezaketen ahalmena. Nolanahi ere, zuzenbide-arauen aplikazio eta
eraginkortasunari buruzko arauetan, ezkontza erei buruzko zuzenbidezko harreman
zibiletan, erregistro eta herri-baliabideen antolamenduan;
kontratu-betebeharren oinarrietan; legeen arteko gatazkak konpontzeko eta
zuzenbidearen iturburuak finkatzeko arauetan, aipaturiko azken kasuan, foru edo
zuzenbide bereziko arauei errespetua gordez.
9.a
Buru-jabetzaren eta industria-jabetzaren legerian.
10.a Aduana
eta muga-zerga erregimenean; kanpo-merkataritzan.
11.a
Diru-sisteman: dibisetan, diru-truke eta bihurgarritasunean; kreditu, banketxe
eta aseguruen antolamenduaren oinarrietan.
12.a Pisu
eta neurrien legerian, ordu ofiziala erabakitzean.
13.a
Ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarrietan eta koordinazioan.
14.a Ogasun
orokorrean eta Estatuko zorrean.
15.a
Zientzia- eta teknika-ikerketaren sustapen eta koordinazio orokorrean.
16.a
Kanpo-osasunean. Osasunaren oinarri eta koordinazio orokorrean. Botika
legerian.
17.a
Gizarte-segurantzaren oinarrizko legerian eta ekonomia-erregimenean; kontuan
harturik autonomia erkidegoek zerbitzu horiek bete ditzaketela.
18.a
Herri-administrazioen zuzenbide-erregimenaren eta horien funtzionarioen
estatutu-erregimenaren oinarrietan eta oinarri horiek, betiere, administratuek
horien aurrean tratu bera izango dutela bermatuko dute; ohiko
administrazio-prozeduran, autonomia erkidego bakoitzaren antolamendutik
eratorritako berezitasunak kontuan harturik; nahitaezko desjabetzearen
legerian; administrazio-kontratu eta -kontzesioei buruzko eta administrazio
guztien erantzukizun-sistemari buruzko oinarrizko legerian.
19.a Itsas
arrantzan, alor honetan autonomia erkidegoen eskuetan utz daitezken eskumenak
kontuan edukita.
20.a
Merkantzien itsas flotan eta itsasontzien banderapenean; itsasertzetako
argiztapenean eta itsas seinaletan; interes orokorreko portuetan; interes
orokorreko aireportuetan; aire-gunearen kontrolean, aireko joan-etorri eta
garraioetan, metereologia zerbitzuan eta aireontzien matrikulazioan.
21.a
Autonomia erkidego baten mugaz kanpoko trenbide eta lur-garraioetan;
komunikazioen erregimen orokorrean; motor-ibilgailuen trafiko eta
joan-etorrian; posta eta telekomunikazioetan; aire eta itsaspeko kableetan eta
irrati-komunikazioan.
22.a
Ur-baliabide eta ur-ustiapenen legerian, antolamenduan eta kontzesioan, urak autonomia
erkidego bat baino gehiagotik iragaiten direnean eta argi-indar instalazioen
baimenean, horren ustiapenak beste erkidego batean eragina duenean edota
energiaren garraioa haren lurraldetik ateratzen denean.
23.a
Ingurumenaren babesaren oinarrizko legerian, babeserako arau gehigarriak
ezartzeko autonomia erkidegoek izan ditzaketen ahalmenak kontuan harturik.
Mendien, baso-ustiapenen eta abelbideen oinarrizko legerian.
24.a Interes
orokorreko herri-lanetan edota horiek egiteak autonomia erkidego bat baino
gehiagotan eragina duenean.
25.a Meha-
eta energia-erregimenaren oinarrietan.
26.a Arma
eta lehergailuen ekoizpen-, merkataritza-, edukitze- eta
erabiltze-erregimenean.
27.a Prentsa-,
irrati- eta telebista-erregimenaren oinarrizko arauetan, eta, oro har, gizarte
komunikabide guztien oinarrizko arauetan, horien garapenean eta betearaztean
autonomia erkidegoek har ditzaketen ahalmenak kontuan harturik.
28.a
Espainiako kultura-, erti- eta monumentu-ondarearen defentsan, esportazio eta
esplotazioaren aurka; Estatuaren museo, liburutegi eta agiritegietan, autonomia
erkidegoek izan lezaketela horren kudeaketa kontuan harturik.
29.a
Herri-segurtasunean, kontuan edukita autonomia erkidegoek duten aukera poliziak
eratzeko bakoitzaren estatutuetan ezartzen den eran, lege organiko batek
xedatzen duen esparruan.
30.a
Akademia- eta lanbide-tituluak lortzeko, luzatzeko eta homologatzeko baldintzen
arautzean eta Konstituzioaren 27 artikuluaren garapenerako oinarrizko arauetan,
gai honetan herri-aginteek dituzten betebeharren burutzea bermatzeko.
31.a
Estatu-helburuetarako estatistikan.
32.a
Herri-kontsultak, referendumaren bidez, egiteko baimenean.
2.-
Autonomia erkidegoek har ditzaketen eskumenak kontuan harturik, Estatuak
kulturaren zerbitzua funtsezko eginkizun eta betebehartzat hartuko du eta
autonomia erkidegoen arteko kultura-komunikazioa, beraiekin adosturikoa,
erraztuko du.
3.-
Konstituzio honetan Estatuari zehazki ematen ez zaizkion gaiak autonomia
erkidegoentzat, euren estatutuen bitartez, izan daitezke. Autonomia estatutuek
hartu ez dituzten gaien eskumena Estatuari dagokio eta horren arauak, gatazka
kasuan, autonomia erkidegoen arauen gainetik egongo dira, horiek erabateko
eskumena ez duten guztian. Estatuko zuzenbidea, betiere, autonomia erkidegoen
zuzenbidearen osagarri izango da.
150.
artikulua
1.- Gorte
Nagusiek, Estatuaren eskumenpeko gaietan, autonomia erkidego guztiei edo baten
bati, Estatuko lege batean finkaturiko printzipio, oinarri eta jarraibideen
esparruan, eurentzat, lege-arauak egiteko ahalmena eman liezaiekete. Auzitegien
eskumenak kontuan hartuta, esparru-lege bakoitzean autonomia erkidegoen
lege-arau horientzako Gorte Nagusien kontrol-era ezarriko da.
2.- Estatuak
autonomia erkidegoei, lege organikoaren bidez, Estatuaren titularitateko gaiei
dagozkien ahalmenak, euren izaeragatik transferi edo eskuorde daitezkeenak,
transferi edota eskuorde liezazkieke. Legeak, kasuz kasu, haiei dagokien
diru-baliabideen transferentzia eta, baita ere, Estatuak gordetzen dituen
kontrol-erak aurreikusiko ditu.
3.- Estatuak
autonomia erkidegoen arauak harmonizatzeko behar diren printzipioak ezartzen
dituzten legeak egin litzake, horien eskumenpean dauden gaietan ere, interes
orokorrak hori eskatzen duenean. Gorte Nagusiei dagokie, Ganbera bakoitzaren
erabateko gehiengoaz, behar horri antzematea.
151.
artikulua
1.- 148.
artikuluaren 2 atalean aipatzen diren bost urteak ez dira pasatzen utzi behar,
autonomiarako prozesuaren ekimena 143.2 artikuluaren epean, diputazio edo
dagozkien uharteen arteko erakundeez gain, dagokien probintzia bakoitzeko
udalerrien hiru laurdenek, probintzia bakoitzeko hauteskunde-erroldaren
gehiengoa, gutxienez, izanez, erabakitzen dutenean eta esandako ekimena
probintzia bakoitzeko hautesleen erabateko gehiengoaren aldeko botoaz,
referendumaren bitartez berresten denean, lege organiko batek ezartzen duenaren
arabera.
2.- Aurreko
atalean aurreikusitako egoeran estatutua egiteko prozedura honako hau izango
da:
1.a
Gobernuak autogobernua lortu nahi duen lurraldeko barrutietan hautaturiko
diputatu eta senatari guztiak deitu behar ditu, batzarrean bil daitezen ondorio
bakarrerako, dagokien autonomia estatutu proiektua egitea, kideen erabateko
gehiengoaren akordioaren bitartez.
2.a Parlamentu-kideen
batzarrak estatutu-proiektua onetsiz gero, Kongresuaren konstituzio-batzordera
bidali behar da eta horrek, bi hilabeteko epean, aztertuko du proposizioa egin
duen batzordearen ordezkarien laguntza eta parte-hartzeaz, guztion adostasunaz azken
testua finkatzeko.
3.a Esandako
adostasuna lortuko balitz, ateratzen den testua proiektaturiko estatutuko
lurraldean dauden probintzietako hautesleek referendumaren bitartez bozkatuko
dute.
4.a
Probintzia bakoitzean eman diren boto baliodunen gehiengoaz estatutu-proiektua
onetsiko balitz, Gorte Nagusietara igorriko da. Ganbera bietako osoko bilkurek
testua erabakiko dute berrespen botoaren bitartez. Estatutua onetsiz gero,
Erregek berretsi eta aldarrikatuko du lege moduan.
5.a Zenbaki
honen 2 atalean aipatzen den adostasuna lortu ezean, estatutu-proiektua Gorte
Nagusietan, lege-proiektu moduan izapidetuko da. Horiek onarturiko testua
proiektaturiko estatutuko lurraldean dauden probintzietako hautesleek,
referendumaren bitartez, bozkatuko dute. Probintzia bakoitzean eman diren boto
baliodunen gehiengoaz estatutu-proiektua onetsiz gero, bere aldarrikapena
egingo da aurreko atalaren arabera.
3.- Aurreko
ataleko 4 eta 5 paragrafoen kasuetan, estatutu-proiektuaren probintzia bat edo
batzuen onespen ezean ez da proiektaturiko autonomia erkidegoaren eratzea
gainerakoen artean eragotzi behar, artikulu honen 1 atalean aurreikusitako lege
organikoak ezartzen duen eran.
152.
artikulua
1.- Aurreko artikuluan
aipaturiko prozeduraren bidez onarturiko estatutuetan, autonomia
erakunde-sistema oinarrituko da biltzar legegile batean, boto orokorraren
bitartez hautaturikoa, proportziozko ordezkaritzaren araberakoa eta, gainera,
lurraldeko zati ezberdinen ordezkaritza segurtatzen duena; gobernu-kontseilu
batean betearazte- eta administrazio-zereginak dituena eta presidente batean,
bere kideen artean biltzarrak hautaturikoa eta Erregek izendaturikoa, honi
gobernu-kontseiluaren zuzendaritza, bere autonomia erkidegoaren ordezkari
gorena izatea eta bertan Estatuaren ordezkari arrunta izatea dagozkio.
Presidenteak eta gobernu-kontseiluaren kideek biltzarraren aurrean
politika-erantzukizuna izango dute.
Autonomia
erkidegoaren lur-eremuan justizia auzitegi nagusi bat egongo da epaileen
antolamenduaren gailurrean, auzitegi gorenari dagokion eskumena alde batera
utzi gabe. Autonomia erkidegoen estatutuetan ezar daitezke lurraldeko
epai-mugapenen antolaketan haiek parte hartzeko izango dituzten baldintzak eta
erak. Hori guztia epaitzeko agintearen lege organikoarekin bat etorriz eta
aginte horren batasunaren eta independentziaren barruan.
Prozeduran
dauden auzialdiak 123 artikuluan xedaturikoa kontuan edukita, hala denean,
lehen auzialdirako eskumena duen erakundea dagoen autonomia erkidego beraren
lurraldean dauden epaitzeko erakundeen aurrean amaituko dira.
2.- Estatutu
bakoitza berretsi eta aldarrikatuz gero, han ezartzen diren aldabideen bitartez
baino ezin alda daitezke, eta bakoitzari dagokion hauteskunde-erroldan dauden
hautesleen referendumaren bitartez.
3.- Mugakide
diren udalerriak elkartuz, estatutuek bakoitzarenak diren lurralde-barrutiak
ezar litzakete eta horiek zuzenbide-nortasun osoa izango dute.
153.
artikulua
Autonomia erkidegoen
erakundeen jardueraren kontrola honako hauei dagokie:
a)
Konstituzio Auzitegiari, lege-indarreko arauen konstituziozkotasunari
dagokiona.
b)
Gobernuari, Estatu-kontseiluaren aurreko irizpenaz, 150 artikuluko 2 atalean
aipatzen diren eskuordeturiko eginkizunen gauzatzea denean.
c)
Administrazioarekiko auzien epaileri, autonomia-administrazioarena eta horren
erregelamenduena.
d)
Kontu-auzitegiari, ekonomia eta aurrekontuena.
154.
artikulua
Gobernuak
izendaturiko ordezkariak zuzenduko du Estatuko administrazioa autonomia
erkidegoaren lurraldean eta, behar denean, erkidego beraren administrazioarekin
koordinatuko du.
155.
artikulua
1.-
Autonomia erkidego batek Konstituzioan edo gainerako legeetan aginduriko
zereginak beteko ez balitu, edo Espainiaren interes orokorrari kalte larriak
egiteko eran jokatuko balu, Gobernuak, autonomia erkidegoaren presidenteari
eskaera egin ondoren, eta horrek bete ezean, Senatuaren erabateko gehiengoaren
onespenaz, behar diren neurriak har litzake erkidegoa behartzeko esandako
betebeharrak nahitaez betetzen edo babesteko aipaturiko interes orokorra.
2.- Aurreko
atalean aurreikusitako neurriak betearazteko, Gobernuak jarraibideak eman
liezazkieke autonomia erkidegoetako agintari guztiei.
156.
artikulua
1.-
Autonomia erkidegoek euren eskumenen garapenerako eta betearazpenerako
diru-autonomia izango dute, Espainiako ogasunarekiko koordinazio-printzipioaren
arabera, eta espainiar guztien arteko elkartasun-printzipioaren arabera.
2.-
Autonomia erkidegoek Estatuaren ordezkari edo laguntzaile moduan jardun
lezakete, horren zergak bildu, kudeatu eta likidatzeko, estatutuen eta legeen
arabera.
157.
artikulua
1.-
Autonomia erkidegoen diru-baliabideak hauek izango dira:
a) Estatuak
osorik edo zati batean emandako zergak; Estatuko zergen gainordainak eta
Estatuko diru-sarrerekiko gainerako parte-hartzeak.
b) Euren
eskuko zergak, tasak eta kontribuzio bereziak.
c)
Lurraldeen arteko konpentsazio-funtsaren transferentziak eta bestelako
diru-kopuruak Estatuko aurrekontu orokorren kontura.
d) Euren
ondareen etekinak eta zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.
e)
Kreditu-eragiketen emaitzak.
2.-
Autonomia erkidegoek ezin har lezakete inola ere euren lurraldetik kanpo dauden
ondasunei buruzko zerga-neurririk, ezta ere merkantzia edota zerbitzuen zirkulazio
librea oztopa lezakeenik.
3.- Lege
organikoaren bidez arau daitezke aurreko 1 atalean aipaturiko diru-eskumenen
jardutea, sor daitezkeen gatazkak konpontzeko arauak eta Estatu eta autonomia
erkidegoen arteko diru-lankidetzan izan daitezkeen erak.
158.
artikulua
1.- Estatuko
aurrekontu orokorretan autonomia erkidegoentzat diru-kopuru bat jar daiteke,
euren gain hartu duten Estatuaren zerbitzu eta egitekoen kopuruaren arabera eta
Espainiako lurralde osoan oinarrizko herri-zerbitzuen prestazioan gutxieneko
maila bermatzearen arabera.
2.-
Lurraldeen arteko ekonomia-desorekak zuzentzeko asmoaz eta
elkartasun-printzipioa gauzatzekoaz, konpentsazio-funtsa bat eratuko da
inbertsio-gastuetarako eta bere baliabideak Gorte Nagusiek banatuko dituzte
autonomia erkidegoen eta, horrela balitz, probintzien artean.
IX. TITULUA Aurkibidea
Konstituzio Auzitegiaz
159.
artikulua
1.-
Konstituzio Auzitegia Erregek izendaturiko hamabi kidek osatzen dute; horiengandik
lau Kongresuak proposaturikoak bere kideen hiru bosteneko gehiengoaz; lau
Senatuak proposaturikoak gehiengo berberaz, bi Gobernuak proposaturikoak eta bi
Epaitzeko Agintearen Kontseilu Nagusiak proposaturikoak.
2.-
Konstituzio Auzitegiko kideak izendatu behar dira magistratu eta fiskalen
artean, unibertsitateko irakasleen artean, herri-funtzionarioen eta abokatuen
artean, guztiek lanbidean gaitasun nabariaz eta hamabost urte baino gehiagoko
lanbide-jardunaz.
3.-
Konstituzio Auzitegiko kideak bederatzi urterako izendatuko dira eta herenka
hiru urtean behin aldatuko dira.
4.-
Konstituzio Auzitegiko kide izatea bateraezina da: ordezkari aginduekin, aginte
politiko edo administratiboekin, alderdi politiko edo sindikatu baten
zuzendaritza funtzioekin eta horientzat lan egitearekin; epaile eta fiskal
karreretan jardutearekin; eta edozein lanbide- edo merkataritza-jarduerekin.
Gainerakoan,
Konstituzio Auzitegiko kideak epaitzeko aginteko kideei dagozkien
bateraezintasunak izango dituzte.
5.-
Konstituzio Auzitegiko kideak euren agintean independenteak eta mugiezinak
izango dira.
160.
artikulua
Konstituzio
Auzitegiko kideen artean presidentea Erregek izendatuko du, auzitegi beraren
osoko bilkuraren proposamenpean eta hiru urterako.
161.
artikulua
1.- Konstituzio
Auzitegiak epai-ahalmena du Espainiako lurralde osoan eta eskumena du
arduratzeko:
a) Legeen
eta lege indarreko arau-xedapenen aurkako konstituziokontrakotasun-helegiteaz.
Lege mailako arau bat konstituzioaren kontra doala adierazteak, jurisprudentziaren
interpretaziopean, eragina izango du horren gainean, baina emandako epaiak edo
epaiek ez dute epaituriko gauzaren balioa galduko.
b)
Konstituzio honetako 53.2 artikuluan aipaturiko eskubide eta askatasunak
urratzeagatik babes-helegiteaz, legeak xedatzen duen kasu eta eratan.
c) Estatu
eta autonomia erkidegoen arteko edota horien elkarren arteko eskumen-gatazkez.
d)
Konstituzioak edo lege organikoek ematen dioten gainerako gaiez.
2.-
Gobernuak, Konstituzio Auzitegiaren aurrean, autonomia erkidegoen erakundeek
harturiko xedapen eta ebazpenen kontra egin lezake. Kontra egiteak helegindako xedapen edo ebazpenaren etena ekarriko du,
baina Auzitegiak, dagokionean, gehienez bost hilabeteko epean, etena berretsi
edo kendu beharko du.
162.
artikulua
1.- Bidezkotasuna
dute:
a)
Konstituziokontrakotasun-helegitea aurkezteko Gobernuko presidenteak, Herriaren
Defendatzaileak, berrogei eta hamar diputatuk, berrogei eta hamar senatarik,
autonomia erkidegoetako erakunde kolegiatu betearazleek eta, dagokienean,
horietako biltzarrek.
b)
Babes-helegitea aurkezteko, bidezko interesa eskatzen duen izatezko edo
zuzenbidezko edozein pertsonak, baita Herriaren Defendatzaileak eta Ministerio
Fiskalak ere.
2.-
Gainerako kasuetan, lege organikoak finkatuko ditu pertsona eta erakunde bidezkotasundunak.
163.
artikulua
Epaitzeko
erakunde batek, auzi batean, kasuari aplika dakiokeen eta epaia bere balioaren
menpean dagoen lege mailako arau bat Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeela
uste badu, Konstituzio Auzitegiari egin beharko dio galdera, legeak ezartzen
duen kasuetan, eran eta ondorioekin; araua etenaraztea ondorioetariko bat inoiz
izan gabe.
164.
artikulua
1.-
Konstituzio Auzitegiaren epaiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira
boto partikularrekin, baleude. Epaituriko gauzaren balioa dute argitaratzearen
hurrengo egunetik aurrera eta ez da horien kontrako errekurtsorik onartzen.
Lege edo lege-indarreko arau baten konstituziokontrakotasuna
adierazten dutenek edota eskubide baten onartze subjektibora mugatzen ez diren
guztiek erabateko ondorioak dituzte guztien aurrean.
2.- Epaian
besterik ez bada esaten, konstituziokontrakotasunak
eragina ez duen gainerako zatian, legeak indarrean jarraituko du.
165.
artikulua
Lege organiko
batek arautuko ditu Konstituzio Auzitegiaren jardunbidea, bere kideen
estatutua, bere aurreko prozedura eta egintzak gauzatzeko baldintzak.
X. TITULUA Aurkibidea
Konstituzio-aldatzeaz
166.
artikulua
Konstituzioa
aldatzeko ekimena, 87 artikuluko 1 eta 2 ataletan aurreikusitakoaren arabera,
burutuko da.
167.
artikulua
1.-
Konstituzioa aldatzeko proiektuak Ganbera bakoitzeko bostetik hiruko gehiengoak
onetsi behar ditu. Ez balego bien arteko akordiorik, hura lortzen saiatuko dira
senatarik eta diputatuk osaturiko batzorde parekide baten bitartez eta horrek
testu bat aurkeztuko du Kongresuan eta Senatuan bozkatzeko.
2.- Aurreko
atalaren prozedura erabilita ez bada onespena lortzen eta testuak Senatuko
erabateko gehiengoa alde duen bakoitzean, Kongresuak, bi hereneko gehiengoaz,
aldatzea onets lezake.
3.- Aldatzea
Gorte Nagusietan onetsiz gero, referendumera eramango da berretsia izateko,
onespenetik hamabost egunera edozein Ganberatako hamarrenak eskatzen badu.
168. artikulua
1.-
Proposatzen denean Konstituzioaren erabateko berrikustea edo zati batena,
horrek eragina duenean Atariko Tituluan, I. Tituluko bigarren Kapituluko
lehenengo Sailean edota II. Tituluan, Ganbera bakoitzeko bi herenen
gehiengoaren bitartez printzipioa onetsiko da eta Gorteak berehala desegingo
dira.
2.-
Hautaturiko Ganberek erabakia berretsi behar dute eta konstituzio-testu berri
bat aztertzen hasi, Ganbera bietako bi herenek onartu beharko dutena.
3.- Gorte Nagusietan aldaketa
onetsi ondoren, referendumera eramango da, bere berretsipenerako.
169.
artikulua
Ezin has daiteke Konstituzioan
aldaketarik egiten gerra-garaian edo 116 artikuluan aurreikusitako egoerak
indarrean dauden garaietan.
XEDAPEN GEHIGARRIAK Aurkibidea
Lehena
Konstituzioak
babestu eta errespetatzen ditu lurralde forudunen eskubide historikoak.
Esandako
foru erregimenaren eguneratze orokorra, gertatuz gero, Konstituzio eta
autonomia estatutuen esparruan egingo da.
Bigarrena
Konstituzio
honen 12 artikuluan dagoen adinekoa izatearen adierazpenak ez die kalterik
egiten zuzenbide pribatuko esparruan foruetan babesten diren egoerei.
Hirugarrena
Kanariar
Uhartediko ekonomia- eta zerga-erregimenaren aldatzeak autonomia erkidegoaren
aurreko txostena beharko du edo, hori badagokio, behin-behineko
autonomia-erakundearena.
Laugarrena
Lurralde-auzitegi
bat baino gehiagok egoitza duten autonomia erkidegoetan, autonomia- estatutuek
daudenak manten litzakete, beraien artean eskumenak banatuz, betiere epaitzeko
agintearen lege organikoan aurreikusitakoaren arabera eta aginte horren batasun
eta independentziaren barnean.
XEDAPEN IRAGANKORRAK Aurkibidea
Lehena
Behin-behineko
autonomia-erregimena duten lurraldeetan, horien organo kolegiatu gorenek, euren
kideen erabateko gehiengoaren adostasunaz, 143 artikuluko 2 atalak probintzia-
diputazioei edota dagokien uharteen arteko erakundeei ematen dien ekimenean,
horien ordez jardun lezakete.
Bigarrena
Iraganean
autonomia estatutu proiektuen aldeko plebiszitua egin dituzten lurraldeek eta,
Konstituzio hau aldarrikatzen denean, behin-behineko autonomia-erregimena
dutenek, berehala, 148 artikuluko 2 atalean aurreikusten den eran joka lezakete,
euren autonomia aurreko erakunde kolegiatu gorenek, erabateko gehiengoaren
bidez, hori erabakitzen badute, Gobernuari horren berri emanez.
Estatutu-proiektua, 151 artikuluko 2 zenbakian ezartzen denaren arabera egingo
da, autonomia aurreko erakunde kolegiatuaren deialdipean.
Hirugarrena
143
artikuluko 2 atalean aurreikusten den tokian tokiko erakundeen edota horien
kideen autonomiarako prozeduraren ekimena atzeratu egiten da, ondorio
guztiekin, Konstituzioa indarrean sartzen denetik tokian tokiko lehenengo
hauteskundeak egin arte.
Laugarrena
1.-
Nafarroari dagokionez, eta berau Eusko Kontseilu Nagusian edo ordezkatuko duen
euskal autonomia-erregimenean sartzeko, Konstituzioaren 143 artikuluan ezartzen
denaren ordez, ekimena foru erakunde eskumendunari dagokio eta horrek bere
erabakia dituen kideen gehiengoaz hartu beharko du. Aipatutako ekimenak balioa
izateko, gainera, foru erakunde eskumendunaren erabakia zehazki horretarako
deituriko referendum baten bidez berretsi beharko da, eta emandako boto baliodunen
gehiengoak onetsi beharko du.
2.- Ekimenak
ez badu aurrera egiten, bera foru erakunde eskumendunaren agintaldi berri
batean baino ezin errepika litzateke eta, betiere, 143 artikuluak ezartzen duen
gutxienezko epea igaro ondoren.
Bosgarrena
Ceuta eta
Melilla hiriak autonomia erkidego moduan era daitezke udaletxe bakoitzak hori
erabakitzen baldin badu, beraien kideen erabateko gehiengoak hartutako
erabakiaren bitartez eta Gorte Nagusiek hori baimenduz gero, lege organiko
baten bidez, 144 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Seigarrena
Kongresuko
konstituzio-batzordera estatutu-proiektu bat baino gehiago bidaltzerakoan
sarrera hurrenkeran erabakiko dira, eta 151 artikuluak aipatzen duen bi
hilabeteko epea, batzordeak ikusi duen proiektuaren edo ondoz ondoko proiektuen
azterketa bukatzen duenetik hasiko da martxan.
Zazpigarrena
Behin-behineko
autonomia-erakundeak hurrengo kasuotan desegintzat hartuko dira:
a)
Konstituzio honen arabera onetsiko autonomia estatutuek ezartzen dituzten
erakundeak eratzerakoan.
b)
Autonomiarako prozesuaren ekimena ez bada aurrera ateratzen 143 artikuluan
aurreikusitako baldintzak ez betetzeagatik.
c)
Erakundeak ez baleza erabil lehenengo xedapen iragankorrean onartzen zaion
eskubidea hiru urteko epean.
Zortzigarrena
1.- Konstituzio
hau onetsi duten Ganberek bereganatuko dituzte, konstituzioa indarrean sartzen
denetik, Kongresu eta Senatuarentzat, hurrenez hurren, bertan adierazten diren
eginkizun eta eskumenak, horien agintaldia, inolaz ere, ezin da 1981eko
ekainaren 15etik aurrera luzatu.
2.- 99
artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Konstituzioaren aldarrikapena bere
erabilpenerako konstituzio-baldintzatzat hartuko da. Horretarako, aipatutako
aldarrikapenetik hogei eta hamar eguneko epea irekiko da artikulu horretan xedaturikoa
betetzeko.
Epe
horretan, gaur egungo Gobernuko Presidenteak, Konstituzioan kargu horrentzat
ezartzen diren zereginak eta eskumenak bereganatuz, aukera lezake 115
artikuluan onartzen zaion ahalmena erabiltzea edo 99 artikuluan ezarritakoa
martxan jartzea, bere kargu-uztearen bitartez, azken kasu horretan 101
artikuluaren 2 atalean aurreikusitako egoeran geratuko da.
3.-
Desegiteren kasuan, 115 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta 68 eta 69
artikuluetan aurreikusitakoa legearen bitartez garatu ez balitz,
hauteskundeetan aurretik indarrean dauden arauak erabiliko dira, honako kasu
bakar hauetan izan ezik: hautaezintasunei eta
bateraezintasunei buruz Konstituzioaren 70 artikuluko 1 ataleko b) letrako
bigarren esaldian aurreikusitakoa zuzenean erabiliko da; eta baita ere bertan
boto emateko adinari buruz xedatutakoa; eta 69.3an ezarritakoa.
Bederatzigarrena
Konstituzio
Auzitegiko kideen lehenengo hautaketatik hiru urtera hautaketa-jatorri bereko
lau kideen taldea, zozketaren bidez, esleituko da, kargua utzi eta berritzeko.
Ondorio bakar honetarako Gobernuak proposaturiko biak eta epaitzeko agintearen
kontseilu nagusiak proposaturiko biak hautaketa-jatorri berekotzat hartuko
dira. Aurreko zozketak ukitu ez dituen bi taldeen artean gauza bera egingo da
beste hiru urte igaro ondoren. Ordudanik aurrera 159 artikuluko 3 zenbakian
ezarritakoa beteko da.
XEDAPEN
INDARGABETZAILEA Aurkibidea
1.-
Indargabeturik geratzen da Aldatze Politikorako 1/1977 legea, urtarrilaren
4koa, baita ere, aipaturiko lege horretan indargabetu ez diren heinean,
Mugimendu Nazionalaren Printzipioena, 1958ko maiatzaren 17koa; Espainiarren
Foruarena, 1945eko uztailaren 17koa; Lanaren Forua, 1938ko martxoaren 9koa;
Gorteen Eratze-Legea, 1942ko uztailaren 17koa; Estatu-burutzaren oinordetzaren
Legea, 1947ko uztailaren 26koa, horiek guztiak aldatuta Estatuaren Lege
Organikoaren bitartez, 1967ko uztailaren 10ekoa; eta, era berean, azken hori
eta 1945eko urriaren 22ko Nazio Referendumarena.
2.-
Nolabaiteko indarra izan lezakeen heinean, behin betiko indargabetutzat hartzen
da 1839ko urriaren 25eko legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzietan
eragina izan lezakeenean.
Era berean
1876ko uztailaren 21eko legea behin betiko indargabetutzat hartzen da.
3.- Aldi
berean indargabeturik geratzen dira Konstituzio honetan ezartzen denaren aurka
doazen xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENA Aurkibidea
Konstituzio
hau bere testu ofiziala Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean
sartuko da indarrean. Espainiako gainerako hizkuntzetan ere argitaratuko da.
Beraz,
Agintzen
diet espainiar guztiei, partikular zein agintariri, Konstituzio hau Estatuaren
oinarrizko arautzat bete eta betearaz dezaten.
Gorteetako
Jauregia, mila bederatziehun eta hirurogei eta hamazortziko abenduaren hogei
eta zazpian,
JUAN CARLOS
Gorteetako
Presidentea: Antonio Hernández Gil
Diputatuen
Kongresuko Presidentea: Fernando Alvarez de Miranda y Torres
Senatuko
Presidentea: Antonio Fontán Pérez.
Konstituzioa tituluka ikusteko eragin dagokizunari