EUSKARA NAFARROAKO ERRIBERAN




    Nafarroako Erriberaren ezaugarri kulturalak zeintzu diren saiatu naiz azaltzen liburu honetan. Liburuaren tesia, nolabait esateko, zera da: Erribera kultur aniztasun handia izan duen ingurua da, baina euskal herriarekin, euskal etniarekin errotuta egon da beti. Ideia honen inguruan, euskararekin lotutako herri hizkera, toponimiari buruzko azalpen batzuk eta egungo erreferentzia kulturalak aurkezten ditut.

    Sarrera gisa Erribera kokatu dut, bai geografikoki bai historikoki, zeren zenbaitetan ez bada oso argi ikusten nondik nora heltzen den. Modu xinple batez esanda Erribera Euskal herriko hegoalderik hegoaldeneko lurraldea da. Nafarroan ere halako kontzeptu difusoa erabiltzen da eta nik Ebro inguruko bazter horiek marraztu baino ez dut egin.

    Gero sarrera historikoan, modu zabal batez Euskal Herriko eta Erriberako bide historikoak nola uztartu diren piskat argitzekotan, gure historiari errepaso bat egin dut. Sarrera honetan, egia esateko, inportanteenak ez dira erantzunak, baizik eta galderak. Adibide bezala, zer suposatu zuen Erromanizazio Euskal Herrian eta aldi berean Erriberan. Nik gai honen inguruan, esaterako, hirugarren eta bosgarren mende bitarteko garaietan euskarak eta latinak izan zuten harremanen ondorioz hiztegi bitxi bat sortu zela ikusi ditut. Hiztegitxo horretan, alde batetik fruitu eta baratzen izenak, hala nola piperra, tipula, baba, pastanaga, piku, gerezi, mertxika, etabar eta bestetik kristautasunaren kontzeptuak adierazten diren hitzak, arima, gurutze, aingeru, etabar, agertzen dira. Nik, lexiko aldetik euskarari erantsi zitzaizkion mailegu horiek, beharbada, bertan, Ebroren erriberetan gauzatu zirela pentsatzen dut. Alde batetik nekazaritza teknikak bertan garatu zirelako, eta holako produktuak han ekoizten zirelako, eta ez, saltus vasconum delakoan, gailurren artean, eta bestetik kristautasunaren lehenengo urratsak Ebro inguruan eman zirelako, hango hirietan: Calahorran, Kaskanten, Grakurin... Niretzat, baskoiak, Ebro inguruan bizi ziren baskoiak euskaldunak ziren eta elebitasuna sortu zenean euskara ez zen galdu, hau da erromanizazioak ez zuen ekarri latinizazioa, latinizazio osoa bederen.
    Beste aro interesgarri bat, eta oso gutxi ikertua izan dena, Erdi Aroan euskaldunak eta arabiarrak (musulmanak) elkarrekin bizi ziren aroa da. Hor badago gauza asko ikertzeko. Normalean bakarrik gudak kontatzen dira, baina seguraski euskaldunen eta arabiar kulturako jendeen artean elkarbizitza bat moldatu zuten, batez ere Erriberan noski, eta hortik arrasto batzuk geratu omen dira euskal kulturan. Erriberako toponimia historikoan arabiera eta euskera elkartzen dira zenbait leku-izenetan, esaterako Melidako “almanara gibela” leku-izenean.
    Dena dela historian zehar ikusten da Erriberan beti izan dela euskaldunen orubea eta Eneolitos-tik pasa den menderarte bere bizimodu tradizionalagatik (Trashumantzia, larre-aldaketak zirela eta) eta mendialdetik eremu zabaletara jendeen ohizko mugimendugatik euskararen presentzia etenik gabe jardun zuen Erriberan. Baina aintzinatik ere kultura ezberdinetako jendeak instalatu dira Ebroren arroan: keltak, erromatarrak, arabiarrak, etabar; eta Erriberako hirietan, oso aintzinatik ere, erdara ezberdinak elkarbizi ziren, gaztelania gizarte hizkuntza izatera aillegatu arte.
    Historia honen aztarna bezala herri hizkeran euskarari lotutako lexikoa geratu da. Nik euskara ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen herriko zenbait hitz, oso erabiliak, euskaratik hartuak zirela, nonbait, eta nik esaten nionean bati : “Begira hitz hori euskaratik dator”, berak “Ze, ba, ezinezkoa da, hori betidanik esan da horrela hemen” erantzuten zidan. Horregatik zio bat sortu zitzaidan euskal lexikoa biltzeko eta aztertzeko. Emaitza liburuan ikus dezakezue. Hemen biltzen ditudan hitzak nik entzunak edo Erriberako herri hizkera biltzen edo aztertzen diren liburuetatik hartuak dira. Batzuk oso normalak dira gaurko hiztunen ahotan baina beste batzuk, bizimodu tradizionalari (abeltzaintzari, nekazaritzari..) lotuak direnak, zaharrek bakarrik ezagutzen edo erabiltzen dituzte. Batzuk zabalduta daude Euskalherria osoan eta Arriagak edo Zaratek Bizkaian eginiko bilketetan agertzen dira. Beste batzuk, ordea, nahiko bitxiak dira. Ez naiz hiztegi honetaz luzatuko; bakarrik esan bizitza eta gizarte arlo guztietan agertzen direla, eta sentimendu edo afektibitate atxikitzen duten egoeratan agertzen dira maizago, adibidez haur hizkeran, famili giroan, etabar. Nik uste dut honako hitz asko ezpain euskaldunetatik pasatu direla erdarara. Pentsatu behar dugu jende elebidun asko bizi dela Erriberan mendeetan zehar eta orain dela mende gutxi arte Nafarroako biztanlegoa euskalduna zela ehuneko larogeiko proportzioan.

    Aritu naiz baita ere gainbegirada bat botatzen toponimiari. Gai hau eztabaidatsu da. Joan den mendean esaten zen euskara penintsula osoan izan zela eta edonon aurkitzen ziren euskarazko leku izenak. Orain, berriz, zenbait ikertzaileentzat benetako euskal toponimoak bakarrik Nafarroako txoko txiki batean aurkitzen dira. Baina Erriberan euskal toponimoak badaude. Toponimiak hizkuntzen historia isladatzen du eta Erriberan bertan hitz egin diren hizkuntz guztietako leku izenak aurkitzen dira. Aurten Nafarroa Oinez ospatuko dugun lekuaren inguruan erro ezberdinetako hiri izenak aurkitzen ditugu, hala nola Lodosa gaztelanierazkoa, Azagra edo Alcanadre arabierazkoa, Karkar eta Sesma latinezkoa, Mendabia, Lerin eta Andosilla euzkarazkoa, Sartagudan, euskara eta gaztelania nahasten direlarik. Nik gaiari heldu diot baina orain azterketa sakon bat egiteke dago. Dena dela ez dago dudarik historikoki Ebroren bi aldeetan euskeraren aztarnak aurkitzen direla.

    Azkenean erreferentzia etnografikoak, kulturalak eta euskararen aldeko zenbait ekimenen berri eman ditut, argira jartzen ogeigarren mendeko lehen hamarkadetan Erriberan bizi zen giro euskaltzalea edo bederen nola aritu ziren kultur ekintzaile batzu euskararen eta euskal kulturaren alde. Eta sail honetan, pertsona baten bizitza eta lana azpimarratu nahi nuke gaur. Diego Pascual Erasorena. Diego Pascual Eraso Erriberan jaio zen, Korellan. Gazte denboretan Bizkaiara etorri zen lan bila. Hemen aurkitu zuen giro kulturalean sartu zen. Lanak uzten zion denboran maisu ikasketak burutu zituen, Bilbon irakasle lanpostu bat lortuz. Nafar Ateneoa (Ateneo Nabarro) sortu zuen Bilbon eta bere lehendakari modura eginkizun ainitz antolatu zuen nafar asko euskal kulturaren inguruan bilduz. Errepublika garaian bere kazetaritza lana oso interesgarria da. Nafarroari buruz asko idatzi zuen Euzkadi eta La tarde egunkarietan. Erriberara maiz azaldu zen ideia jeltzaleen propaganda egitekotan. Gerra denboretan Euskal Gobernuaren Kultur Sailan egin zuen lan. Exilioa ezagutu ondoren Bilbora itzuli zuen etxea eta lanpostua galduta. Bizimodua irakasle gisa bermoldatu zuen nolabait, bere ideiak galdu gabe, eta, Erribera eta Nafarroa beti bihotzean edukita, zenbait artikulu idatzi zuen frankismo garaian Vida Vasca aldizkarian nafar gaiei buruz. Nafarroako Diputazioak sortutako Fontes Linguae Vasconun aldizkarian “Euskal toponimia Korellan” izenburuko artikulua argitara eman zuen milla bederatziehun ta hirurogei ta zortzian. Artikulu horrek eragin handia izan zuen jende gaztearengan, Erriberako euskaltasuna ezagutarazten eta euskaltzale berriak sortzen. Pertsonaia oso interesgarria, Diego Pascual Eraso, liburu bat merezi duena.
    Liburuaren hondarretan azken urteetan egin diren euskararen aldeko lanak kontatzen ditut. Honako hitz hauekin bukatzen da liburua:
“Gaur egun, Ebroren arroan, Bianatik Kortesera, Lodosa, Sartaguda, eta Tuterako ikastolek komunitate euskaldun jori bat hezitzen dute”.
    Hori errealitate bat da baina eginkizun horretarako ezinbestekoak dira Nafarroa Oinez bezalako kultur ekintzak. Eta kultur ekintza hauek aurrera ateratzeko euskararen alde dagoen jende guztiaren laguntza beharreskoa da. Nire partez, liburu honek pittin bat lagunduko badio Lodosa-Sartagudako ikastolari, ni pozik nintzake.

Bilboko Kafe Antzokian egindako liburuaren aurkezpena, 2001eko Nafarroa Oinez-aren aldeko ekitaldi baten barruan.