SAN JUAN : EGUZKIREN JAIA

 

Félix Muguruza Montalbán

Sanjuanetako jai egitarauan – Laudio 1994 eta 1995

 

Euskal Herriak, beste kultura askorekin gertatzen zaigun bezala, eguzkia jauretsi zuen eta, jaungoikotzat hartuz, zegozkion laudakizun eta gurtzapenak egiten zizkion.

 

Andere eder horrek -gogora dezagun iparreko kultura gehienek, Euskal Herrikoa barne, ekia emakumezkotzat hartzen zutela- sortaldetik agurtzen zuen goizalde orotan, gogoan izandako bero eta argia ekarriz eta, horrela, alde batetik landare, pizti eta gizakiei bizitza emanez eta, bestetik, iratxo, sorgin eta beste gaizkilez betetako gau iluna aldenduz.

 

Eguzkiarekiko mitologian eta gurtzapenean oinarritutako eragileek sorreraziko zuten, ziur aski, gure egunetara arte dirauen etxeen aurrekaldea ekialderantz, hau da, eguzkia irteten den tokirantz zuzentzearen ohitura zaharra.

 

Badirudi, erroztapen haundiko ohitura izan zela gure herriaren lehenengo garaietatik; ekandu horren aztarnen adibide, artzain txabolena dugu, zeren saroe askotan berdinki orientaturik bait daude. Gauza bera dugu Erdi Aroko hilobietan, burua mendebaldean eta oinak ekialdean jarriz. Era eta jarrera berean trikuharri eneolitikoak ditugu; guzti honek, ohikuntza hau beste herrietako sinismen eta mito antzekoez sortua izan zela iradokitzen digu.

 

Antza denez, eguzki-jaungoiko horren gurtzatu beharrak, ordezkapeneko ikurren sorrera -neolitikoan bertan- eragiten du. Garai hartako marrazkietan agertzen zaizkigu; beranduago Burdin Arokoetan eta, geroago, (IX-XVII mendeetan) hilerrietako hilarri borobiletan ere. Gaur egun, eta eguzkia ordezkatzen zuten ikur haien hondar bezala, gehienok ikusi edo eduki dugun "lauburua" geratzen zaigu.

 

Eta egunotan ospatzen duguna ulertu ahal izateko, eguzkiarekiko laudakizuneko inguramendu honetantxe kokatu behar dugu gure jaia: gure izarra indar gehien duenean, ortzea gorenetik zeharkatzen duenean, gau ilun eta bildurgarriak gutxien dirauenean hain zuzen ere. Une horri udako solstizio deritza.

 

Bere hasieratik, eguzkiaren gehienezko indar eta poterearen omenezko jai hau magia eta alaitasunez beteriko ospakizuna izan zen, berehala erroztapen handiko bihurtu zelarik.

 

Zertzelada berdintsuak nabariak ditugu neguko solstizioan -abenduaren amaieran-: jaun eta jabe zen gaua, argiaren indarrarekiko makurtu egiten denean, egun-argiaren luzapen aurrerakorra suertatuz.

 

Oso kultu haundikoa izan behar izan zuten jai pagano bi hauek ezen , kristautza heltzean eta bereganatu nahi izatean, teorikoki laudagai haundienetako zirenekin egin bait zuten; alde batetik, eta neguko solstiziorako, Jesukristoren jaiotzea dugu -historikoki ezin pentsa daiteke gabonetan jaio zenik, jakina-. Eta udako solstizioko jaia ordezkatzeko bere apostolurik garrantzitsu eta laudatuenaz darabilte: Donibane. Donibanek Historia Sakratuan duen garrantziaren ideia egiteko, ez da, Jesukristo berak, honetaz egiten digun laudapena gogoratu behar baino: "emakumearengandik jaiotakoen artean ez da Donibane baino haundiagorik".

 

Gauzak horrela, Donibane jaiak, edo "Sanjuanak", udako gabontzat jo ditzakegu, biak ezaugarri pagano eta herrikoez beteta daudelarik. Gure jaian, Eguzki-jaungoikoa, eta bere ordezkoa den sua, jauretsi egiten dira, azken honi, gainera, lehenengo garaietatik, balio terapeutiko eta profilaktikoa iratxekiz.

 

Jai honen barruan bada, herri batetik bestera aldatu egiten den zenbait ohitura eta, bizi garen garaiotan arinki galdu eta ahantzi egiten dena, gure begien aurrean iraungitzen den urte askotako kultura eta bizimodu multzo honen azken lekukoak bihurtuz.

 

Kondaira horien artean esan egiten da, Donibane goizean, eguzkia dantzatzen irteten dela; egun honetako bainu eta ihinztadurek urtean zehar izan daitezkeen gaixotasunetatik babesteko balio dutela; egun horretan elorri zuria, lizarra, likurusa, ira loratua, e.a. ate eta lehioetan jarriz, edota ate nagusiko ataria lore eta belarrez estaliz, tximistetatik babestu egiten dela etxea; bildutako belarrek, egoskian harturik, zenbait gaitz sendatzeko balio dutela, e.a. Esandako ohituren artean, gure eskualdean sustraituen dagoena, etxearen ate nagusian Donibane gauean edo egunsentian bildutako lizar adarrak ipintzearena da. Bere esanahia galtzen badoa ere, badirudi bere erabilpena etxea iratxo, gaixotasun, tximist eta beste gaitzetatik libratzekoa zela.

 

Ohitura multzo honen barruan ere kokatu behar ditugu Donibaneren aurreko gauean, etxeen aurrean eta bidagurutzetan egiten diren suak; azaleko gaixotasunik ez izateko sute horien gainetik egiten diren jauziak; sua inguratzen, -berau beti eskuinean geratzen delarik- senitarte guziak otoitzen aritzea; uztetan gaixotasun, izurriteak eta gaitzak ekiditeko sutetan piztutako belar-sortekin baratzetatik joatea; herriko plazan Donibane-zuhaitza, jabeak -bere ezetzarekin hartu badute ere- erreklamatu ezin duelarik, izendatutakoa jartzea; Donibaneko zenbait baselizatara zihoazen erromesak belar eta bizigurez koroatzea.

 

Gaur egun gas-biltegi bat dagoen orubean eraiki zuten gure arbasoek orain ez den baseliza zaharra, bere gurtzapenak egin ahal izateko. Baseliza zahar hori "San Juan Astobizako" izendapenaz agertzen zaigu aspaldiko idazkietan, alde horretako izena hartuz. Bere egoera txarra zela , eta ikusirik bertako zoladura bustintsuegia zela oinarri on bat egiteko, erabaki zen gaurko baseliza dagoen tokian eraikitzea. 1.895 urteaz ari gara.

 

Eta amaitzeko, animatu behar dira bai Landaluze eta Larrazabal auzokoak zein kanpotik etorriko den hainbeste bisitari, gure jaiaz ase daitezen baina bere ospakizunaren nolakoa eta zergatiaren memoria historikoa ahantzi barik. Eta hauxe da lantxo honen xedea, helburu horretarako zerbait lortuko den itxaropenaz.