 |
WEBGUNEAK
Web-sites
- Webs
 |
|
Txileko euskal emigrazioa
Sara Uriarte Alvarez de Eulate
 |
|
|
|
URL: http://kix.casa.free.fr/page11.html
Patricio Legarraga Raddatz euskal sustraiak dituen txiletar
bat da, hain zuzen ere Baztango sustraiak. 1999ko Eguberri
bezperan, eta bideo solasaldiaren bidezko prentsaurreko
batean, "Emigración a Chile del Valle de Baztán
(Navarra) en el siglo XX" (Nafarroako Baztandik Txilerako
emigrazioa XX. mendean), berak Agustin Otondo Dufurrenarekin
(Txilen bizi den baztandarra) batera idatziriko liburua,
ezagutzera eman zuen.
Egun Txilerako euskal emigranteen inguruko bigarren liburu
bat idazten ari da, baina oraingo bere lana Ipar Euskal
Herriko hiru herrialdetan kokatu du: Lapurdi, Behe Nafarroa
eta Zuberoa. Horretarako Donibane Lohitzuneko Christineren
laguntza ukan du. Bien artean web orrialde hau abian ezarri
dute, haren bitartez jendearen laguntza erdietsi nahi dute
eta, era honetan, XIX. eta XX. mendeetan Txilera buruz migratu
ziren Iparraldeko euskal familien Historia eta Genealogia
osatzea espero dute.
|
EDUKIA
Webak sarrera bat eta bederatzi atal ditu:
- Baserritarrak eta Nekazariak. Hasiera batean,
Amerikarako euskal emigrazioa arrazoi politikoek eta apaizen
kontrako jarrerak oztopatu zuten. Baina oztopo hauek desagertu
zirenean, eta baserri giroko XIX. mendeko krisiarekin,
azken bultzada jaso zuen.
- Kontrabandistak eta desertoreak. Kontrabandoan
aurkitzen zuten euskaldun anitzek haien bizimodua; XIX.
mendean zehar gertatu ziren arantzel aldaketek lanik gabe
utzi zituzten haiek. Amerikara joateko bertze arrazoi
bat nahitaezko soldadutza izan zen. Intsumituen eta desertoreen
kopuruek sekulako gorakada jaso zuten: Basses Pyrenees
departamenduan (Ipar Euskal Herria eta Biarno) Frantziar
estatuko soldadu iheslarien herena eta gehiago biltzen
ziren.
- Premuak eta seme-alaba gazteak. Euskal Herrian
indarrean zegoen premutasun sistemak premuaren (seme edo
alaba zaharrena, gehienetan) eskuetan uzten zituen etxearen
ondasun guziak. Era honetan etxearen irautea bermatzen
zen, baina seme-alaba gazteagoek etxean ezkongai gelditu
behar ziren, edo bertzenaz emigratu. Iraultzaren ondoren
oinordetza lege berriak inposatu zituzten, lege hauek
ondasunak banatzera behartzen zuten eta etxearen segida
arrisku bizian jarri zuten, eta, maiz, familia osoa emigratzera
behartu zuten.
- Aro berria. Euskal Herriko kostaldea, bistan
da, itsasotik bizi zen. Itsas txikia, balea zein hegaluze
arrantza, pirateria eta filibusterismoa izan ziren euskal
itsas gizonen jarduera nagusiak. Jarduera hauek kontinente
berrira joanarazten zituzten, eta batzuetan han bertan
geldiarazten. Ternutik hasita (XV. eta XVI. mendeetan).
- XVII. eta XVIII. mendeak. Txile espainiar kolonia
zenez emigrazioa, hasiera batean, Hegoaldeko euskaldunei
mugatu zen, eta Iparraldekoek debekaturik zuten. Joan
zirenak batik-bat funtzionarioak eta merkatariak izan
ziren, eta Txileko aristokrazia bizkar hezurra haiek osatu
zuten.
- XIX. mendea. Garai garrantzitsuena da Iparraldetiko
emigrazioarendako, batez ere Errobiko eta Uhaitz Handiko
ibarretatik. XX. mendean azpimarratuko da Euskal Etxea
1922an sortu zela eta euskal jatorriko zazpi estatuburu
eta anitz apezpiku izan zirela.
- Iparraldeko euskaldunak Txilen. Denda txikiak
eraman zituzten, denda haiek, usu, merkatal etxe handi
bilakatu ziren, larrugintza eta oinetako lantegiak sortu
zituzten.
- Amerikanoak. Amerikanoak Euskal Herrira itzultzeak
bertako ekonomia bizkortu zuen. Estilo indianoko etxeak
eraiki zituzten, eta haiei Txileko herrietako izenak ezarri
zizkieten, parke ederrak sortu zituzten, zuhaitz exotikoekin,
eta kargu politikoak bete zituzten.
- Genealogia. Atal honek sei orrialdetako zerrenda
batera eramaten du, hartan Txilera joaniko 1.286 euskaldunen
izen abizenak jasotzen dira.
|
IRUZKINA
Aurkezpen erakargarri batekin (18 argazkirekin apaindua)
informazio ugari eta baliagarria biltzen ahal izan dute
egileek. Liburua ateratzen denean omenaldi bat izanen da
dena gibelean utzirik bizi berri bat hasteko Txilera joan
ziren ehunka euskaldunendako. Abizena soilik eraman zuten
haiekin, hura gordetzeko eta haien ondorengoei igarotzeko.
Itzulpena: Iñaki Uritz
|
Itzuli gora
|
|
|
|
 |