 |
ETIMOLOGIA
Étymologie
- Etimología - Etymology - Etymologie - Etymologia
 |
Abizenak eta grafiak
Mikel Belasko
 |
|
Bizi ditugun garaietan agiri idatziek halako presentzi
nabarmena eta nonahikoa dute ezen, bertze garai ez oso aspaldikoan
egoera erabat ezberdina zela atzenarazten baitigute. Gaur
egun, gure herrietako izenak, berdin geronen izenak eta
abizenak, agiri ofizialetan idatziz jaso dira, eta arau
zorrotzek arautzen dute haien erabilpena. Beraien hizkuntz
komunitateek onartzen dituzten ortografiak dauzkate gure
hizkuntzek, inguratzen gaituzten guziek. Baina, dagoeneko
erran dudan bezala, hau guzia berri samarra da; eta, gure
toponimoei eta abizenei dagokienez, arras berria. Batez
bertze, Nafarroako herri baten izena 1.500 urte zahar da,
herriari paratu ziotenetik, eta 1.000 bat urtean izan da
idatzia; era berean, etxe batena 500 edo 600 urte zahar
izaten da, eta denbora berdintsuaz izan da idatzia. Hala
ere, euskal ortografia 1973 artio ez zen finkatu, eta Real
Academia de la Lengua Española delakoak XIX. mendea
artio ez zuen arau ortografikorik argitaratu. Herriei dagokienez,
hortaz, 700 urte baino gehiagoko tarte batean izenak idazteko
moduan ez zen araurik egon; eta, bistan denez, gure kasuan
egoera larriagoa zen, izen anitz jatorriz euskarazkoak izanik
gaskoiz, gazteleraz eta frantsesez idazten direlakoz. Egoera
honek euskal literaturan ere eragin du, urte anitzetan Espainiako
edo Frantziako ortografia ohikoenen arabera idatzi izan
baita euskaraz.
ARAZO NAGUSIAK
Euskal izenak, orokorrean, ez dituzte gehiegi bortxatzen
espainiar eta frantses ortografiek (azken honetan aldaketa
gehiago jasotzen dira). Baina bai gertatzen dira kontuan
hartu beharreko fenomenoak:
Erdal grafiarekin idatziriko euskal izenak
- Izen bera bukaerako -a mugatzailearekin edota
hura gabe ager daiteke. Hau da, agiriaren arabera herri,
etxe edo abizen bera Elizaldea edo Elizalde
bezala ager daiteke.
- Izen konposatuetan, lehendabiziko osagaiaren bukaerako
-e honela ager daiteke ala -a, agiriaren
arabera: Larrezabal eta Larrazabal.
- Izen konposatuetan ere, lehen osagaiaren bukaerako
-o honela ala -a ager daiteke, agiriaren
arabera: Fagoburu eta Fagaburu.
- Izen konposatuetan lehen osagaiaren bukaerako -i
ager daiteke ala ez,agiriaren arabera: Iturrialde
eta Iturralde.
- Lehen osagaia bokalez bukatzen bada eta bigarrenak
ere hasierako bokala badu, izen konposatuetan, hainbat
konponbide eman daitezke:
- A + o, gehienetan -o-, Errekondo,
eta Errekaondo.
- A + e, gehienetan -e-, Otegi,
baina Otaegi ere bai.
- Etxe izen bera buka daiteke -rena, -ena,
-enea edota -enekoa, agiriaren eta dataren
arabera: Arotzarena, Arotzena, Arotzenea,
Arotzenekoa.
|
Itzluli gora
|
Euskal fonetikak eta morfologiak azaltzen dituzten
aldaerak
- Euskarak baditu gazteleraz eta frantsesez ez dauden
hotsak: tz (bikain transkribatzen zen, ordea, erdi
aroko okzitanierazko agirietan), ts, z eta
s bereiztuak, x hotsa. Beraz, Elizaga bezain
izen erraz bat, zenbait eratan ager daiteke: Elissague,
Elisaga, Eliçaga, Elizaga...
Arotzena, bere aldetik, Arocena, edo Arozena,
edo Aroçena...
- b/v txandakatzen dira: Echeverria, Echeberria.
(Euskarak ez dauka ?eta segur aski ez du sekula izan?
v hotsa, gazteleraz bi hotsak neutralizatu dira ?ebakera
diferenteekin? horregatik nahasketa; frantsesez bi hots
diferente dira).
- y/i txandatzea: Iturriberri eta Yturriberry
- Gaztelera zaharrean x hizkia gaur egungo euskarazkoa
bezala ahoskatzen zen, gero j albeolar bilakatu
zen. Euskal abizenak idazterakoan bi hots haietako edozein
irudika dezake. Beranduago j grafia nagusitu zen: Elexalde
eta Elejalde.
- h era arbitrarioan erabiltzea. Jakina denez,
h hasperen bat da Ipar-Ekialdeko euskalkietan,
eta euskalki haiek mintzatzen diren lekuetan hots hura
irudika dezake. Erdi aroan f bitartez ere adierazten
zen: Ferriete (Harrieta). Hegoaldean, ordea, agertzen
denean, era arbitrarioan erabiltzen da: Huarte, Uarte,
Uharte, Ugarte.
- ge, gi hotsak gue, gui/guy adierazten
dira; eta ke, ki hotsak que, qui.
Idazten zen hizkuntzara egokitzen zen izena
- Euskal -u bukaerak, gazteleraz -o bezala
ager daitezke: Aramburo.
- Euskal -a bukaerak, frantsesez -e idazten
dira: Elissague.
- Euskal -e bukaerak, frantsesez bukaera hori
galtzen dute, batik-bat -t- baten atzetik: Espelette.
- -zk- hizki multzoa -squ- bezala ager
daiteke: Esquíroz.
- Hasierako bokalak galtzea: Rotaeche, Chávarri.
- Bukaerako -l bokalitzatzea, Iparraldean: Larcevau
(Larzabal), Mendibieu (Mendibil).
- -El,. -La, edo Le- hasten diren abizenak
alda daitezke erdal artikuluekin nahasita: Rañeta
(Larraineta).
- Euskal abizenei erdal d' aurrizkia itsats dakieke:
Aoiz > Daoiz, Urruti > Durruti,
Agerre > Daguerre.
Euskal forma herritarrak ez dira jasotzen
- Honela, Doneztebeko (Nafarroa) euskaldun batek abizentzat
herriko erdal izen ofiziala hartuko du sistematiko: Santesteban.
- Era berean anitz izenen, ia denen, herriaren ahoskatze
euskalduna ez da sekula islatzen abizenetan: Lazkao
(Lazcano), Undixo (Undiano), Galdixo (Galdiano), Gorza
(Güesa), Sartze (Sarries), Orzaize (Osés)...
- Bistan denez, gaur egungo toponimoen euskal forma ez
da agertzen zuzenean abizeneta: Aranaz, gaur egun
Arantza deitzen den herritik.
Abizenak itzultzea
- Historian dokumentaturik dago euskal abizenak bertze
erdal batzuez, kidea izanik ala ez, itzuli direla: De
Miguel (Mitxelena), Palacios (Jauregi). Ez da oso
ohikoa.
- Gaur egun, ordea, kontrako joera dago. Grafiei dagokienez,
jakina, abizenak itzultzea oraindik ezin da eta.
Abizen bat ikertzerakoan datu hauek guziak kontutan hartu
behar dira. Bilaketan ez da bakarrik begiratuko gaur egungo
forma, izenak jaso ditzakeen gora behera ortografiko guziak
aintzat hartu beharko dira. Nolanahi ere, aldaera hauek
guziak azalekoak dira, eta miaketa genealogikoan ez dira
erranahitsuak, benetan axola duena belaunaldiz-belaunaldiko
dokumentazioa baita. Izan ere, genealogista gaixo batek
bere abizena hamaika eratan idatzita aurkitzeko esperientzia
izugarria jaso dezake: Etxeberria, Echeberría,
Echeverría, Echeberri, Echeverri, Etcheverry, Etcheberry,
Etcheberria, Etcheverry, Etxaberri, Etxaberria, Echaverria,
Echaverri, Chaberri... horretaz gain, -berri
eta -barri formen tarteko mugan bizi bazen, azaldutako
abizen zerrenda bukaezinari -barri duten formak gehitzen
ahal dizkiezue.
Azaldutako balizko adibidea da, egia da, baina ez da anitz
urruntzen errealitatetik. Hona Nevadako Iparraldeko telefono
gidatik harturiko benetako kasu bat: han aurkitu ditugu
Echevarria (11 aldiz), Echeverria (13 aldiz),
Etcheberry (3 aldiz) Etcheverria (2 aldiz),
Etcheverry (11 aldiz), Etxeberri (behin)...
Itzulpena: Iñaki Uritz
|
Itzuli gora
|
|
|
 |