 |
NOBILIARIA
Nobiliaire
- Nobiliaria - Noble -Adelig
 |
|
Nobiliariarako sarrera
Mikel Balentzegi
 |
|
|
NOBILIARIA: HISTORIAREN ZIENTZIA LAGUNTZAILEA
Historia jakintza arloak hainbat zientzi laguntzaile erabiltzen
ditu, nolaz eta Paleografia (idazki zaharrak ulertzeko),
Diplomatika (kartak, diplomak, tituluak eta bestelako agiri
juridikoak ikertzen dituena), Epigrafia (harriaren, metalaren
edo zuraren gaineko idazkiak ikertzen dituena), Sigilografia
(agiriak sinatzeko erabiltzen ziren zigiluei buruz aritzen
dena), Bexilologia (banderak eta estandarteak aztertzen
dituena), Genealogia (familien jatorria eta ahaidetasunak
aztertzen dituena) eta Zuzenbide Nobiliarioa (noblezia nola
erabili arautzen duena).
|
|
Aurrekoak osatuz, eta abizenak ikertzeari dagokionez antzeko
garrantzia daukana, Zientzia Nobiliaria, edo, besterik gabe,
Nobiliaria deiturikoa aurkitzen dugu. Noblezia ikertzen
duen eta hura jasotzeko, transmititzeko, bertan behera uzteko
eta galtzeko mekanismoak ezartzen dituen zientzia bezala
defini genezake.
Baina definizio hau osatzeko Noblezia bera definitu beharko
genuke: mota diferenteak bereizi; nola jasotzen, transmititzen
eta galtzen den ikertu; eta pertsona jakin baten baitan
noblezia badagoela baieztatzen duten auziak eta frogak aztertu.
|
 |
NOBLEZIA: DEFINIZIOA, SORRERA ETA MOTAK
Noblezia hitzaz ulertzen dugu, alde batetik, noblea izatearen
kalitatea edo izaera; eta bestaldetik, nobleen multzoa,
gizarte klase pribilegiatu bat osatzen duten heinean; eta
haiek dituzten eskumen bereziak, oinordetzako eskubideak
edo errege batek emanikoak.
Noble hitza latinezko «nobilis» hitzetik dator,
hau «notabile» (ohargarria) eta «noscibile»
(ezaguna) bitartekoa adierazten zuen, eta pertsona arima
handikoa eta sentimendu jasoetakoa agertzen zuen. Hau da
lehenengo esanahia, eta "Noblezia Morala" delakoarekin
lotzen da. Esanahi honetatik bigarren bat eratorri zen,
berriagoa, Noblezia Zibila edo Politikoa dei daitekeena,
eta gizarte estatus pribilegiatu batekin lotzen dena.
Lehen garai batean, estatus hura batbederak jasotzen zuen
(Noblezia Pertsonala): talde batek ematen zuen bere kide
baten esperientzia, jakintza eta ohituren zintzotasuna saritzeko;
ohitura on haien artean gerlako eta bakeko ekintzak sartzen
ziren. Famili klanetako nagusiak eta buruzagiak, etxeko
buruak, ahaide nagusiak eta armeriako kaboak deiturikoak
izaten ziren. Denbora joan ahala, buruzagitzak hereditario
bilakatu ziren, eta horrela sortu zen Odolezko Noblezia,
edo Noblezia Transmitigarria.
|
Itzuli
gora |
NOBLEZIA JASO ETA TRANSMITITU
Aurreko guziaren ondorioz, bi dira noblezia lortzeko bide
printzipalak, batbederaren merituak (Pribilegiozko Noblezia)
eta oinordetza (Odolezko Noblezia).
Bakoitzaren merituen artean honako hauek aipa ditzakegu:
apaizgoa (apaizek ez zuten petxarik ordaindu behar), ohorezko
kargu edo ofizioak egitea (maiordomoak, erregearen kamareroak,
kontseilariak, entzuleak, alkateak...), armak erabiltzea
(agintariak bakarrik, kapitainetik gora), letrak eta jakintza
(doktoreak, maisuak, legegizonak), tituluak jasotzea (dukea,
markesa, kondea, bizkondea, baroia eta jauna), ezkontza
(noble batekin ezkontzen zen andrea) eta beste batzuk.
Odolezko Nobleziari dagokionez, bakarrik seme-alaba legitimoei,
legitimatuei eta naturalei (ezkontzatik kanpo sortutakoak)
igarotzen ahal zitzaien. Nobleziatik kanpo gelditzen ziren
seme-alaba adoptatuak (aitaizunaren abizena eraman bazezaketen
ere) eta, jakina, seme-alaba ilegitimoak (adulteriokoak,
intzestukoak, sakrilegoak eta mantzereak), ez bazituzten
semetzat edo alabatzat berariaz onartzen, bederen.
Noblezia bat transmitigarria denentz jakiteko, zein baldintzekin
eman zen ezagutu beharra dago. Hau da, ea pertsonaren titulua
izan zen edo oinordekoentzat ere onartu zen. Kontuan hartu
behar da, gainera, tituluko noble batek bere oinordeko zuzenari
noblezia eta titulua transmititzen dizkiola, eta bere gainerako
ondorengoei titulurik gabeko noblezia.
|
NOBLEZIA BERTAN BEHERA UTZI ETA GALDU
Nahiko sinesmen hedatua da lanbide ziztrinak, behekoak
eta mekanikoak egiteak noblezia bertan behera uzten duela,
edo noblezia jasotzea eragozten duela. Baina hau ez da zuzena.
Euskaldun gehienek Noblezia edo Aitonen Semetza Unibertsala
zuten, eta hala ere baserrian edo itsasoan lan egiten zuten,
edo arotzak edo zurginak izaten ziren. Eta bestalde nobleziari
ezin zaio ukorik egin, jaiotzezkoa baita. Askoz jota dakarzkien
eskubideei eta eskumenei uko egiten ahal zitzaien.
Baina egon badaude Noblezia galtzeko hiru era: leinua desagertzea
(Odolezko Nobleziaren kasuan), erregeak atzera egitea (Pribilegiozko
Noblezia) eta hainbat delitu larri: infamia, maiestatearen
kaltea, traizioa eta heresia.
|
Itzuli
gora |
|
|
|
 |