|
Aski gauza ezaguna da toponimiak harreman estua duela anitz
abizenen jatorriarekin.
Gehienetan, toponimia ikerleak leku baten izenean arreta
jartzen du, batik-bat, honen hizkuntz edukiari kasu eginez,
toponimo bakoitzaren kokapenetik abiatzen da nahitaez, askotan
horrek izenaren azalpen zehatza ematen ahalbideratzen baitu
(Uharte, 'ur arte' da, duela mila urte baino gehiagotik,
bi erreken arteko bihurgune batean dagoen herri baten izena).
Bertzenaz erran, toponimia ikerketetan lurrari loturiko
izen batzuen hizkuntz analisia egiten da. Anitz kasutan
izen horiek oso aspaldikoak dira, eta aldaketak jaso ditzakete,
aldaketa horiek lekuan gertaturiko hizkuntz fenomenoen arabera
azaldu beharko dira.
Hala ere, toponimoa, maiz, etxeak eta herri guneak izendatzen
zituzten eta hango biztanleei ere izena ematera igaro zen;
orokorrean hitz eginez toponimoa abizentako hartu zutela
erran dezakegu. Hortik aurrera, toponimoa eta abizena forma
bera duten unetik, bi errealitateek bide diferenteak hartuko
dituzte. Toponimoak sortu zen lekuan segituko du, bertako
hizkuntza aldatzen den neurrian hura ere aldatuko baita.
Abizena, ordea, sorlekutik bereiziko da eta hura daraman
familiaren gorabeheren menpe egonen da: grafia bereziak,
lur gertutara edo urrutietara migrazioak... Gertakizun hauetaz
arduratzen da genealogia: abizenaren mugimendua, haren aldaketak...
Erran den guzia hala izanik ere, jatorri geografikoko abizena
eta toponimoa loturik egoten dira. Halako abizenak toponimo
eta leku jakin batetik heldu dira. Behar bada gaur egun
forma diferentea izanen dute eta toponimista baten laguntza
beharrezkoa izan daiteke jasoriko aldaketen berri emateko,
oso litekeena baita abizenak jaso ez dituen aldaketak toponimoak
jaso izatea, edo alderantziz. Honela Aranaz abizeneko norbaitek
pentsa lezake Nafarroako Etxarri Aranatzekin lotura egon
daitekeela, baina, behar bada, ez du pentsatuko Arantza
herriarekin lotuta egon daitekeela, horrelako da herri horren
izen ofiziala, baina mendeetan zehar Aranaz deitu izan diote,
eta segur aski handik sortu da abizena.
|
TOPONIMIA SAREAN
Ondoren hiru helbide emanen ditugu, haietan genealogistak
informazio toponimiko fidagarria jaso dezake, eta haren
ikerketarako pistak eta laguntza aurkitzen ahalko ditu.
Nafarroako Toponimia Ofiziala: http://toponimianavarra.tracasa.es/
Hemen agertzen da Nafarroako toponimia ofizial guzia, Nafarroako
Gobernuak prestaturik. Material hau Nafarroa. Toponimia
eta Kartografia bildumako 60 liburukietan ere aurki daiteke.
Hiriguneetan kokaturiko etxeen izenak falta dira, baina
bai agertzen dira hortik kanpokoak. Toponimoa hainbat euskarritan
(airetiko argazkia, kartografia tematikoa -landare motak,
katastroa-) ikusteko aukera ematen du Ver Sitna aukeraren
bitartez.
Nafarroako herrien etimologia: http://www.rutasnavarra.com/
Bertan dago Mikel Belaskoren Diccionario etimológico
de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra,
zeinean bide ematen baitzaie Nafarroako herrietako etimologien
gaineko teoria nagusiei.
Hain zuzen ere, hitz aurkibidean dago:
http://www.rutasnavarra.com/asp/asp_glos/glosario.asp
Euskal Autonomia Erkidegoa: http://www.euskadi.net/euskara/indice_e.htm
Eusko Jaurlaritzak prestaturiko Euskal Autonomia Erkidegoko
toponimia. Datu base honetan ehun mila bat toponimo jasotzen
dira.
Ipar Euskal Herrirako ez dago antzeko tresnarik. Herriko
eskualde haietan oraino ez da egin Hegoaldean egin denaren
antzeko bilketa lanik, nahiz premiazkoa baden, euskal eta
kaskoin toponimiak desagertzear baitaude. Genealogistak
Jean-Baptiste Orpustanen bi lanekin moldatu behar izanen
du: Toponymie Basque, 1990; eta Les noms de maisons
médiévales en Labourd, Basse-Navarre et Soule,
2000, Izpegi Arg.
|