Asko dira alderdi askotatik datozen ahotsak
hezkuntza moralaren berrikuste bat eskatuz jarduera hezkuntzazkoan ikuskorrago bihurtuko
duena eta era integratuan giza izaeraren alde desberdinei kontu egingo dieten
proposamenetan erroturik egongo dena. Ez da alferrik, Haurraren Eskubideei buruzko Nazio
Batuetako Konbentzioaren arabera, gure haurtzaroak eta gaztaroak duen eskubiderik
garrantzitsuenetako bat hezkuntza moralerako duen eskubidea da hain zuzen ere.
Hezkuntza morala edo baloreetan
hezitzea tresna eraginkor bihurtu behar da gure haur eta nerabeak gaituko dituena
subjektu etiko bihurtzeko, hau da, beren garapenaren egile aktibo, beren izaera heltzearen
eta gizartearen beraren eraldatzearen pertsona arduratsu. Prozesu honek eskatzen du,
bidezko kontrapartida gisa, bere eremu guztietan, eta ez bakarrik hezkuntzazkoan, helburu
hori berori burutzeko ekarpenak egiteko prest dagoen gizarte bat. Funtsezkoa da ekuazio
hezkuntzazkoaren aktore desberdin aitortuen lehiakidetza erreala sustatzea. Nola familia,
haurraren lehen hezitzaile gisa, nola hezkuntzako profesional, komunikabide, edo organismo
nazional edo nazioartekoek berek era arduratsuan lagundu behar dute giza bizikidetza
sostengatzen duten baloreetan oinarrituriko hezkuntza moral bat zehazten. Beraz, gainditu
beharreko lehen oztopoetako bat da praktikaezina dela aitortzera daramana bai sotto
voce, edo egiteen bidez sinesten direla esaten deneko baloreak zehaztu beharko
lituzkeen kontsentsua. Kontsentsu hori, bitxia badirudi ere, egile horien berorien arabera
bizikidetza zibilizatuaren oinarrizko osagai dena.
Zinez aitortu beharra dago hezkuntza moralak gure
hezkuntza-sisteman izan behar duen tokia zama historiko eta belaunaldietakoak
gainditzearen baitan ere badagoela, zeinek eraman baitute hezkuntza morala kontzebitzera
edo arbuiatzera doktrinatze (zibiko edo erlijioso) huts gisa, erlijioaren ordezko
diziplina, edo kortse moralizatzaile gisara. Irudi estereotipatu horiek nagusi diren
bitartean ez da harritzekoa etikak edo hezkuntza moralak ozta-ozta aurrera egitea gaur
errealki existitzen den kurrikuluan.
Aldi berean, gertakari ziurra dirudi, praktikan, gure
hezkuntza-sisteman eduki akademikoak nagusi direla etikoen kaltetan, moralki ona denaren
ezagutze hutsa gainditzeko gai diren metodoak artikulatu gabe. Emandako informazio
etikoaren parte handi bat antzua gertatzen da teorien aurkezpenetik haratago ez doalako.
Beste parte bat kaltegarria gertatzen da, zeren joera eta desira primarioenei barrenean
onarpena ematera mugatzen baita. Gainera, ez dira ugari eta ez dira bultzatzen ahalegin
berritzaileak, praktika hezitzailen uztartzen dituztenak jarduteko nahiumena, baloreak,
sentimenduak eta zorroztasun intelektuala. Sentsibilizazio-teknikek berek ez dute lortzen
aldaketak eragitea pentsatu, sentitu eta jarduteko eretan. Beharrezko da, beraz, marko
kontzeptuzko bat eta metodologia bat asmo onak ekintza on bihurtzea ahalbidetuko
dituztenak.
Horrek guztiak egiten du gure hezkuntza-sistema babesgabe
agertzea, edota neutral bere buru aitortzea, zuzenean edo zeharka afektatzen duten
gertakari sozialen aurrean: bortxakeria areagotzea oro har; eskola-diziplina eza gehitzea;
ikastetxeen zuzkidura materialean desberdintasunak izatea; irakasleriaren egonkortasun eza
eta prekarietatea; gorabehera handiagoak belaunaldiarteko eta kulturarteko elkarrizketan;
bikoteen hausturen ugaltzea; anorexia edo depresioaren gisako psikopatologia emozionalen
areagotzea; arrazakeria eta fanatismo erlijiosoaren hedatzea jarrera materialista eta
kontsumismo arduragabeko jarreren presentzia handiagoa. Errealitate honek planteatzen
dituen eskari hezkuntzazkoez haratago, ez da ahaztu behar, gainera, globalizazioak berekin
dakartzala arazo nobedadetsuak hezkuntza mailako eskakizun saihestezinekin:
dibertsitatearekiko arreta, kulturaniztasuna eta abar.
* * *
Baháulláh, Fede baháíaren sortzaileak,
giza izatasuna ikuspegi espiritual batetik kontsideratzera gonbidatzen du, zeinean
pertsonaren duintasuna eta bizitza honetan duen betekizunaren zentzua berresteaz gainera,
azpimarratu egiten baitira hezkuntzaren eta gizateria bere osoan harturik duen etekinaren
arteko lokarri estuak:
Gizakia da Talisman gorena. Hala ere,
hezkuntza egoki baten gabeziak bere baitan daukanaz gabetu du. Jainkoaren ahotiko hitz
baten bidez izatera deitua izan zen; beste hitz baten bidez bere hezkuntzaren Iturria
ezagutzera gidatua izan zen; eta beste hitz bat gehiagoren bidez babesturik geratu ziren
haren geltokia eta helmuga. Izaki Handiak dio: Kontsidera ezazu gizakia balio
preziagaitzeko harribitxien meatze gisa. Hezkuntzak bakarrik jar ditzake agerian haren
altxorrak eta gizateria haietaz baliatzea ahalbidetu.
Baháí Komunitateak kontsideratzen du gizakiaren dimentsio
espirituala oinarrizkoa dela eta bai haren gaitasun fisikoek eta bai arrazionalek
gizateriak metaturiko ideal goitarren emari eskerga adierazi behar dutela.
Abdul-Baháren hitzetan, erlijioaren asmoa da "etorkizuneko bizitzan
zoriontasuna eta honetan izaeraren errefinamendua" lortzea. Beraz, hezkuntzaren
helburu nagusia da jarreak eta praktikak elikatzea giza ahalmenak jaregin eta pertsonei
aukera emateko ez bakarrik garapen tekniko-profesional maila handiago bat lortzeko, baizik
eta ulertzeko nor garen, zer helburutarako existitzen garen eta, zer printzipiok arautu
behar dituzten gure bizitzak, zeren izatea eta egitea pertsonaren dimentsio bereizezinak
baitira. Galdera hauek ezinbestean doaz gizonezko eta emakumezkoekin haien bizitzan zehar
eta horiei nola zientziak hala erlijioak, bakoitzak bere berezitasunarekin eta bata
bestearekiko elkarrizketan, erantzun egokiak ematearen betebeharra dute. Ez dago erabat
moraltzat jo daitekeen hezkuntzarik egonkortasun emozional handiago bat eta gizateria oro
har harturik ongizatea emateko benetako gaitasuna ematen ez baditu.
Planteamendu horren arabera, hezkuntzak gaitu egin behar ditu
gure haurrak eta, izatez, pertsona guztiak (hezkuntza iraunkorra) kontzientzia edo
bereizmen moralak gara ditzaten, zeinek pixkanaka aukera emango baitie gizaki guztiok
partekatzen ditugun baloreak. Beraz, gure neska-mutikoak beren izaera espiritual
propioaren, bizitzan duten asmoaren eta ongi komunari egin behar dioten ekarpenaren
ulerkuntza argi bat lortzea ahalbidetuko duen gaitze bat izan behar du. Prestakuntza
morala bereizi behar da era berean belaunaldi berriek beren bizimodu propioa
planifikatzeko ahalmenaz eta beren bizi-estiloa interes propioetara egokitzen dela eta
besteenekin harmonizatzen dela sentitu behar dute. Konbikzio, konfiantza pertsonal eta
askatasun-zentzu arduratsu horiek ez dago pertsonei ezartzerik, ezta halabeharraren baitan
uzterik ere.
Ez da aski printzipio onak aldarrikatzea, baizik eta
hezkuntza-sektore guztien artean bitartekoak eta estrategia praktikoak bideratu behar dira
gure haurrei beren bizitzetan txertatzen lagunduko dizkietenak eta haien
prestakuntza-zikloan eraginkortasunez lantzen. Hezkuntzak gure haur eta nerabeei beren
eskubide eta erantzukizunez jabeturik hazten lagunduko dietenak izan behar dute, beren
helburu propioaren egilea izan daitezen eta izaki autonomo eta teknikoki kualifikatu bihur
daitezen; kontsumitzaile kontziente izaten lagundu behar die, beren ingurune
naturalarekiko pertsona begirunetsu izaten, adiskidetze eta elkarrizketa-espirituaren
ezaugarria dutenak. Hitz batean, munduko hiritar gizartearen eraldakuntzarekin
konprometituak eta sufritzen dutenekin eta ez kasualitatez aukera horiek berak ez
dituztenekiko solidario.
Pertsonaren eta gizartearen arteko erlazio guztiz estuaren
ondorio gisa, beharrezkoa da hezkuntza moraleko egitarauek eraldatze-prozesu banako eta
kolektiboak bultzatzea, halako moldez, non haur bakoitzak kontzeptuak, baloreak, jarrerak
eta trebetasunak garatu ahal izango dituen, erabakiak hartu eta giza elkarrekintzan sormen
eta elkarlaneko jarraibideak destolesteko aukerak emanez. Prozesu bikoitz horretako osagai
nagusiak izango dira, adibidez, gizakien bataasun eta elkardependentziaren kontzientzia
garatzea, kultura-dibertsitatea prezatzea, gizaki bakoitzaren potentziala ezinbestekoa
delakoaren hautemapena zibilizazioa aurrerantz eramateko etengabeko aurrerabidean, eta
zibismo eta zerbitzu komunitarioko zentzu indartsu baten garapena, gizateriaren premiei
erantzuna emango diena.
Pertsonaren garapen morala eta gizakiaren dimentsio espirituala
lantzearen arteko harreman estuak ezinbesteko bihurtzen du eskola begiratoki pribilegiatu
gisa eskaintzea, hartatik giza ahaleginaren fruitu historikoetara sarbidea izateko haien
kulturen aberastasun eta askotarikotasun betean. Ildo horretatik, bultzatu beharko
litzateke gure neska eta mutikoek gizateriaren ondare espiritual eta erlijiosoa balioets
eta preza dezaten, munduko erlijio handien monumentu literario eta erlijiosoak ezagut eta
preza ditzatela, eta uler dezatela kulturarteko eta erlijioarteko elkarrrizketaren
dinamika, izan ere horretara bideraturik baitago gure planeta. Ezagutzarik gabeko
tolerantzia beste ezer baino areago da axolagabekeria. Gehiago oraindik, giza baloreak ez
dago ulertzerik historiaz eta gaur egunko errealitateak hartzen duen kulturarteko eta
erlijioarteko dimentsioaz kanpo. Eginkizun zibilizatzaile horrek bere baitan dituen
erronketarako gure seme-alabak prestatzea bakegintzaren eta giza arazoen planetizazioaren
oinarrizko atala da.